Biluztu dira lepoak

Gorbatak gero eta gutxiago erabiltzen dira. Eguneroko apaingarri ziren orain dela hamarkada batzuk, eta ogibide eta ekitaldi jakin batzuetan bakarrik erabiltzen dira orain. Hala ere, berrinterpretatu daitezke, eta berrerabili.

Gorbatak Eibarko Corte Ingles merkataritza gunean, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gorbatak Eibarko Corte Ingles merkataritza gunean, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
amaia igartua aristondo
2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da estaldura hutsa, hotzak, pudoreak edo bestelako beharrek bultzatuta erabiltzen den geruza soila; eta ez da fribolitatea ere, apaintzeko baino balio ez duen ehun sorta hutsala. Kontrara, moda nortasunaren isla da: banakoaren identitateak eta, are, aldarteak baldintzatzen dute, baita gizartearen ohitura eta kode aldaketek ere. Moda moldagarria da, eta ziklikoa. Beraz, ezinbestekoak ziruditen jantzi batzuk bazterreko bilaka daitezke halako batean. Hori gertatu da, hain zuzen, gorbatekin. Espainiako INE estatistika institutuak KPIaren erosketa saskia egokitu du berriki, eta zerrendatik kanpo laga ditu, beste apaingarri batzuekin batera.

Azken hamarkadetan gorbaten salmenta «asko» jaitsi dela igarri dute Bilboko Gerardo gizonezkoen arropa dendan. Gerardo Pedrosa arduradunaren berbetan, begi bistakoa da bilakaera bat egon dela janzteko maneran, eta gorbata toki barik geratu da gailendu den estiloan. «Gero eta gehiagotan, jendeak eroso ibili nahi du, eta gorbata deserosotzat jotzen dute —nahiz eta ez duen zertan hala izan—, eta zurruntasunarekin lotu».

«Lehen gorbata janzten zuten profesional askok jada ez dute erabiltzen: adibidez, bankuko sukurtsaletako zuzendariek»

GERARDO PEDROSA Bilboko Gerardo dendako arduraduna

Oso bestelakoa zen orain dela hogei urteko paradigma. Gorbataren erabilera orokortuago zegoen, oroitu duenez, eta eguneroko osagarri bat zen gizon askorentzat. «Beharbada, ondo janztearekin zerikusia zeukalako: norbaitek egoera hobea zuenean edo ordaindu zezakeenean, gorbata erabiltzen zuen; estatus sinbolo bat zen». Gaur egun, ordea, ogibide jakin batzuetan baino ez zaio eutsi: abokatuek, notarioek, arkitektoek eta enpresen jabeek eta zuzendariek soineratu ohi dute, Pedrosak zerrendatu duenez, eta, sarritan, laneko hitzordu jakin batzuetarako baino ez. «Lehen janzten zuten profesional askok jada ez dute erabiltzen: adibidez, bankuko sukurtsaletako zuzendariek». Lanbide horietatik aparte, gorbata ekitaldi gutxi batzuetan ikus daiteke jada: bataioetan, jaunartzeetan, ezkontzetan eta hiletetan, nagusiki. «Eta senidetasun graduari erreparatu beharko litzaioke: seguruenik, elizako 25. ilaran ez du ia inork eramango», ñabartu du Pedrosak, umorez.

Maria Uranga irudi aholkulariaren ustez, gaur-gaurkoz norberaren erabakia da gorbataren alde egitea edo ez. «Lehen, derrigorrez eraman beharreko osagarri bat zen, eta orain komunikatzen duen tresna bat bihurtu da: definitu beharrean zein postu hierarkiko daukazun, proiektatu nahi duzun mezua indartzen du». Izan ere, gorbata ez da apaingarri huts bat, «kode bisual bat» baizik. «Beti lotu izan dugu mezu jakin batekin: ordena adierazten du, foku bat da, linealtasun handia txertatzen dio look bati, eta formaltasuna transmititu izan du, profesionaltasuna, autoritatea; errespetu sinbolo bat izan da». Hala ere, gorbata «berrinterpretatzen» ari dela iruditzen zaio: berezkoa duen zurruntasun hori apaldu egin daiteke testura eta kolore jakin batzuk aukeratuta, edo korapiloaren forma aldatuta janzkera alternatiboagoak eta irudimentsuagoak osatzeko.

Aldarrikapen sinboloa

Dena den, badirudi gorbatak daborduko erabat galdu duela behialako funtzio praktikoa. Jatorrian, kokotean lotutako oihalak izerdia sikatzeko eta eztarria babesteko erabiltzen ziren, Ana Velasco Molpeceres kazetari eta historialariak Ropa vieja liburuan (Arropa zaharra; Catarata, 2023) azaltzen duenez. Estatus adierazle ere baziren, eta alde horri bai, eutsi diote gaur egunera arte. Mugarriz mugarri joan da oraingo tankera hartuz. 500. urtearen inguruan, parpailak hedatu ziren gorteetan: alkandoraren irekigunean eramaten zituzten, eta «ur turrusta bat bezala» erortzen ziren paparraren gainean, Velascoren esanetan. Mardulagoak bihurtuz joan ziren —are, bitxiekin ere apaintzen zituzten—, baina, XVIII. mendean, Frantzian izandako soldadu kroaziarrek bolada aldatu zuten: zapi xumeago bat eramaten zuten haiek, bi muturrekin korapilo bat eginda lepoaren erdian.

