ATZEKOZ AURRERA. Ibai Aizpurua. Bideojoko garatzailea

«Bideojokoetan euskararen presentzia handitu nahi dugu»

Euskal Game Jam maratoia egingo dute azaroaren 17an, Bilbon. Sortzaileek 48 ordu izango dituzte euskarazko bideojokoak sortzeko. Euskal bideojokoen sortzaileak biltzeko «abagunea» da, Aizpuruaren ustez.

GORKA RUBIO / FOKU.
urko iridoy alzelai
Irun
2023ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

Arte Ederrak ikasi arren, bideojokoen sorkuntza munduan bukatu du Ibai Aizpuruak (Irun, Gipuzkoa, 1985). Zomorro Studioren zuzendaria da, bideojokoen garapena lantzen duen estudioarena. Azaroaren 17an hasi eta 19an bukatuko da Euskal Game Jam maratoia, eta haren antolatzaileetako bat da irundarra. Bideojokoen sorkuntzan euskara sustatzeko egitasmoa izango da, Game Erauntsia elkarteak, Aizpuruak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin antolatua.

Zer da Game Jam bat?

Funtsean, Game Jam bat bideojokoen maratoi bat da. Jamaren hasieran, gai bat ematen da, eta parte hartzaileek ordu edo egun jakin batzuk izaten dituzte jokoa osatzeko. Jokoan aritu baino gehiago, prototipoak egiten dira. Jokoak dastatzeko aukera bat da Game Jama.

Aste bateko epea, adibidez?

Izan daiteke, baina48 eta 72 ordu bitartekoak izaten dira normalki, eta nagusiki asteburuetan, jende gehiagok parte hartzeko. Bi orduko Game Jamak ere ikusi ditut nik.

Bi orduan bideojoko bat osatu daiteke, ala?

Zerbait egin daiteke, bai. Baina oso desberdina da bakarrik edo taldean parte hartzea.

Beraz, zuek Euskal Game Jamean planteatutako formatuan, 48 orduan, lan garatuak ikusiko dira?

Bai, bi egunetan denbora ematen du prototipo garatu bat egiteko. Pantaila ezberdinak egin daitezke, eta jokoaren zenbait arlo garatu, musika eta gidoiak adibidez. Euskal Game Jam maratoia azaroaren 17an hasiko da, 18:00etan, eta handik 48 ordura bukatu. Online egiteko aukera egongo da, baina, fisikoki, Bilboko Bizkaia aretoan egingo dugu.

Noiz aurkeztuko duzue gaia?

Jama hasten den momentuan.

Zuk parte hartuko duzu?

Bertan ibiliko naiz, bai.

Ondoren, maratoian egindako jokoak probatu ahalko dira?

Bai, itch.io webgunean jarriko ditugu eskuragai.

Zer jakintza eduki behar du bideojoko garatzaile batek?

Normalki, egia da jokoak taldean egiten direla; beraz, taldekide bakoitzak jakintza ezberdinak edukitzen ditu. Garrantzitsuena programazioa da. Bestalde, diseinatzaile, soinu teknikari eta gidoilari lanak egin behar dira, adibidez.

Eta joko batean, zer ezaugarri da ezinbestekoa?

Gaur egun, jokoak begietatik sartzen zaizkigu. Baina horrek ez du esan nahi joko onak izango direnik. Gustu asko daude, eta bideojoko anitz ere bai. Polita, interesgarria, ez zaila eta ez erraza... Ezaugarri asko daude.

Arte baten ezaugarriak deskribatzen dituzu ia. Arte bat dira bideojokoak?

Noski. Kontrako iritzia duena atzean gelditu da, nik uste. Bere garaian zinema gaizki ikusita egon zen, eta badakigu gaur egun zeinen garrantzitsua den artean.

Ba al du mugarik bideojoko batek?

Muga fisikoez gain, uste dut ezetz. Lan asko dago oraindik egiteko. Bilakaera handia izan dute bideojokoek: lehen, gauza industrial eta komertzialak ziren, eta orain, lan artistiko bihurtu dira.

Hurrengo astean egingo duzuen Game Jama oso-osorik euskaraz garatuko duzue, ezta?

Bai. Euskal Game Jamaren helburu nagusietako bat da euskararen presentzia indartzea. Egitasmoaren bidez, euskal bideojokoen sortzaileak elkartzeko helburu argia dugu. Finean, azken urteetan Euskal Herrian egindako Game Jam batzuetan garatzaile euskaldunen komunitate txiki bat sortu da, eta, horregatik, badakigu badagoela jendea.

Euskara muga da bideojoko bat egiteko orduan?

Egiteko orduan ez, baina saltzean bai. Bideojokoa soilik euskaraz egiten baduzu, argi dago zure bezeroen zirkulua txikituz joaten zarela. Baina jokoak egitean zenbait hizkuntza sartzeko aukera dugu, beraz, zergatik ez dugu euskara txertatuko gure lanetan?

Lehiakortasuna badago Game Jam batean?

Lanak epaitu egiten dira, baina hori ez da Game Jamaren helburua; lehiakortasuna ez da ezaugarri nagusi bat parte hartzaileen artean. Ohikoa da jendea besteak laguntzen ikustea, eta hori da helburua: jendea ezagutzea eta elkarren artean ikastea.

Zuk zer nahiago duzu, jolastea ala sortzea?

Nik egindako joko batean aritzeak emozio handia sortzen dit. Galdera zaila da, baina biak aukeratu beharrean naiz.

Bideojokoen sortzaileei begira, adimen artifiziala laguna ala kezka iturria da?

Uste dut behartuak gaudela laguntzaile moduan hartzera. Aurrera goaz, eta, atzean gelditzen bagara, ez dugu ezer lortuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.