Birikak prestatuta daude kanpotik sar daitezkeen patogenoetatik babesteko; hainbat oztopo daude organora gaixotasunak irits ez daitezen. Baina, aldi berean, horrexek zailtzen du biriketako fibrosia eta antzeko gaixotasunen sendagaiak bertaraino iristea eta sendagaiok eraginkorrak izatea. Horri aurre egiteko, CIC Biomagune Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroak zuzenean biriketara iritsi ahal izateko metodoa garatu du, nanopartikulak baliatuz. Oraingoz, saguekin egin dituzte probak laborategian.
Birika ehuna kaltetzen denean eta orbainak sortzen direnean agertzen den gaixotasuna da biriketako fibrosia; ehun zurrun horrek birikek behar bezala funtzionatzea oztopatzen du. Denboraren poderioz, biriketako fibrosiak okerrera egiten du, Susana Carregal proiektuaren ikertzaile nagusiak eta Ikerbasqueko ikertzaileak azaldu duenez: «Pazienteak arnasa hartzeko gaitasunari eutsi ahal izango dio pixka batean, baina, luzera begira, endekapenezko gaixotasun bat da, eta eriek bost urteko bizi itxaropena izaten dute». Okerrera egin ahala, gaixoek gero eta aire falta handiagoa sentitzen dute. Askotan, medikuek eta arreta medikoko beste profesionalek ezin dute biriketako fibrosian sortzen diren orbainen kausa zehaztu.
«Biriketako fibrosia tratatzeko botikek eragiten dituzten albo ondorioak murrizteko, botikak gaixo dagoen ehunera zuzenean bidaltzea da onena»Â
SUSANA CARREGAL Proiektuko ikerlari nagusia eta Ikerbasqueko ikerlaria
Horri aurre egiteko, ikerlariek biriketako surfaktantezko nanopartikulak sortu dituzte. Albeoloak estaltzen dituen lipido eta proteinen nahasketa da surfaktantea, arnasketari bide ematen dion fluido eta osagai naturala da. Jesus Ruiz Cabello Ikerbasqueko ikerketa irakasleak azaldu duenez, haur goiztiarrak jaiotzen direnean tratamenduetako batean biriketako surfaktantea erabiltzen da arnasa hartzen laguntzeko: «Surfaktantea, beraz, fluido naturala da, eta hori da hain zuzen ere guk probestu nahi genuena».
Sendagaiak gorputzean
CIC Biomaguneko biomarkatzaile molekular eta funtzionalen taldeak sintesi metodo automatizatu bat aurkeztu du Advanced Healthcare Materials aldizkarian. Metodo horrek farmakoa modu eraginkorrean kapsulatzea eta behar den neurri egokian banatzea bermatzen du, mikrofluidika teknikaren bidez: biriken elementu naturalak erabiliz, alegia. Garatu dituzten nanopartikulek sendagaietarako kamuflaje gisa funtzionatzen dute; arkume larrua duen otsoa bezala. Immunitate sistemak ez du molekula terapeutikoa ikusten, biriketako surfaktantea balitz bezala hartzen baitu. «Immunitate sistema ez da aktibatzen tratamendu edo nanopartikula bat dagoelako, berea balitz bezala hautematen du», azaldu du Carregalek. Hortaz, ikerlariek garatutako nanopartikulak biomimetikoak dira, natura imitatzen baitute.
Nahiz eta farmakoak inhalazio bidez hartzeak biriketara bideratutako tratamendu bat egiteko modua ematen duen, Carregalek azaldu du eraginkortasun kliniko mugatua izaten duela, inflamazioa, banaketa heterogeneoa eta oztopo fisiologikoak direla eta: «Biriketako fibrosia tratatzeko botikek eragiten dituzten albo ondorioak murrizteko, botikak gaixo dagoen ehunera zuzenean bidaltzea da onena». Botikak, inhalazio bidez hartzean, hainbat oztopo gainditu behar ditu; izan ere, birika arnasarekin batera sartzen diren patogenoengandik babesteko prestatuta dago, eta organismoa defendatzen laguntzen duten mekanismoek zaildu egiten dute botikak inhalazio bidez iristeko modua ere.

Ikerketaren helburuetako bat, beraz, immunitate sistemari izkin egiteko moduak aurkitzea da, birikak farmakoak patogeno edo kanpoko sustantzia gisa hauteman ez ditzan, eta helmugara hel daitezen. Ildo horretatik, Carregal doktoreak zuzendutako ikerketa taldeak biriketako surfaktantezko nanopartikuletan oinarritutako plataforma biomimetiko bat erdietsi du, birikek dituzten surfaktantearen jatorrizko proteinak, lipidoak eta haren funtzionalitatea kontserbatuz.
