Bizipen beteak eta zaku hutsak

Oporretatik itzultzean, ikastetxeetan ohikoa izaten da ikasleei galdetzea non eta nola pasatu dituzten oporrak. Batzuek diote kaltegarria izan daitekeela ikaslerik zaurgarrienentzat; beste batzuek, erabilgarria dela ezberdintasun sozialak jorratzeko.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Galdera txanda ikasgelan: «Non pasatu dituzue oporrak?». Aurreko ilarakoak zirraraz hitz egin du Egiptoko piramideen garaieraz; aldamenekoa Kanaria uharteetan egon da (Espainia), lau izarreko hotel batean; atzekoak Balear Uharteak bisitatu ditu (Herrialde Katalanak); parke tematikoetan egon dira hainbat. Galdera kaltegabea da, agerian, errutinazkoa; are, adierazpena lantzeko aitzakia bat besterik ez, sarritan. Baina hainbat klasekidek bestelako esperientziak bildu dituzte: zirrararik ez, eta bisitarik ez leku exotikoetara; etxean geratu dira, ez baitute inora joaterik izan.

Itaun ustez hutsalenak ere badu itzala: oporrez galdetzeak are nabarmenago egin ditzake klasekideen arteko desberdintasun sozioekonomikoak. «Guk artatzen ditugun umeen artean, behintzat, ekonomikoa da ez bidaiatzearen motibo nagusia, eta, askotan, bidaiatzea da egoera zaurgarrian dauden familien mugarik behinena», azaldu du Guillermo Vazquez Gurutze Gorriko Bizkaiko koordinatzaileak. Zer egin, beraz, halako galderekin? «Oporrak non igaro dituzten galdetzea deserosoa izan liteke haur eta gazte horientzat: baztertuak senti litezke. Halako galderak egitean, saiatu behar da ez daitezela sentitu taldearen desberdinak».

Hain justu, deserosotasun hori saihesteko, galdera ez egitea erabaki zuten aspaldi Mungiako (Bizkaia) Larramendi ikastolan, hango zuzendari pedagogiko Maria Galdeanok kontatu duenez. «Irakasten berrogei urte daramatzaten irakasleek, jubilatzear daudenek esan didate lehen familia guztiak homogeneoagoak zirela, oporrak herrian pasatzen zituztela... Gutxi gorabehera, denek egiten zituztela antzeko oporraldiak». Orain, ordea, ez da hala izaten. «Gainera, familien egitura ere ezberdina da: ikasle batzuk amarekin daude, beste batzuk aitarekin... Desberdintasun sozialak nabarmen azaleratzen dira oporraldietan».

Formulazioan dago gakoa, Ane Ablanedo pedagogoaren irudiko. «Irakasleak ez baditu umeak luzaroan ikusi, oso antinaturala litzateke ez ikusia egitea tarte horretan pasatu denari. Oporrak hor egon dira, eta gauzak egin dira». Gai saihetsezina da, gainera: izan ere, irakasleak jorratu ez arren, ohikoa izaten baita haurrek elkarri galdetzea oporren inguruan, edo horien argazkiak ikustea lagunen sare sozialetan.

«Askotan, eskolari eskatzen diogu oasi moduko bat izateko, eta eskola ez da komunitate edo kultura horren isla bat baino». Helduen artean joera bera baitago, Ablanedoren esanetan. «Zergatik egin behar da zerbait? Zergatik ezin dugu, besterik gabe, atsedenean egon, gure inguruko tokietan, gure herria ezagutzen? Ematen du gaizki sentitu beharra dugula ez dugulako ezer egin. Politikoki aztertu beharra dago».

Hain justu, ikastetxeak eman lezake horretarako abagunea, eta adin batetik aurrera bizitza zeharkatzen duten kontu horiei heldu beharko litzaiekeela uste du Ablanedok; ez direla bazter utzi behar, «polemikoak» izateagatik, matxismoa, arrazismoa eta askotariko beste zapalkuntzak. Horiek horrela, oporren afera akuilu izan liteke desberdintasunak lantzeko. «Gakoak jaso behar dituzte diferentziei aurre egiteko eta gainditzeko. Hori ere bada eskolaren egitekoa».

Garai delikatua

Adinaren araberakoa ere bada. Bai Ablanedok, bai Galdeanok azpimarratu dute: haur oso txikiek berehala ahaztuko dituzte bizipenok. Kontua delikatuagoa da nerabeei dagokienez, Aitana Fuster Perez psikologo eta Bizkaiko Psikologia Elkargoko kidearen hitzetan. Azaldu duenez, lehen haurtzaroan etapa nartzisistago bat izaten dute umeek: beren buruan jarri ohi dute arreta, edo tematzen dira besteei erakusten gauzak ondo egiteko gai direla. Aldiz, 6 urtetik aurrera eta nerabezarora bitartean, garrantzi berezia hartzen dute lotura sozialek; haurtzaroko azken etapan eta nerabezaroaurrean, lagun kontzeptua garatuz eta finkatuz doa, psikologoaren berbetan. «12 urtetik aurrera, identifikatzen hasten dira euren berdinak diren horiek egiten dutenarekin. Identitatea eraiki behar dute, eta autoestimuaren eta autokontzeptuaren osaketan garai funtsezkoa izaten da».

