Telesailak

Biziraupenaren poetika gordina

Elkarrizketarik gabeko helduentzako animaziozko telesaila da 'Primal'. Haitzuloan bizi den gizon baten eta dinosauro baten arteko aliantzari jarraitzen dio. Narratiba bisual indartsua, emozio primitiboa eta indarkeria poetikoki estilizatua uztartuko ditu.

'Primal' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
'Primal' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
gaizka izagirre
2026ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Genndi Tartakovski sortzaileak naturaren krudelkeria eta indarkeria primitiboa maisutasunez islatzen ditu Primal animaziozko telesailean. Inor ez dago oihanaren legeetatik salbu, eta hori argi geratuko da hasieratik bertatik, indarkeriazko eszenen eta mugarik gabeko basakeriaren bidez.

Historiaurreko gizon baten eta dinosauro baten istorioa kontatuko du telesailak. Ustekabeko lotura bat sortuko dute biek, eta heriotza nonahi dagoen mundu basati eta primitibo batean bizirik irauten saiatuko dira. Elkarrizketarik gabeko proposamena da: keinuek, giroak eta soinu banda indartsuak gidatzen dute kontakizuna, narratibari unibertsaltasuna eta indar emozional paregabea emanez.

Animazioaren bidez emozio eta gatazka konplexuak transmititzeko duen gaitasunagatik nabarmenduko da telesaila. Protagonisten arteko begiradek, mugimenduek eta elkarrekintza bakoitzak pisu emozional handia izango dute. Gizakiaren eta dinosauroaren arteko harremana izango da telesailaren muina: elkarrekiko konfiantzan eta biziraupenean oinarritutako aliantza bat, inguruko basakeria gorabehera, gizatasuna, leialtasuna eta enpatia adierazten dituena.

Telesailak biziraupena, indarkeria, galera eta lotura emozionala aztertuko ditu, moral tradizionalik gabeko ingurune batean. Ez ditu leuntzen naturaren krudelkeria eta protagonisten sufrimendua; alderantziz, bizitzaren gordintasuna eta hauskortasuna zuzenean sentiarazten dizkio ikusleari.

Animazio lan ikusgarria

Marrazkiak eta animazioa ikusgarriak dira, ez bakarrik paisaiengatik eta eskaintzen dituzten tonalitateengatik, baita erabilitako trazu ausart eta originalengatik ere. Erritmoa eta tonua ere deigarriak dira: atal labur eta oso entretenigarrien bidez (20-25 minutu artekoak), lagun bikote horren abenturak lehen pertsonan biziaraziko dizkio ikusleari.

Pertsonaien diseinuek ezaugarri errealistak eta estilizatuak konbinatzen dituzte, eta eszenatokiek historiaurreko mundu naturalaren edertasuna zein ankerkeria transmititzen dituzte. Animazioa arina eta dinamikoa da, eta tentsio eta argitasun narratibo handiko akzio sekuentziekin nabarmentzen da; liskar, ehiza edo eraso bakoitza zirraragarria bihurtzen da. Eszena bakoitzeko koloreek, argiztapenak eta konposizioek telesailaren atmosfera dramatikoa indartzen dute; iluna da sarritan.

Animazio garaikidearen panoraman, lan ausarta eta bakarra da Primal; akzioa, emozioa eta estetika bisuala maisuki uztartzen ditu telesailak. Hitzik gabe hunkitzeko duen gaitasunak eta pertsonaien basakeria zein samurtasuna erakusteko duen trebetasunak erakusten dute animazioa adierazkortasun eta heldutasun handiko bitartekoa izan daitekeela.

Telesailaz gain, 80 minutuko film luze bat ere badago: Primal: Tales of Savagery.

fitxa

  • Sortzailea. Genndi Tartakovski.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2019-gaur egun.
  • Non ikusi. HBO Max.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 20-25 minutu.
  • Generoa. Abenturak, akzioa, animazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.