Arriskutsua izan zen Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek atzo egindako entzierroa. Horren adierazle erietxera eraman zituzten zazpi lasterkariak: bi adarkatuta eta beste bost kolpeak hartuta. Lasterketa baturik eta joaldunak aurrean zirela hasi zen, baina zezen beltz batek aurrea hartu zien Santo Domingoko aldaparen bukaeran. Taldea luzaturik baina elkarturik joan zen Estafetaraino. Han bitan zatitu zen, eta aurretik jarri ziren lau zezen beltzek izua eta arriskua eragin zuten, batez ere Telefonicako zatian. Korrikalari franko aurrean hartu eta hesiaren kontra joan zen.
Orain arteko entzierrorik azkarrena burutu zuten Victoriano del Rioko ganadutegiko sei zezenek: bi minutu eta hamasei segundotan egina zuten entzierroaren ibilbidea. Harrigarria badirudi ere, iragan urtean estreinakoz egin zuten lasterka Iruñean, eta denbora bera behar izan zuten euren anaiek ibilbidea osatzeko.
Madrilgo ganadutegiko adardunak baturik eta joaldunak aurrean zituztela igo zuten Santo Domingoko aldapa. Erritmo bizia zeramaten animaliek, eta taldea luzatzen hasi zen. Adardunak ibilbidearen ezkerraldera begiratzen hasi ziren ekiteko keinuak eginez. Aldaparen azken metroetan zezen beltz batek aurrea hartu zien gainontzekoei, eta eskuinaldera ekiten hasi zen lasterkariei, izua eta lehen adarkatua eraginez.
Adardun beltzak bakarrik igaro zuen Udaletxe plaza eta Mercaderes kalea, baina bihurgunean, irrist egin, eta lurrera erori zen. Atzetik heldu zen taldeak harrapatu egin zuen, eta beste hiru zezenekin batera Estafeta kalean gora joan zen. Kalearen luzerak eta adardun saldoa bitan banaturik joateak —aurrean lau zezen beltz eta atzean beste biak joaldunekin— lasterkariei korrikaldi politak egiteko aukera eskaini zien. Hain zen bizia zezenen abiadura askok metro gutxitan baztertu egin behar zutela harrapatuak izan ez zitezen. Korrikalari bat estu eta larri ibili zen bi zezen beltzen artean harrapatuta gelditzean. Azkenean, bazterrera egiteko zirrikitua aurkitu zuen.
Telefonican, izua
Telefonicako zatian aurrean zihoazen adardunek beldurra eta arriskua eragin zuten. Zezenek eskuinaldera jo zuten, eta lasterkariak ekiteko imintzioak egin zituzten behin eta berriro. Plazako sarbidean hainbat gazte erori ziren, eta zezenek hankapetu zituzten. Plazan zeudela, adardunek itzultzeko keinua egin zuten, baina atzetik plazan sartu ziren beste adardunek lagunduta, ukuiluko bidea hartu zuten.
Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek zazpi lagun zauritu zituzten. Bi lasterkari adarkatu zituzten. Lehena, 40 urteko iruindarra, Santo Domingon adarkatu zuten, gerrian. Bigarrena, berriz, Estafetaren hasieran. 42 urteko espainiarrak eskuineko eskuan du adarkada. Kailejoian beste lau lasterkari zauritu ziren. Guztiak kolpeak hartuta eta traumatismoekin eraman zituzten erietxera. Zazpigarrena, Estafeta kaletik eraman zuten. Korrikalari horrek aurpegian eta ahoan hartu zuen kolpea.
Sanferminak Iruñean. Seigarren entzierroa
Biziena eta azkarrena
Orain arteko entzierrorik azkarrena eta arriskutsuena egin dute Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek, eta izua eragin duteBi lasterkari adarkatu dituzte, eta beste bost kolpeak hartuta eraman dituzte erietxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu