Sanferminak Iruñean

Burrunbak ez du adinik

Haurrek ere bat egin dute Struendo peñako kideek antolatutako burrunbarekin, eta danbor hotsez bete dute Alde ZaharraTxistularien laguntzarekin, serio hartu dute umeek Iruñeko bazterrak alaitzeko lana

edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Atzo gauerdiko burrunbaren zain gelditu ezin izan zirenek bertze burrunba bat ospatu zuten eguerdian: burrunba txikia. Haurrak dira burrunba txikiko protagonista. Haien adinak bilakatzen du ekitaldia txiki; umeek erakutsitako gogoari so eginez gero, gauerdian 50. urteurrena bete zuen burrunba bezain handi izan baitzen eguerdikoa. Danborra jo, eta bestako protagonista izateko, ez baitago adinik.

11:59an hasi zen burrunba. Ordu erdi lehenago jada haurrez beteta zen Marceliano etxe ondoko Donejakue plaza, Alde Zaharrean. Danborrak gainean, jotzen hasteko tentazioari nekez eusten zioten gehienek. Haurrak bezala, burrunba hasteko irrikan ziren umeak laguntzen zituzten gurasoak ere. «Lehendabizikoz etorri gara aurten. Bertakoak gara, eta aspalditik genuen parte hartzeko gogoa», azaldu zuen Regina Elvirak, bere bi seme-alaben ondoan.

Jose Gabriel Huarte-Mendikoa txistularia ere garaiz ailegatu zen Marceliano etxe ingurura. Burrunba hasi baino ordu laurden inguru lehenago. «Urtero aritzen naiz burrunban; espero dut, hala ere, bertze txistularirik etortzea», azaldu zuen. Ekitaldia gustuko duela azpimarratu zuen; gauerdikoa, bai eta haurrek eguerdian egiten dutena ere. «Haurrena bederatzigarrenez egin da aurten. Gauerdikoak, berriz, 50 urte bete ditu aurten. Struendo peñak jarri zuen martxan ekimena. Egitarau ofizialetik at zerbait egin nahi zuten, eta horixe bururatu zitzaien. Burrunba egitea da kontua, eta, burrunbaren eskutik, karrikak girotzea eta alaitzea».

Ez du egun finkorik Struendokoen burrunbak, baina antolatzaileak saiatzen dira beti asteburuetan Iruñean bat egiten duen jendetzari ihes egiten. Hala ere, ekitaldiak berak jendetza erakartzen du urtero; haurren eta haien gurasoen artean gero eta jarraitzaile gehiago ditu.

Atzo, neska-mutilen aurpegiak argitu egin ziren Struendo peñakoen danbor handia Donejakue plazara sartzen ikusi zutenean. Haren inguruan kokatu ziren txistulariak, Agur jaunak pieza jotzeko eta ekitaldiari hasiera emateko. Huarte-Mendikoa ez zen bakarrik egon; hainbat musikarik egin zuten bat Struendo peñakoen ekimenarekin, danbor hotsak laguntzeko prest. Suziri batek eztanda egin zuen haurrei danborra jotzen hasteko ordua zela iragartzeko. Danborradaren doinuak hartu zituen bazterrak, berehala. Hasi zen burrunba. Hasi zen gero eta handiago den burrunba txikia.

Gozatzen

Santo Domingo aldapan gora, Udaletxe plazatik Zapateria karrikara abiatu ziren umeak. Bidean jende gehiagok egin zuen haiekin bat, eta San Frantzisko plazara ailegatu zirenerako jendetzak osatzen zuen txikien burrunba. Serio hartu zuten danborra jotzeko lana umeek, eta une bakar batez ere ez ziren isildu.

Besta giroa izan zen nagusi neska-mutilen artean. Sumatzen zen haien aurpegietan gozatzen ari zirela. Danborra bazter utzi, eta burrunbaren kalejira irekitzen zuen Struendo peñakoen danbor handiari tiraka hasi ziren zenbait haur. Denek nahi zuten protagonista izan.

San Frantzisko plazatik San Saturnino elizaren aurrera egin zuten bidea danborrariek. Han, ekitaldiari hasi bezala eman zioten amaiera. Hau da, Agur jaunak piezarekin. Ordubete inguruko burrunbak gauerdian izan zuen segida, orduan hastekoa baitzen Struendo peñakoen ekitaldi nagusia. Egun batez, eta sanferminen eskutik, danborren hiri bilakatu zen Iruñea atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.