Mikel Ozaita. Topaguneko kidea

«Biztanleen kohesio eta komunikazio hizkuntza euskara izatea nahi dugu»

Hizkuntz aniztasuna da gaur egun Euskal Herriko errealitatea. Horren inguruan hausnartzeko jardunaldiak egingo ditu Topaguneak urtarrilaren 25ean, Durangon.

2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Topaguneko sentsibilizazio arloko arduraduna da Mikel Ozaita (Ibarra, 1982). Euskara aniztasunean jardunaldiak antolatu ditu Topaguneak Durangoko (Bizkaia) Landakon hilaren 25erako. Euskaratik urrun dauden biztanleak euskarara nola ekarri ikertzeaz gain, hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituzten biztanleen arteko «kohesio eta komunikazio hizkuntza» euskara izateko egin beharrekoak ere aztertuko dituzte. Izena emateko azken eguna osteguna izango da.

09:00etan hasi eta 18:00ak arte izango dira jardunaldiak. Zer izango da bertan, labur azalduta?

Hizkuntz aniztasuneko egoera batean gaudela ikusten dugu. Euskal Herri osoan hizkuntza asko hitz egiten dira, eta, tira, pertsona horien arten kohesio eta komunikazio hizkuntza euskara izatea nahi dugu. Horretarako antolatu dugu jardunaldia, eta inbutu forma daukala esango genuke, hau da, teoriatik hasi eta praktikarekin amaituko dugu. Lehendabizi teoria orokorra azalduko du Carme Junyetek, eta, ondoren, teoria gurera ekarriko dugu, Euskal Herrira begira jarriko baikara. Esperientzia kontaketak eta bizipenak ere izango dira. Amaitzeko, etorkizuneko egoera aztertzeko mahai ingurua izango dugu.

Zein da jardunaldien helburua?

Maila praktikoan, gure ustez, oro har nahiko galduta gaude aniztasun egoera honekin. Beraz, orain arteko ibilbidea eta egiten ari garena ikertu eta hemendik aurrera zer egin beharko litzatekeen aztertzea da helburua.

Eta Topagunearen helburua?

Auzoko egitasmoarekin ari gara gu, sei herritan proiektu aitzindariak martxan jarri ditugu dagoeneko. Euskaratik urrunduta daudenen eta euskaraz bizi direnen arteko topaketa batzuk dira. Euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzeko. Praktika martxan jartzen ari gara. Ueman eta Topagunean arlo horretan lan egiteko beharra ikusi genuen. Hortik abiatu ginen, baina teorizazio falta ere badagoela kusi dugu.

Egitasmo horren hitzaldia emango duzu Arantxa Arrillagarekin. Ezer aurreratzerik bai?

Auzo egitasmoaren oinarri teorikoa azalduko dut nik. Arantxak, berriz, Orioko adibidea azalduko du, irailetik hona egin diren saioen berri emanez. Euskaraz hitz egiten dutenak eta euskaratik urrun bizi direnak biltzen dira bertan. Hainbat jolas egiten ditugu, urrun daudenak euskarara hurbiltzeko. Bestalde, euskaldunentzat gainontzeko kulturekin hartu-emana izateko ere onuragarria da.

Jardunaldietan parte hartu nahi duenak zer egin behar du?

Parte hartzeko, webgune bat dago, auzoko.topagunea.com, bertan izena emateko orria bete eta kito. Doan izango da jardunaldian parte hartzea eta, bestalde, bazkaltzeko sarrera erosteko aukera ere izango da.

Zein atal nabarmenduko zenuke?

Nik uste nahiko egitarau osatua egin dugula, baina bat aukeratzekotan, Carme Junyet nabarmenduko nuke, arlo horretan antropologo oso entzutetsua baita. Arratsaldeko mahai ingurua ere polita izango dela iruditzen zait. Horiekin batera, Euskal Herriari zehazki dagokion teoriarekin, eta esperientzia zein bizipenekin, nik uste egitaraua oro har nahiko egokia egin dugula.

Jardunaldiei jarraipena emateko asmorik ba al daukazue?

Guk auzoko proiektuarekin jarraitzeko asmoa dukagu. Proiektu aitzindariak martxan jarri ditugu, eta orain herri gehiagotara zabaltzea nahiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.