Urteak daramatza Benantxi Eizagirre Egigurenek (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1947) oholtzara igo gabe; hala ere, goxotasun handiz oroitu ditu Erlak taldean aritu zen urteak. 1968an hasi eta bost urtez igaro zituen Euskal Herriko ehunka plaza, Lourdes Agirregomezkortarekin batera; baita Aljeriakoren bat edo beste ere.
Gerraostearen eta frankismoaren gordintasunean jaio zinen. Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Pasai Donibanen jaio nintzen, bost anai-arrebako familia batean. Aita arrantzalea genuen, eta gurea herri txikia zen. Falta sumatu genuen; hala ere, nire haurtzaroa oso ona izan zen, zoriontsuak ginen.
Nire etxean beti euskaraz egin da. Herrian, umetan, ia beti denok euskaraz egiten genuen; heldu askok ez zekiten erdaraz. Pasai Donibanen debekua ez zen hain agerikoa kalean; eskolan, bestalde, mutilak eta neskak bi pisu desberdinetan egoten ginen. Mutilek Cara al Sol abesten zuten; guk ez. Beraz, neurriak leunagoak ziren gurean, Pasai Donibane herri txikia izateagatik, akaso.
«Askok egiten genituen protesta kantuak, baina musikari askoz ez gara gogoratzen, ez zutelako diskorik argitaratu»
Zein da kantugintzako zure lehen oroitzapena?
Gure etxean beti asko kantatu izan da. Nire aitaren familian eta gure familian denok asko kantatu izan dugu, eta kantatzen jarraitzen dugu. Kostaldeko familiek asko abestu izan dugu betidanik. Horren seinale dira igandeetako kantujirak; ia hilero egiten dituzte oraindik ere.
Nola ezagutu zenuten elkar Lourdes Agirregomezkortak eta biok?
Ezagutu, lehendik ezagutzen genuen elkar, nire ahizpen laguna zelako; gainera, herriko gazte guztiak talde berean geunden. 13 urtekoa ere, adibidez, ezkontzear zenarekin elkartzen zen talde berean. Herrian egiten genituen harremanak. Gauero-gauero gazte kuadrillak taberna batera kafea hartzera ateratzen ginen, hizketan aritzen ginen, eta 23:30ean etxeratzen ginen.
Hala ere, Erlak nahi gabe hasi zen. Pasai Donibanen, herriko gazteak parrokiaren lokalean elkartzen ginen. Herritar batzuei asko gustatzen zitzaien kultur egitasmoak antolatzea. Gazteen artean ere antolatzeko ohitura zegoen; koruan aritzen ginen, adibidez. Egun batean, mutil bati despedida prestatu genion, bakailao bila baitzihoan baporean. Despedidarako antzerki bat ere prestatu zuten; eta nire ahizpak —nahiko saltseroa zen— bere lagunarekin batera abestuko nuela esan zuen, Lourdesekin batera. Horrela hasi nintzen abesten, bestela ni ez nintzatekeelako hasiko; horrelako gauzak ez ditut inoiz gustuko izan. Ondoren, Alegian festetako txapelketa batean kantatu genuen; irabazi egin genuen, eta jarraitu.
Erlak izena nondik dator?
Arrain bat da: erla. Kostakoak ginenez, batek hala galdetu zigun: «Zergatik ez Erlak jarri?»; eta guk baietz.
«Herri batera abestera joatean, hitzak gobernu zibilera eraman behar ziren, eta zentsuratik pasatu»
Zer datorkizu burura Alegia herria entzutean?
Ez genekien zer geltokitan jaitsi behar genuen ere; trena hartu eta Alegiaraino joan ginen gu. Jende asko ari zen kantatzen, eta guk irabazi genuen. Hortik aurrera hasi ginen txoko askotan abesten; herri askotatik deitzen ziguten. Amonatxo eta Kennedy abestu genituen Alegian; dena dela, txapelketa izanagatik, askatasun handia izan genuen abestiekin. Izan ere, herri batera abestera joatean, hitzak gobernu zibilera eraman behar ziren, eta zentsura pasatu. Egia da han aurkezteko hitzak moldatu egiten genituela, baina ondoren nahi genuen modura abesten genituela. Abestiak bidaltzean, zatiren bat aldatzeko esan zezaketen, baita abesti osoa argitaratu ez zedin agindu ere. Kantu guztiekin egin behar izaten zen prozesu hori.
