Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Konpartsek poliziaren indarkeria eta udalaren jarrera salatu dituzte

Konpartsek nabarmendu dute udalaren jazarpenaren atzean haien jai ereduaren aurkako estrategia politikoa dagoela

Aburto, lehiaketan; atzean, konpartsen pankarta. A. LOIOLA / FOKU.
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Bilboko Konpartsek poliziaren «indarkeria» eta udalaren jokabidea salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo. Bilboko jaietako lehiaketa gastronomikoan egin zuten protesta, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen aurrean.

Aste Nagusiko lehen egunean suziriaren aurretik gertatutakoa salatu zuten. Izan ere, azaldu dutenez, txupinera, pregoilaria eta Jai Batzordea Arriaga antzokira sartzekotan zirela, poliziek konpartsetako kideen motxilak arakatu eta suziriak bahitu zizkieten. Gehitu zutenez, Jai Batzordeko bi kidek kanpoan geratu behar izan zuten, eta, ondorioz, «tentsio poliziala» sortu zen.

Hurrengo goizean gertatutakoa ere gaitzetsi zuten. Azaldu zutenaren arabera, Bilboko Udalak «abisatu gabe» kendu zituen federazioak kale saltzaileen zein euskararen alde eta erasoen aurka jarritako pankartak. Gertaera hori Bilboko eragile sozialen adierazpen askatasunaren kontrako «eraso larritzat» jo dute konpartsek. Horrez gain, gehitu dute goiz hartan bertan SOS Arrazakeria elkarteak adierazi ziela udaltzaingoak kaleko bi saltzaileri lan tresnak kendu zizkiela.

Igande gauean, udaltzainen «bortizkeriaren dimentsio berri bat» pairatu zutela salatu zuten. Azaldu zutenez, federazioaren parte den Kranba txosnaren kanpoko aldean «bi mozkor» txiza egiten ikusi zituzten. Konpartsakide batzuk haiengana joan ziren txosnak errespeta zitzatela eskatzeko. Konpartsakideek egindako eskaeraren aurrean, «oldartu» egin zitzaizkien bi lagunak, eta mehatxatu zituzten. Mehatxugileetako batek bere burua zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen, eta segituan, 30 udaltzain inguruk konpartsakideak inguratu eta identifikatu zituzten. Konpartsakideen abokatua heldu zenean, hura identifikatu zuten, eta ez zioten konpartsakideengana gerturatzen utzi. «Jazarpen horien atzean jai eredu herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunaren aurkako estrategia politiko jakin bat ezkutatzen da».

Aburtok, komunikabideei egindako adierazpenetan, «errespetua» eskatu zuen, eta adierazi zuen polizia «zerbitzu publikoa» dela eta kalean jarraituko duela. Elkarretaratutakoei eskatu zien hausnartzeko ea bilbotarrak nork ordezkatzen dituen eta nork ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.