Birika biriketako surfaktantez beteta dago; airearen eta likidoaren arteko trukea egiten den interfazea baita. Ezaugarri horiek imitatu dituzte laborategian, eta botikan txertatu, gero saguek arnastu dezaten. Horrela, botika zuzenean biriketan sartzen da. «Biriketako gaixotasunak tratatzeko botikak biriketako surfaktantean kapsulatzeak organo osoan hobeto banatzea ekar dezake, gainazalerako dituen propietateak direla eta. Hau da, material endogenoa erabiltzeak farmakoa birikan hobeto banatzen lagun dezake, hura inhalazio bidez egiten denean», ondorioztatu du Carregalek.
Tradizionalki botikak ahotik hartu ohi dira; gaixoak pilula bat hartzen du, eta tratatu nahi den gorputz atalera joaten da botika. Baina medikamentu horrek beste organo batzuetan ere uzten du bere aztarna: gibelean, adibidez. Cabellok azaldu duenez, zuzenean birikan sartzearen abantaila da albo ondorioak murrizten direla: «Baliteke tratamenduak apur bat espezifikoagoak ere izatea, dosiak zuzenean doazelako kaltea jasandako eremura». Oraingoz, saguekin egin dituzte probak, eta animalien markatzaileak neurtu dituzte tratamenduaren eragina ikusteko.
«Baliteke tratamenduak apur bat espezifikoagoak ere izatea, dosiak zuzenean doazelako kaltea jasandako eremura»Â
JESUS RUIZ CABELLOÂ Ikerbasque ikerketa irakaslea
Birikek fibrosia dutenean, oso zurrun geratzen dira, eta askoz kolageno gehiago dute. Ikerlariek laborategian saguak gaixotu egiten dituzte, eta animalien markatzaile zelularrak behatu. «Kolageno markatzaileak eta hantura zelulen markatzaileak behatzen ditugu, eta ikusi genuen askoz ere kolageno gutxiago zutela gaixotasuna tratatu ondoren. Irudietan ikusten genuen, eta markatzaileetan ere egiaztatu genuen; horrek guztiak fibrosia murrizten dela ondorioztatzera garamatza», laburbildu du Cabellok. Trakeatik zuzenean barneratzen den sendagaia arnasten du saguak, organoaren segurtasun zurrunari iseka eginez, biriketako surfaktante gisa mozorrotuta. Hor barnean geratzen da, ezkutuan, eta pixkanaka-pixkanaka zabaltzen da biriketan.
«Oraingo lanaren bidez frogatu dugu nanomedikuntza birikan koka daitekeela, eta %90etik gorako zati bat atxikita gera daitekeela», azaldu du Carregalek. Saguetan erabili duten dosia gaur egun ematen den dosia baino txikiagoa da; hala ere, oraindik albo ondorioak badirela esan du Carregalek. Nanoteknologia baliatuz metodoa finduz joango direla ziurtatu du, baina urrats «oso garrantzitsua» dela ere azpimarratu du: «Etorkizunean terapia konbinatuak edo terapia genetikoak egin nahi ditugu, gaixotasuna lehengoratzeko gai direnak. Izan ere, fibrosia endekapenezko gaixotasuna da ,eta egungo sendagaiak aringarriak dira, gaixoa ez baita inoiz sendatuko. Arnasa hartzeko gaitasunari eutsi ahal izango dio pixka batean, baina, azken finean, endekapenezko gaixotasun bat da. Hori izango litzateke urrats nagusia guretzat: birika birsortzea». Oraingoz, saguetan terapia lokalizatua garatzea lortu dute, baina etorkizunean medikamentuek albo ondoriorik ez izatea da helburu nagusia, eta biriketako fibrosia iraultzeko gai direla ziurtatzea.
Hurrengo urratsak
CIC Biomagunen garatutako sintesi metodoari esker, baliteke aurrerapausoak ematea inhalazio bidez hartzen diren botiken erabileran. «Nanopartikulen sintesia oso sinplifikatuta dago, eta produktua estandarizatzen lagun dezake. Izan ere, tamaina oso kontrolatuko materialak edo nanobotikak sortzen dira, botikaren kapsulatze zuzena dutenak. Sistema oso homogeneoa eta erreproduzigarria da. Horrek beste bide batzuk irekitzen ditu biriketako gaixotasunen inhalazio bidezko tratamenduaren garapenean», baieztatu du ikerketa buruak.
Probak saguetan egin ondoren, Cabellok argi du hurrengo pausoa: «Animalia txiki batean probatu dugu, eta orain animalia handiago batean egin nahi ditugu probak; arlo klinikora eramatea izango da azken fasea».