Nola hartzen zenituzten atzerriko doinuak?
Herri musika entzuten zen gehienbat. Denok genuen urte mordoa zuen kantu liburuxka bana, eta horrekin hasten ginen kantuan. Gure etxeko ahizpa guztiak hasi ginen hala; mutilak, gutxiago. Hala ere, bakoitzak estilo bat zuen, eta niri beti gustatu izan zait herri musika; ez hemengoa bakarrik, beste herrietakoa ere bai. Musika klasikoa ere gustatu izan zait. Horrez gain, musika jaialdi asko egiten ziren Euskal Herrian, baina horietan ez zen atzerriko musika entzuten, kantautoreak baizik. Beraz, guk ere ez genuen txertatzen kanpoko musika gurean.
Zuek ere aritzen zineten doinuak eta hitzak egiten?
Hitzak Lourdesen osabak egiten zituen, poesiaz eta musikaz bazekien eta. Hark egiten zituen musika eta hitzak; guztiak dira harenak. Amonatxo, adibidez, Lourdesen osabak amari idatzi zion; mantala bere amak izaten zuen moduan deskribatzen du. Egia da hasieran modan zegoen musika euskaratzen aritzen ginela, eta hori guk egiten genuen.
Bigarren diskoa atera nahi izan zenuten?
Bai, grabatzear izan ginen, baina ez dakit zergatik ez zuen aurrera egin.
BERRIAko erreportaje batean «oso protestanteak» zinetela aitortu zenuten. Eta orain?
Orduan oso protestanteak ginen, baina, oraingo testuingurutik begiratuta, ez dauka zerikusirik. Gu beti izan gara oso inkonformistak. Gaur egun ere jarraitzen dugu inkonformistak izaten, ahal den moduan, behintzat.
Orduan jende asko joaten zen mendira, gu ere bai; ez genuen dirurik. Plazako dantzekin batera, harremanak egiteko modua bihurtu zen mendira joatea; baita antolatzeko modua ere. Urtean behin, juntadizo antzeko batean, Aizkorrin elkartzen ginen gazte asko; ezkerreko gazte abertzale asko. Protestarako modu bat izaten zen. Elkar ezagutzeko modua bihurtu zen, han ezagututakoekin ondoren plazara jaisten ginelako. Senarra horrela ezagutu nuen nik, mendira bideko trenean.
«Aizkorrin elkartzen ginen gazte asko; ezkerreko gazte abertzale asko. Protestarako modu bat izaten zen»
Bi emakume, protesta eta euskara zeneramatzaten oholtzara. Nola erreakzionatzen zuen publikoak zuekin?
Kantatzera joaten ginen bakoitzean oso urduri jartzen nintzen, gaizki pasatzen nuen; inoiz ez zait gustatu izan publikoan kantatzea. Oraindik ere oso urduri jartzen naiz. Hala ere, emakume izateak ez dit mugarik sortu. Etxean lau ahizpa izan gara, eta gure etxean askatasun handia izan dugu beti. Herri eta plaza askotan izan ginen, eta festa guzti-guztietan publikoak dena ematen zuen; ez baitzegoen beste eskaintzarik, hori bakarrik. Gainera, gu inoiz ez ginen izan oso divak, eta gurekin batera eramaten genituen ahizpak eta lagunak. Beraz, abesteko eta harremanak egiteko modu bat bilakatu zen. Gu Zizurkilera, adibidez, festa guztietara etortzen ginen; goizean jotzen genuen, bazkaldu, eta arratsaldean jarraitu. Hala ere, plaza guztiak izan dira bereziak.
Herri bakoitzean kontzertu txikiak egoten ziren, oraingoak baino txikiagoak; hain zuzen, askok egiten genituen protesta kantuak, baina musikari askoz ez gara gogoratzen, ez zutelako diskorik argitaratu.
Plazan bakarrik aritu zineten?
