«Urkia da hori?», galdetu du kazetariak. «Asmatu duzu», erantzun du Mikel Etxeberria Okarizek (Beasain, Gipuzkoa, 1994). Zuhaitz horren azpian atera dizkiote argazkiak. «Oraintxe ari da basoa mugitzen. Urbasan izan gara asteburuan, eta lorez josita dago. Botanikariontzat, hau da zoramenaren hasiera». Aranzadiko botanikari horiek erreferentziazko liburu bihurtu dute Gure basoak. Gipuzkoako basoak eta basoetako landareak ezagutzeko gida. Hirugarren aldiz argitaratu dute berriki.
«Ezer ez zekienarentzat» zen gidaliburua. Hirugarren aldiz argitaratu baduzue, horrek esan nahi du ezer ez zekien jende asko dagoela?
Bai [barrez]. Mendi eta baserri girotik atera eta urbanizatu garenean, galera bat egon da. Lehen, naturala zen basora joatea, baratzera joatea... Gaur egun, mendi tontorrera igotzen gara, eta tontor guztietatik dakigu zer beste tontor ikus daitekeen. Horren transmisioa egin da, baina arbolei eta landareei jada ez diegu erreparatzen, gure egunerokoan ez daudelako presente eta ez ditugulako erabiltzen.
Transmisio hori lehen etxean egiten zen, baina ikastetxeetan ere egiten ziren herbarioak.
Eta pentsatu nahi dut orain ere egiten direla. Guk Biologiako graduan, noski, herbario bat egin genuen. Irakasle eskolako graduetan ere egiten dira, eta derrigorrezko hezkuntzan ere bai. Kontua da horrek guztiak zer-nolako aztarna uzten duen ikasle horien bizitzan.
Galera bat egon dela argi dago.
Galdu da, batez ere, eguneroko kontaktu hori. Oso jende gutxi bizi da gaur egun basotik. Bulegora gatoz, fabrikara goaz, eta hor ez dago eguneroko harremanik basoekin eta landareekin. Gainera, euskaraz badaukagu arazo bat: apenas daukagun landareen euskarazko izenik.
Zergatik da hori?
Erabiltzen ziren horiei bakarrik jarri zitzaien euskarazko izena. Zurgintzan erabilitako zuhaitzei, baratzean erabilitako landareei, sendabelarrei... Erabiltzen ez direnekin, arazo bat sortzen da. Eta gaur egun, gainera, erabili ere egiten ez direnez, galera ia erabatekoa da.
Liburua basoei eta landareei buruzkoa da, baina paisaiei buruzkoa ere bai.
Gidaliburu gehienetan, landare bati buruzko azalpenak ematen dizkizute, baina testuingururik gabe. Hori aproposa da lan teknikoetarako, baina ez zitzaigun aproposena iruditzen naturazaleak edo landarezaleak sortzeko. Landare bakoitza jantzi nahi izan dugu, testuinguru bat emanez. Landarea ez da bere kasa azaltzen, bakarrik eta testuingururik gabe.
Jendea erakartzeko modu bat da?
Baso bat identifikatzea errazagoa da landare bat identifikatzea baino.
Baina zergatik dago hemen amezti bat, eta han artadi bat?
Baso guztiek dituzte euren baldintza optimoak, eta horietan gailentzen dira. Denak ez dira konpetenteak toki guztietan. Artea ez da gai haritza haranetatik ateratzeko. Baldintza horietan, haritzak hobeto funtzionatzen du. Eremu lehorretan, ordea, haritza ez da gai horren ondo hazteko, eta artea gailentzen zaio. Hainbat eragile ekologiko daude. Orokorrean esanda, toki bakoitzean baso mota bat hazten da.
Liburuan, beraz, paisaiak eta testuinguruak esplikatzen dituzue, baina habitat horien dinamikak ere bai.
Saiatu gara zuhaitz eta baso nagusiak bakarrik ez sartzen. Basobera ere sartu dugu, badelako dinamika horren adierazle. Baso batek, osasuntsu egoteko, ez ditu zuhaitzak bakarrik behar. Landare belarkarak ere behar ditu, sastrakadiak... Prozesu oso bat dago basoaren bizitzan, eta denak dira beharrezkoak.
Eta paisaiak ez dira estatikoak.
Ez, noski.
Hurrena liburua berritu beharko duzue, paisaia horiek aldatzen ari direlako?
Liburua baino gehiago mapak aldatu beharko genituzke agian. Baina baso horiek azken mendeetan hemen izan ditugu, eta esperantza daukat mantenduko direla. Hori bai, aipatu behar da Euskal Herriko ia baso guztiak kudeatutako basoak direla. Baso birjinarik ez daukagu ia. Eta liburuaren bidez kontzientzia hori ere nahi genuen zabaldu: zer den baso bat, eta zer ez den baso bat.
Horregatik sartu dituzue landaketak ere?
Botanikariak eta kontserbazionistak garenez, ikuspuntu horretatik, ez dira inolaz ere gauza bera. Baso batek dinamika naturalei erantzuten die, eta bere bidea egiten du gizakiaren parte hartzerik gabe ere. Behin norbaitek galdetu zidan: «Baina hariztiak galdu egingo dira gizakiaren esku hartzerik gabe!». Erantzun nion: «Ez dira galduko, lasai, ez kezkatu». Landaketen atala sartu dugu jendea jabetu dadin ikusten ditugun zuhaitz eremu guztiak ez direla basoak. Landaketak giza jarduera baten ondorio dira, jarduera ekonomiko bat dira, industria bat izan daitekeen bezala, baina zuhaitzez osatuta. Eta horri ere atal bat eskaini nahi genion, jendea askotan ez delako jabetzen aurrean daukan zuhaitz eremu bat une jakin batean moztu egingo dutela. «Bazegoen han baso bat, eta moztu egin dute!», esaten du jendeak. «Ez, ez zen baso bat, etekin ekonomikoa lortzeko egindako landaketa bat zen».
Zergatik ilustrazioak, eta ez argazkiak?
Hasieratik izan dugu hori garbi. Argazkiak, zergatik ez? Guk hemen [liburua hartu du esku artean] ez dugulako errealitate bakarra islatu nahi. Alegia, errealitateak mila forma izan ditzake, eta argazkiak bakarra jasotzen du. Guk ez dugu pago hosto bat jarri, guk pago hosto baten ideia jarri dugu. Irudi ideal bat, batez besteko bat.
Adibidez?
Hostazuriaren argazki batean ez da ikusten atzeko partea zuria dela. Ezin diozu argazkia tolestuta atera. Ilustrazio baten bidez, bai, ordea. Eta jar ditzakezu fenologikoki ezinezkoak diren gauzak.
Adibidez?
Harizti edo pagadi batean, txilarra loretan jar dezakezu, baina ez da masusta garaia oraindik. Guk denak batera jarri ditugu. Zergatik? Irakurlea engainatzeko? Ez, noski. Une jakin batean baso horretan zer egon daitekeen ikusteko. Pagadian, elkarren ondoan jarri ditugu elkarrekin loratzen ez diren loreak: lilipak eta anemonak elkarrekin loratzen dira, baina garai horretan elorri beltza ez da fruituak ematen ari. Hori argazki batekin ezin da lortu, baina Raul Dominguezen ilustrazio eder horiekin, bai.
LOTSaBAKO
Gustuko baso bat?
Hariztia. Gutxi dauzkagu, baina bereziak.Gustuko zuhaitz bat?
Lertxuna.Gustuko lore edo landare bat?
Lilipa.