Ardo kulturaren dibulgatzailea da Mikel Garaizabal Pildain (Elorrio, Bizkaia, 1972), baita enologoa eta sommelierra ere. Elorriokoa da bera, baina Bilboko jaiak «oso gertukoak» ditu. Elorrioko jaien aurretik izaten da Aste Nagusia, eta ia herrikoak balitu bezala bizi ditu. Gainera, aktiboki parte hartzen du Aste Nagusian: bera izaten da dastatzeen arduraduna, eta argi dauka aisia funtsezko tresna dela jakintza erraz zabaltzeko.
Zer beste asmo dute dastatzeek, beraz?
Bai, helburu nagusia bertako produktuak plazaratzea eta ezagutaraztea da; jendearen kontzientzian eragitea. Horretarako, oso esparru interesgarriak dira jaiak, eta formatua ere egokia da kontsumitzaileengana errazago heltzeko. Azken urteotan, Bilboko konpartsek lan handia egin dute bertako produktuak bultzatzeko, eta horri lotuta daude dastatzeak ere. Gainera, Hazirekin akordioa egin dugu bertako produktuen presentzia bermatzeko: Eusko Jaurlaritzatik sortutako erakunde bat da, eta, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko, Basque Wine eta Eusko Label etiketak plazaratu zituen. Pauso handi bat da horrelako erakunde bat jai girora gerturatzea, eta, horri esker, bertako edariak ez ezik bertako jakiak ere dastatu ahalko ditugu jaietan. Hori bai, ezin da aipatu gabe utzi bultzada hori kontsumo orekatu baten barruan eman nahi dugula.
Modu dibertigarri batean eginda errazago erakusten da?
Testuingurua beti izan behar da kontuan, eta gu jai giroan gaude. Horregatik, gure dastatzeak ez dira batere teknikoak, ez eta batere luzeak ere. Modu dibertigarri batean egiten saiatzen gara. Adibidez, Marijaiaren sudurra deitzen dugun dastatzea bikoteka egiten dugu. Lehenengo bueltan, dastatzen ari diren horren ezaugarriak azaltzen dizkiegu parte hartzaileei, eta gero, bigarren bueltan, haiek arituko dira dastatzen ari diren horren ezaugarriak asmatzeko lanean. Urtea edo antzeko ezaugarriak asmatzen badituzte, izugarria izaten da! Arabako Errioxako ardoarekin ere berdin. Ordu erdiko hiru dastaketa espres egiten ditugu, oinarrizko lau kontzeptu azaltzeko. Gero, sariak ere egoten dira, baina hori gutxienekoa da; gure helburua ez da garaileak izendatzea, jendea sentsibilizatzea baino. Ondo pasatu daiteke atzean dagoen guztia ahaztu gabe.
«Munduan ez dago Bilboko Konpartsen moduko ezer, eta ekintza guztiak ere logika horren barruan egiten dira: gure kultura, gure jaia, eta noski, baita gure produktuak ere»
Nola sortu zen dastatzeen ideia?
Duela zortzi Aste Nagusi izan zen. Hasieran, Marijaiaren sudurra baino ez zen egiten, baina arrakasta zeukala ikusita, dastatzeak ugarituz joan dira. Aurten bederatzi egunetatik lautan izango dira, eta, gainerako ekintza gastronomikoak gehituta, bertako produktuek izugarrizko tokia izango dute jaietan. Kokapenarekin ere berdin, hasieran Moskotarrak-en egiten genuen, baina hori ere txiki geratu zitzaigun, eta Areatzara pasatu gara.
Zortzi urte horietan nabaritu duzu aurrerapausorik sentsibilizazio lanean?
Bai, urte asko dira Bilboko Konpartsekin kolaboratzen ari garela, eta nabari da apustu handia egin dela bertako produktuen alde. Euskal sagardoarekin ikusi da, batez ere; geroz eta ohikoagoa da kapsula gorridun sagardoa ikustea. Bizkaiko Txakolinarekin ere, berdin. Hala ere, oraindik badago lana egiteko; Arabako Errioxako ardoarekin bereziki. Hori dugu erronka nagusia, eta datorren urtera begira, presentzia handitzea espero dugu.
Jendeak ez du Arabako Errioxako ardorik edaten?
Bilbon ardo asko edaten da, baina, askotan, Arabako Errioxakoa delako ustean, Errioxako ardoa edaten dugu. Kontzientzia falta da. Ardoa ekoizteko munduko lurralderik hoberenetakoa daukagu Euskal Herrian: Arabako Errioxa. Ez da posible gure inguruan halako balioa duen zerbait izan eta ez baloratzea. Horregatik sentsibilizatu nahi dugu jendea; eta ez ardoarekin soilik, orokorrean baino. Bertakoa identifikatzen erakutsi nahi diegu, botila baten atzean gauza asko ezkutatzen baitira: herria, jendea, kultura...
Zergatik dira horren bereziak bertako produktuak?
Lehengai bereziak dauzkagu, Ama Naturak emandako opariak. Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoan, askotariko produktuak izan arren, gutxi ekoizten dugu, eta hori da berezi egiten gaituena. Lurralde bakoitzak bere ezaugarriak ditu, gainera: bere lur mota, bere klima, bere egiteko modua… Oso desberdina da txakolina Getarian [Gipuzkoa] edo Urduñan [Bizkaia] egitea. Arabako Errioxan ere berdin: Lantziegon edo Lapueblan ekoitzi, aldatu egiten da.
Bilboko jaiak ere bereziak dira.
Bai, Aste Nagusia bakarra da, euskal edariak bezala. Munduan ez dago Bilboko Konpartsen moduko ezer, eta ekintza guztiak ere logika horren barruan egiten dira: gure kultura, gure jaia, eta noski, baita gure produktuak ere. Euskaldunoi jana eta edana asko gustatzen zaizkigu gainera, eta Bilboko jaiak motor gastronomiko bilakatzen dira. Egunero dago zerbait: askotariko lehiaketak, dastatzeak... Bederatzi egunez, Areatza kearen eta usainen arteko oreka gune bilakatzen da.
Zer usain hartzen diozu aurtengo Aste Nagusiari?
Denetariko usainak sumatzen ditut, baina bereziki, freskotasunarena eta alaitasunarena. Zapore aldetik ere oso orekatua da; eskaintza zabala dago, gustu guztientzako modukoa. Nahi duenarentzat jai giroa dago, ekintza ugari, estilo askotako kontzertuak... Beraz, usain asko daude, bai, baina oreka bat ere badago guztien artean.
LOTSABAKO
Edari bat?
Kalimotxo on bat, Arabako Errioxako ardoarekin egina.Konpartsa bat?
Txomin Barullo.Gozoa edo garratza?
Garratza.