Bixkotxaren usaina

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. JOSEAN GIL-GARCIA.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Asteburu gozo baten peskizan dabilena joan dadila Kanbora (Lapurdi). Euskal bixkotxaren jaia egingo dute asteburuan, eta hogeigarren ekitaldia da aurtengoa, festa horrek duen tradizioaren eta garrantziaren seinale. Ipar Euskal Herriko gastronomiaren erreferentziazko zita bihurtu da aspaldian Kanboko hori, Baionako xingarraren eta Ezpeletako piperraren egunekin batera.

Euskal bixkotxa bertan sortua dela aldarrikatzen dute urtero kanboarrek. «Gomitatzen zaitugu pastel borobil eta lurrintsu horren ospatzera, gurinen eta gourmeten ezinbesteko hitzordu batean», diote antolatzaileek, frantsesez, egun horretarako propio atondutako webgunean: Lafetedugateaubasque.com.

Kanboko Herriko Etxeak, turismo bulegoak eta Eguzki elkarteak antolatzen dute euskal bixkotxaren jaia. Ohiko lehiaketarekin batera, tailerrak, dastaketak, herri bazkaria, artisautza azoka eta herri kirolen erakustaldiak ere izango dira. Bixkotxak nola egiten diren ikusi ahal izango da, eta haiek dastatzeko eta erosteko aukera ere bai. Gainera, Euskal Bixkotxaren Kofradiak hamalaugarren kapitulua ospatuko du, eta Ipar Euskal Herriko zenbait kofradiaren desfilea ere egingo da.

Gaur eta bihar egingo dute bixkotxaren besta. Gaurkoa 10:00etan hasiko da: euskal bixkotxaren salmenta herriguneko kapitelaren azpian, eta eskualdeko artisau eta ekoizkinen azoka ere bai, musikaz lagunduta. Izan ere, euskal bixkotxaren salmentaz eta lehiaketez gain, Ipar Euskal Herriko ehun bat artisau ere bilduko dira Kanbon, duten onena erakusteko asmoz: Ezpeletako piperra, Baionako xingarra, ardi gazta, Irulegiko ardoa, Itxasuko gerezi marmelada...

14:00etan, trinketean, euskal bixkotx onenaren master lehiaketa egingo dute, iragan urteetako irabazleekin. Dantza, pilota eta herri kirolen erakustaldia arratsaldean, eta Kanboko harmoniaren kontzertua ere bai iluntzean.

Biharkoa izaten da egun nagusia. Bezperan bezala, bixkotxak erosteko aukera egongo da, eta eskualdeko artisau azoka ere bai. 09:00etatik 12:00etara egingo dute euskal bixkotx onenaren lehiaketa. 10:00etan, kofradien meza eta desfilea. 12:00etan, herriko plazan, Euskal Bixkotxaren Kofradiaren hamalaugarren kapitulua, trontzatzeak eta euskal bixkotxik onenen sari banaketa. 16:30ean, Oldarra eta Adixkideak abesbatzen kontzertua.

Horrez gain, herriko Puyodebat txokolategiak bere museoko ateak irekiko ditu doan, eta dastaketak ere antolatu ditu. Gainera, hogeigarren ekitaldia izanda, argazkilaritza lehiaketa bat ere antolatu dute astebururako. Gaia, nola ez, euskal bixkotxa izanen da. Eta erakusketa bat ere antolatu dute, gai berberaren inguruan, Assantza kulturgunean. Herriko margolari amateurren lanak jarri dituzte ikusgai.

Euskal bixkotxaren jaia

Gaur eta bihar, goizetik iluntzera, Kanbon (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.