«Emakume batengan, gorbatak indartu egingo du haren segurtasun eta irmotasun irudia, eta egoera menperatzen duela iradoki, nolabait»

MARIA URANGA Irudi aholkularia

Itxura moldatu zioten ostera Frantziako Iraultzan, diseinua sinplifikatu zitzaion industrializazioan, eta uniforme akademikoak ezinbestekoak izan ziren haren garapenean. Gizonena bakarrik izateari utzi zion azkenean. «XIX. mendearen bukaeran, feminismoaren eraginez eta amazonen trajearekin lotuta, baita emakume profesionalentzako sastre trajeekin lotuta ere, modan ipini ziren gorbata txikiagoak, tximeleta begiztak», Velascoren hitzetan. Eta arrazoi ideologikoengatik, orobat, bazter utzi zituzten hurrengo mendearen bukaeran. «1970eko urteetan, kapitalismoarekin eta matxismoarekin lotu zen gorbata».

Askotariko esanahiz josita dagoen apaingarri bat da, argi dago: noiz erabili, nola erabili, zer-nolakoa erabili, irudi bat edo beste transmitituko du. Eta nork erabili. «Gorbata beti erlazionatu izan dugu enpresa mundu tradizionalarekin, botere rol maskulinoekin», berretsi du Urangak, baina, andre batek soineratzen duenean, aldatu egiten da jantzi horren esanahia. Areago, kutsu «aldarrikatzailea» bereganatzen du, irudi aholkulariaren iritziz. Andre batzuek gerriko modura erabiltzen dute, baina badira lepoan zintzilikatzen dutenak ere, betiko eran: bakeroekin konbinatzen dituzte batzuek, «ukitu informalagoa» emateko, eta modu tradizionalean eramaten atrebitzen dira zenbait, traje batekin.

Korbarte proiektuko turbante bat eta bisera bat. ITZIAR FERRERUELA
Korbarte proiektuko turbante bat eta bisera bat. ITZIAR FERRERUELA

Edozein kasutan, gorbata erabiltzea inoiz ez da erabaki neutroa, Urangaren aburuz. «Emakume batengan, indartu egingo du haren segurtasun eta irmotasun irudia, eta egoera menderatzen duela iradoki, nolabait; nortasun handiko estiloa da. Zerbait sinbolizatzen du: nire ustez, patroi haustura bat adierazten du, eta ikusarazi kolore, osagarri eta jantzi batzuek ez daukatela sexurik ezta denborarik ere».

Aukera zabala

Itziar Ferreruela artistak antzeko ariketa egiten du Korbarteko piezekin: jada erabiltzen ez diren gorbatak baliatzen ditu emakumeentzako apaingarriak taxutzeko, batik bat turbanteak eta kapelak. Baina, moldaketa gorabehera, jatorrizko osagaiak ez du identitatea galtzen, Ferreruelak azpimarratu duenez: gorbatak ez ditu ebakitzen; nola edo hala, gorbatak dira oraindik ere. Trajez eta gorbataz jantzitako lankidez inguratuta egon da urte askoan, eta, Arte Ederrak ikasi zituenean, beste perspektiba batekin ikusi zituen arropa haiek. «Zentzua aldatu zen: gizonen osagarri hori espazioz aldatu, eta emakumeen osagarri bat izan zitekeen», esplikatu du artistak.

2003-2004 inguruan ekin zion Korbarte proiektuari, oinarri argi batzuetan bermatuta hasieratik: materialak berreskuratzea eta birziklatzea. «Lankideak joan egiten ziren, edo erretiratu. Eta haien gorbatak ahaztu egiten ziren, kutxa batean sartu. Printzipioz, joatekoak ziren lankideei gehiago erabiliko ez zituzten gorbata horiek eskatzea zen errazena niretzat». Beste bide batzuk ere baditu lehengaiak eskuratzeko, dena den: bigarren eskuko dendak, eta stocka erretiratzeko asmoa duten lokalak. «Bilboko Gerardo eta Derby dendek asko eskaini izan dizkidate askotan», nabarmendu du, esker oneko.

«Lankideak joan egiten ziren, edo erretiratu. Eta haien gorbatak ahaztu egiten ziren, kutxa batean sartu»

ITZIAR FERRERUELA Artista eta Korbarte proiektuaren sortzailea

Zetazko piezak izaten dira normalean. Kalitatezko materiala, doan edo prezio nabarmen txikiagoan lortua. Neguko piezetarako, forma itxia duten horietarako, bost gorbata erabili ohi ditu, baina baditu gorbata batekin edo pare batekin egindako lanak ere. «Testura biguneko gorbatek gaineko partea egiteko balio didate, koroa, eta testura gogorragoko piezekin konbinatu daitezke, bolumenak egiteko. Pieza handiagoak, kapelak edo pamelak, gorputz handiko zetekin baino ezin dira egin», xehatu du artistak. Askotariko koloreak eta estanpatuak izaten ditu eskura: loredunak, marradunak, berdeak, arrosak, laranjak... Hor ere bilakaera bat egon da. Lehen, zeremoniako gorbatak saltzen ziren gehienbat, Pedrosaren arabera: ilunak, beixak... Orain, kolore biziagoak lehenesten dituzte bezeroek. Ezinbestean, joera horrek baldintzatu egiten du Ferreruelaren lana. «Beltzen eta zurien falta sumatzen dut; ez dira topatzeko errazak», penatu da artista.

Moda moldagarria baita, eta ziklikoa. «Zera gogoratu behar da: baliteke gaur egun janzten ez den edozer bihar indarrez itzultzea», adierazi du Pedrosak. Gorbatei dagokienez, ordea, ez da bereziki itxaropentsua. «Baina gauza arraroagoak ikusi dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA