Bisontearen aurkikuntzan, esku hartzearen zuzendari gisa eta koordinatzailekide lanetan aritu da Asier Gomez paleontologoa (Barakaldo, Bizkaia, 1979). «Horren hezurdura ikusgarri» bat ikertzeko talde lanak duen garrantzia nabarmendu du.
IRAKURRI GEHIAGO
Nolakoa izan da ikerketa prozesua?
Hasteko, miaketa bat egin genuen, diziplina anitzekoa: paleontologikoa ez ezik, biologikoa, geologikoa... Egun batean horra sartu ginen, azaleko miaketa bat egin genuen, eta topografia gainean aurkitutako elementuen eta fosilen zerrenda bat egin genuen. Hiruzpalau gauza nabarmendu genituen: bobido handi baten hezurdura oso bat, fosil baten hezur zatiak, eta, gero, bi hegazti.
Zein ziren hipotesi nagusiak?
Ikusita bobido handi baten hezurdura topatu behar genuela, bi hipotesi zeuden: edo bisonte bat da, edo, bestela, bobido bat; izan zitekeen uroa —jada desagertutako ahaide basati bat—, edo gaur egungo behi bat. Hori argitzeko, Jan van der Maderekin jarri nintzen harremanetan, elkarlanean gabiltzalako hainbat proiektutan; jakin nahi genuen ea zein diren atalik esanguratsuenak bereizketa hori egiteko. Haren aholkuari jarraituz, metakarpoa eta barailaren hezur batzuk atera genituen. Atal horien argazkien deskribapena irakurrita eta neurriak ikusita, Janek argi ikusi zuen bisonte bat zela.
Aurkitutakoari buruzko zer informazio daukazue baieztatuta?
Badakigu bisonte europar bat edo X klado bat dela. X klado bisontearen morfologiaren inguruan oraindik ez dago informazio handirik, baina bai genetikaren inguruan. Gero, neurriei erreparatuta, adarren neurriak gaur egungo bisonte europar ar batenak dira. Beraz, seguru asko, bisonte europarra izango balitz, arra izango litzateke. Eta tamaina ertainekoa, 800 kilo inguruko animalia.
Zer garrantzi du aurkikuntzak?
Alde batetik, bisonte europarraren biogeografia zabaltzen du aurkikuntzak. Izan ere, horrelako espezie bat Iberiar penintsulan agertzen den lehen aldia izango litzateke. Beste alde batetik, argi dago Kalkolito garaian Urbasako eremua erabili zutela nekazariek eta abeltzainek. Guk jakin bagenekien abeltzaintzan normalean ahuntzak, ardiak eta abar zeudela, eta dietaren beste parte bat ehizatik zetorrela, baina ez genuen uste biztanle horien paisaia ekologikoan bisonteak zeudenik. Horrek ere zabaltzen du ate bat espezie horren historiaz gehiago jakiteko, haren jatorria ez baita horren ezaguna.
Horrelako aurkikuntzek zuen lana ikusgarri egiteko ere balio dute.
Bai, eta hartara hainbat gauza nabarmendu ditzakegu. Alde batetik, lur azpian ondare oso interesgarri bat daukagula, eta kontuz ibili behar dugula horra hurbiltzerakoan, betaurreko egokiekin begiratuz gero informazio polita aurkitu daiteke eta. Gainera, erregistro fosila berriztaezina da. Orduan, horrelako zerbait aurkitutakoan, kontuz ibili behar da. Eta, bestetik, zientziaren arloan gaur egun taldean egin behar dela lan. Horren ikusgarria den hezurdura batetik ahalik eta informazio zientifiko gehien ateratzeko elkarlana behar duzu: bai instituzioen artean, bai zientzialarien artean.