Ez. Irratian ere abestu genuen bizpahiru aldiz. Irratian musika asko entzuten zen orduan, elkarrizketak baino gehiago akaso. Loiola irratian, adibidez, Joxe Mari Iriondok asko egin zuen euskal musikaren alde. Denetariko musika jartzen zuten, baita euskalduna ere, orain baino pixka bat gehiago. Euskaraz abesten genuenen arteko lehiaketak ere antolatzen zituzten. Hainbat abeslari aurkeztu eta puntu gehien lortzen zituenak irabazten zuen.
Garai horietan jendearen indarrak garrantzi handia izan zuen; jaialdi bat ez da egiten jendeak horretan indarra jartzen ez badu.
Atzerrian ere egon zineten.
Aljerian, bai. Apaiz bat ezagutu genuen, eta hara kantatzera joango ote ginen galdetu zigun. Baporean joan ginen. Baina, noski, pasaportea behar genuen emakume izateagatik, eta hura lortzeko gizarte zerbitzuak egin behar ziren. Horretarako, Donostiara joan behar zen, eta urtebete pasatu Falangeko emakumeekin. Doktrinamendu hutsa zen. Ez geunden horretarako prest, eta, horren ordez, bidaiatik bueltan zerbitzua egingo genuela zin egin behar izan genuen. Zin egin bai, baina, noski, gero ez genuen egin.
Hango uda bukatu berritan iritsi ginen, eta berez ez zegoen ezer; halere, oso bidaia polita izan zen. Telebistan eta beste hiruzpalau tokitan abestu genuen. Publikoa, gainera, hangoa zen; atera kontuak: ez ziguten ezer ulertzen, baina berdin izan zuen, dena ematen baitzuten bestela ere.
Zergatik utzi zenioten musika egiteari?
Ni ezkondu egin nintzen, eta Villabona-Amasara etorri nintzen bizitzera. Noski, entseatzeko oso zail geneukan; astean hiruzpalau aldiz egin behar izaten genituen saioak, eta, distantziagatik, oso zaila genuen. Pasaiatik Zizurkileraino iristeko, bien artean genuen tren geltoki kopuruarekin neurtzen genuen distantzia, eta ez ziren geltoki gutxi. Gainera, orduan ez genuen ez kotxerik, ezta gidabaimenik ere. Beraz, bat edo beste aukeratu behar izan nuen.
«Erlak-en gauza oso politak ikasi nituen; jende eta gauza berri asko ezagutu nituen»
Ordu hartan gidabaimena izatea gustatuko zitzaizukeen?
Orduan, emakume izanda, gidabaimena ateratzeko ere gizarte zerbitzuak egin behar ziren. Nik ez nuen nahi; tira, inork ez zuen nahi, eta ez genuen egiten. Beraz, hori egiten ez bazenuen, ezin zenuen gidabaimena atera. Hala ere, geroago atera nuen, eta ez dut erabili; azterketaren aldian bakarrik hartu nuen kotxea, atera kontuak!
Gainerakoan, zertan aritu izan zara lanean?
Ni beti aritu izan naiz lanean. Abestea beti izan zen afizio bat; hortik gutxi jasotzen genuen. Bidaia eta bazkaria ordaintzen zizkiguten; euskararen aldeko militantzia zen, finean. Ikasten ere aritu nintzen; zeren eta, haur eskolan lanean aritzeko ikasketak behar nituen. Astean behin Arrasatera joaten ginen. Villabona-Amasan bizitzera joatean, haur eskolan hasi nintzen lanean, eta 32 urtez aritu naiz bertan, duela hamabost urte arte. Lehenengo urteak oso desberdinak izaten ziren; familia baten moduan aritzen ginen. Handituz joan zen heinean, beste molde bat hartu zuen.
Kantuan jarraitzen duzu?
Bai, baina etxean eta lagunartean bakarrik. Oso gertuko harremana dut oraindik musikarekin. Nire alaba abeslaria izandakoa da, musika talde bat izan zuen. Gainera, oraindik ere familian asko abesten dugu. Hala ere, ez dut uste berriz ere lehengora itzuliko nintzatekeenik, nire izaera dela eta. Erlak-en gauza oso politak ikasi nituen, jende eta gauza berri asko ezagutu nituen.