Haurtzaroko bide xaloa ibili ondoren, bidegurutze batekin topo egiten dute nerabeek. Zutoin altu bat, hainbat kartel dituena: «etorkizuna» letra handiz idatzita. Hortik aurrera, hainbat bidexka irekitzen dira gazteen begi harrituen aurrean: dirua, lanbidea, familia. Zalantzaz jositako ibilbide horretan, ez dago kantatzea eta dantzatzea beste aukerarik, eta Alaitz ikastetxeko arte eszenikoetako eta musika arloko batxilergoko ikasleek En plan…nerabe ikuskizun musikala aurkeztu zuten atzo, Barañaingo auditoriumean (Nafarroa).
«Krispetak salgai, gurinarekin eta gatzarekin». Agertokian abiatu ordez, obra eserlekuen artean hasi da, hortik atera baitira bi krispeta saltzaile. Zenbait ikasleren marmarrek eta irriek hartu dute aretoa saltzaileak ondotik pasatu zaizkienean; antzezleen lagunak dira. Saltzaileetako bat korridorean zehar doa, bere rola interpretatuz, ikusleen artean aurpegi ezagun bat ikusi duen arte: «Amatxi!», oihu egin du, eta senidea estuki besarkatu. Krispeta saltzailea biloba bilakatu da segundo batzuez.
Obra zenbait esketxetan banatuta dago, nerabeen kezka nagusien arabera. «A zer garai zaila den nerabezaroa», egin du hasperen Zuriñek. Institutuko bere lehen eguna kontatu du, aldaketaz josia: lehendabiziko hilekoa, maitasunaren zirrara, baita ustekabeko mozkorraldia ere. Ziurgabetasunaren bidean gertu izango duen zerbait agertu da orduan, kalimotxoa, ikusleen irriek lagunduta. Estutasuna gehiegizkoa bihurtu zaienean, hitzekin mintzatu beharrean, kantuen bidez mintzatu dira: Queen, Madonna eta Katamaloren doinuak erabilita baina hitzak aldatuta, euren bizipenak islatu dituzte nerabeek.
Testigantzak abiapuntu
«Eskuak altxatu /mugikorra atera /selfie bat atera», kantatu dute antzezleek, eta publikoaren parte hartzea ere sustatu dute; sakelakoak eskuan zituztela egin dute dantza. Umorez tratatu dituzte gai korapilatsuak: sare sozialen gehiegizko erabilera, alkoholarekiko dependentzia, eta pairatzen duten presio estetikoa, besteak beste. Gainera, obrari oinarri sendoa emateko, gazteek aurretik grabatutako bideo batzuk agertu dira pantaila handi batean, gazteen zalantzak islatzen dituztenak.

Benetako euskarri horiek «ezinbestekoak» direla adierazi du Ismael Yague Alaitz ikastetxeko irakasleak: «Ikasleei eskatu genien nerabezaroaren inguruan zituzten hitzak botatzeko, eta horiekin sortu dute antzezlana». Ispiluan harrapatuta dagoen pertsona maskaratuak protagonistari «itsusia», «zaborra» eta halako hitzak botatzen dizkio; pisutsuak, samingarriak. Eta, horren ondoan, ikasleekin grabatutako bideo bat: «Zein da zuen intseguritate nagusia?», eta hiru gaztek erantzun dute: «Nire gorputza».
«Nerabe izatea batzuetan gehiegi sentitzea da», ondorioztatu du pertsonaietako batek. Azkeneko dantza gazte guztiek beren burua lurrean botata amaitu dute, nekatuta. Yaguek «liberaziotzat» jo du publikoaren txaloak jasotzean sumatutakoa. Maiatzaren 9an Burlatako kultur etxean (Nafarroa) egingo duten saioa du orain buruan.