Magiak hala haurren nola helduen irudimena bereganatzen du; kuriositatea eta harridura piztu. Maiz zientziarekin lotu izan da, baita kulturarekin ere. Gaur egun, entretenimendurako tresna ere bada. Horri helduta, magia ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Araban datozen egunetan. Izan ere, Magialdiaren hamabigarren aldia egingo dute gaurtik irailaren 12ra arte, Arabako hainbat herritan. Antolatzaileak Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila eta Vital fundazioa dira. Uztailaren 27an aurkeztu zuten jaialdia, Gasteizen prentsaurreko bat eginda, eta iritsi da magiaz gozatzeko garaia.
Aitor Bilbaok emango dio hasiera egitasmoari, Tor magoak alegia, Korresen. 18:00etan, 7 eta 12 urte arteko umeentzako magia tailerrak egingo dituzte. 18:30etik 19:30era, «herriko tabernaren inguruetan» egingo dute magia. Eta, 19:30ean, berriz, Tor magoak ikuskizuna egingo du herriko frontoian; ordubete inguru iraungo du. «Edozein herritarrentzako» moduko ikuskizuna izango dela adierazi du magoak, «nagusientzako eta haurrentzako» modukoa. Batez ere, «ikusleek parte hartzea» izango du helburu; eta ikuskizunak iraungo duen ordubetean ikusleak «denaz ahaztea, ondo pasatzea, barre egitea eta magiaz liluratzea».
Bilbaok azaldu du Magialdia Arabako hamabost herritan ibiliko dela: «Magialdia Gasteizen gertatzen da urtero, eta inguruko herrietara magia eramateko sortu zen egitasmoa». Bihar, Manzanosen izango da; astelehenean, Lagranen; irailaren 2an, Okondon; irailaren 3an, Larrazubin; irailaren 4an, Larrean; irailaren 6an, Araian; irailaren 7an, Argantzonen; irailaren 8an, Uribarri Gaubean; irailaren 9an, Aramaion; irailaren 10ean, Langraiz Okan; irailaren 11n, Done Bikendi Haranan; eta, amaitzeko, hilaren 12an, Agurainen. Asier Kidam, Hodei magoa, Imanol Ituiño eta Txoborro Magoa izango dira, besteak beste, ikuskizunak emango dituzten magoak.
Bilbaok kontatu du beste kultura arlo batzuekin alderatuta «ezinezkoak diren gauzak ikusteko aukera» ematen duela magiak. Antzerkiarekin eta filmekin konparatu du diziplina: «Badakizu ikusten duzuna ez dela benetakoa, eta istorioan murgiltzen zara; magia, berriz, zuzenean ikusten da, eta buruan dituzun arauak apurtzen dituzten gauzak gertatzen dira».
Nola bihurtu mago
Bi pentsaera gailentzen dira mago izateari buruz hitz egitean; berezko talentua dela, edo urte askoko lanaren fruitua. Tor magoak adierazi duenez, txikitatik izan du presente magia. Aitonaren bidez izan zuen lehen harremana diziplina horrekin: «Aitonak trikimailuren bat egiten zuen, eta hor ikusi nuen posible zela gauza magikoak egitea». Beraz, txikitatik hasi zen magiarekin «jolasten», eta, urteak igaro ahala, «serioago» hartu zuen magiaren kontua. Orain, plazaz plaza dabil, jendearen buruan dituen arauak apurtzen.