Anguloko lepoa balkoi baten modukoa da: Espainiako ordokia bat-batean amildu egiten da, eta behatoki ederra bihurtzen da. Haranean behera, urrutira eta parez pare, Aiaraldeko kuadrilla ikusten da; eta albo batean San Miguelgo ur jauzia dago. Ez du ur askorik, baina dotorea da edonola ere. Han bukatzen da Euskal Herria, edo hasi, perspektibaren arabera.
Urmugako mendizaleek bideari ekin besterik ez dute egin. Euskal Herria zeharkatuko dute, 21 etapatan, ekialdetik mendebalderaino, isurialde atlantikoa eta mediterraneoa bereizten dituen ardatzari segika. Bidean hainbat musika emanaldi izango dira.
Gaur egin dituzte lehen metroak. Aitor Aspuru pandero jotzaileak eta Lander Txato trikitilariak zabaldu diete bidea. Ahate familia bat ziruditen, ama musikaria aurretik eta gainerakoak, dozena bat, ilaran, atzetik, alai eta jostari. Izan dute denbora harremanak estutzeko Gorobel mendilerroko pagadien artean —lehen etapak 22 kilometro izan ditu, eta sei ordutik gora iraun du—, eta are gehiago izango dute, uztailaren amaierara arte iraungo baitu programazioak.
ikusi gehiago
Usurbilgo (Gipuzkoa) bikote batek bide osoa egiteko asmoa du. «Edizio guztietan izan gara. Uda pasatzeko ez dago plan hoberik», esan dute. Zati batzuk oinez egingo dituzte, eta beste batzuk, karabanarekin. Baina kontzertu guztiak ikusiko dituztela iragarri dute.
Juan Antonio Alañak ere Urmuga gertutik jarraituko duela aipatu du. Lehen etapan eta azkenekoan egon nahi du, «gutxienez». «Aurreko edizioetan ere hala egin dut». Gaurkoan adarra jo du, eta instrumentuaren oihartzuna haran guztian zehar zabaldu da. «Hau oso gurea da. Euskaldun on batek sentitu, pentsatu eta egin, egin behar du. Batzuek diote oso euskaldunak direla eta ahoa betetzen zaie, baina gero ez dute ekarpenik egiten». Adarrak doinu grabea zuen, bere luzeragatik. Horren zen luzea, Iparragirreren Gernikako arbola-ko lehen sei bertsoak grabatuta baitzituen.
«Batzuek diote oso euskaldunak direla eta ahoa betetzen zaie, baina gero ez dute ekarpenik egiten»
JUAN ANTONIO ALAÑAUrmugako partaidea
Musikak berebiziko garrantzia du Urmugan: ez da kirol jardera bat bakarrik, eta ez du izaera lehiakorrik. Kontrara, euskal musikak eta kulturak pisu handia dute. Egunero izango dira kontzertuak, eta asko, doakoak. Are, naturaguneetan eta herri txikietan izango dira. «Hori da gure bereizgarria», esan zuen Migel Zeberio antolatzaileak VI. Urmugaren aurkezpenean. «Apustua egiten dugu sekula horrelako ekitaldi bat antolatzerik izan ez duten hainbat herri txikiren alde; arnasa eta ikusgaitasuna ematen saiatzen gara».
Txapela Brava, lehen izen propioa
Oinarria Et Incarnatus orkestra da, eta haiekin hainbat artista ariko dira. Atzerriko taldeak entzuteko aukera ere izango da, eta, nola ez, Euskal Herrikoak; garai batekoak —Alaitz eta Maider berriz elkarrekin igoko dira oholtzara, adibidez—, zein egungoak: Janus Lester, Olaia Intziarte, Donostiako Orfeoia... Guztietan lehena Txapela Brava boskotea izan da. Irten aurretik ordu erdi inguruko emanaldia egin dute.
«Euskaltzaleak izanda eta, gainera, Aiaraldekoak, oso pozik gaude aukera honekin. Ederra da Urmuga bezalako ekimen baten parte izatea», esan du Sabin Guaresti taldeko gitarra jotzaileak. «Gure hizkuntzari eta gure izaerari eusteko, oso garrantzitsuak dira halako egitasmoak. Euskaldunok ez badugu egiten, nork egingo du? Kanpokoek, ziur ezetz», gaineratu du Unai Etxebarria ahots eta trikitilariak.
Pena bakarra dute: «Gazteak falta dira». Kontatu dute beste kontzertuetan izaten direla gazteak eta abesten dituztela euskarazko abestiak, eta balitekeela tokia aparte egonda entzuleak uxatzea, baina ez dela aitzakiekin ibili behar. «Denon beharra dago. Geroz eta gutxiago gara, eta, martxa honetan, jan egingo gaituzte».

Rantxera doinuekin dantzan jarri dituzte mendizaleak. Mendiko bota zurrun eta astunak ez dira arazo izan hankak mugitzeko. Kantuan ere jardun dute elkarrekin. Esaterako, Xalbadorren heriotzean izan da jo duten azken abestia, eta bildutako denek batera abestu dute.
Urepeletik (Nafarroa Beherea) Anguloko leporaino 150 kilometro daude marra zuzenean; Euskal Herria, alderik alde. Baina musikak distantziak txikitu eta elkartzeko ahalmena du. Urmugako mendizaleek musikaren laguntzarekin gurutzatuko dute Euskal Herria, ertz batetik bestera. «Toki ederra da hau, baina zortea izan dugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan jotzeko, eta paraje eder asko dagoela ikusi dugu», diote Txapela Bravakoek.