Bi joera egoten dira, kontrajarriak, identitatearen eraketan: batetik, besteekiko berdina sentitzeko grina dago, talde baten parte izatekoa, eta taldekide horiek norbera onartzeko ahalegina egiten da; bestetik, desberdintzera ere jotzen dute, eta badago, besteak beste, arriskutsuak diren jarreren erakarpen bat: «Probatu behar izaten dute noraino diren edo ez diren, ume izatetik heldu izatera igarotzen ari baitira». Joera dago, orobat, konparazio sozialetik edateko. Horrenbestez, ikasgelan desberdintasun sozioekonomikoezpublikoki jabetzea kaltegarria izan daiteke gaztearentzat, Galdeanoren irudiko. «Guk ezin dugu kontrolatu oporren aukeraketa; beraz, horretaz hitz egitea saihesten dugu. Autoestimuari eragin diezaioke, eta ez dugu nahi gaizki sentitu daitezen».

Ez dio bakarrik aldarteari kalte egiten, ordea. Arrisku sozial bat ere egon liteke; ez soilik galdera horrengatik, Vazquezek argi utzi duenez; baina, dena den, aporofobia bada arazo ikasgeletan. «6 urtetik gorako haurrekin behar egiten dugu, eta ikusten dugu arazoak dituztela hezkuntzaren arloan». Aporofobia existitzen baita ez soilik helduen artean: haurrek euren gertuko guneetara eramaten dituzte helduengandik jasotako ereduak; kasurako, ikasgelara. «Familia zaurgarrien egoeraren berri izango dute ez soilik ezin dutelako bidaiatu, baizik eta arropagatik, gurasoek duten edo ez duten lanagatik... Batzuetan, jazarpen kasuak gertatzen dira».

Esperientzia pertsonalaren aniztasuna ikusita, zer leku izan beharko lukete bizipenek hezkuntzan? Arriskutsua al da horiek erabiltzea? Baliagarria, akaso? «Nik proposatzen dudan heziketa ereduan, hain zuzen, hori da oinarria», Ablanedoren esanetan. «Nire ustez, eskolak ez luke egon behar pasatzen zaigun eta egiten dugun horretatik oso urrun. Hain zuzen ere, bizitzaren luzapen huts bat izan beharko luke, non eskaintza handiagoa den, eta harreman sarea handiagoa den; baina erdigunean beti egon behar du pasatzen zaigunak, nahi dugunak, interesatzen zaigunak».

Pedagogoaren ustez, heziketa konbentzionalean ez zaio nahiko etekinik ateratzen, eta baliatu beharko litzateke. «Gatazka dagoenean ikasleen artean, adibidez, gatazka hori lantzea da emozioak kudeatzen ikasteko modurik onena, eta ez gero tailer bat egitea. Edo bidaia bataprobetxatu daiteke ekonomia, biologia, geografia eta abar ikasteko. Pentsa esperientzia pertsonala zenbat erabili ahalko litzatekeen hezkuntzan». Adierazpena lantzeko ere aproposa iruditzen zaio. «Zertaz hitz egingo dute umeek gusturago, beren gauzez baino? Nerabeei oso gutxi ematen zaie hitza».

Orokorretik zehatzera

Nola landu beharko lirateke oporrak ikasgelan? «Zaila da, baina jakin beharko genuke ahalik eta gehien kontrolatzen ikasle bakoitzaren idiosinkrasia eta egoera», Ablanedoren iritziz. Hau da, kasuan kasuko hurbilketa bat izan beharko litzateke, egoera ez baita berbera ikastetxe denetan, ezta hirigunean eta periferian ere, esate baterako. Alde horretatik, Fusterrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza zentroen diagnostikoaren balorazioa ekarri du hizpidera, azken urtean egindakoa, zentroen arteko desberdintasunak atzemateko. «Deustun [Bilbo], adibidez, kontraste handia dago ikastetxeen artean, segregazio handia. Hortaz, ikastetxe barruan, saihestu behar da rolak betikotzea eta haurrak are zaurgarriagoak sentiaraztea».

Irakaslearen tresnen eta trebeziaren araberakoa ere bada ikasleen autoestimua jagotea, psikologoaren ustez, baita gela bakoitzaren logikaren araberakoa ere. Baina argibide orokor batzuk eman ditu. Talde heterogeneoetan lantzea, bat. «Batzuk besteen esperientzietatik elikatu daitezen. Sozioekonomikoki zaurgarrienak direnak elkarrekin jartzen baditugu, berdinagotzat hauteman litezke, baina rolak sendotzen ari gara, azkenean».

Itauna moldatu daiteke, era berean. «Zerbait galdetzekotan, kontatzeko familiakoekin edo lagunekin bizitako anekdota bat eskatzen diegu, sentimendu positiboekin lotu dezaten», azaldu du Galdeanok. «Larramendi ikastolaren oinarria da ikasleak giro lasaian eta konfiantzazkoan egotea, kooperazioa sustatzea, eta ez konparazioa. Gelaren kohesioan jartzen dugu arreta, berdintasunetik abiatzeko elkarren ezagutza».

Ablanedoren irudiko, elkar ikusi gabe tarte bat igaro denez, lehen urratsa izan daiteke galdetzea zer moduz dauden; alegia, orokorretik abiatzea. Eta, ondoren, zehaztuz joatea, adinaren arabera estrategia jakin bat erabiliz. «Txikien artean, galde daiteke zer egin duten dibertigarria. Agian ez dira lagunekin Pragan egon, baina lagunekin egon dira; egunerokoan garrantzia duten gauzak dira». Gazteagoen artean, proposamen didaktikoak hobetsi ditu. «Gustatzen zaigu bidaiatzea? Hortik atera dadila harago doan hausnarketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.