Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Â
1917. Lehen Mundu Gerra. Euskal Herriko soldadu batek eta Chaumont eskualdeko (Frantzia) bertze batek elkar ezagutu zuten trintxeretan. Biak bixkotx egileak omen ziren, eta euskal bixkotxaren errezetaren truk Chaumonteko soldaduak egun Donibane Garazin famatu egin den Chaumontais bixkotxaren errezeta eman zion euskal soldaduari.Â
Gainera, Garazitik pasatzen diren erromesek erosten duten bixkotxa dela diote Done Jakue bideko gida liburu anitzek. Orreagarainoko (Nafarroa) etaparaino eusteko erremedio baten heinekoa da, ia-ia. Baina Orreagarainoko bidea egiten duenak ontsa daki bixkotxak ez duela lehen etaparen erdia ere onik eginen erromesaren zakuan jana izan gabe edo mendiak ekarri gorabeherek zirtzikatua izan gabe.
Jendeen artean dabiltzan kondaira horiek gezurra dira, eta Karine Borda Barbier-Millox gozotegiko buruak Chaumontais bixkotxaren egiazko jatorria kontatu du. «Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Chaumont eskualdeko gozogile bat etorri zen gure gozotegira lan sasoia egitera, eta orduan gertatu zen errezeten trukatzea. Guk euskal bixkotxarena eman genion, eta hark guri chaumontais-arena».
«Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Chaumont eskualdeko gozogile bat etorri zen gure gozotegira lan sasoia egitera, eta orduan gertatu zen errezeten trukatzea. Guk euskal bixkotxarena eman genion, eta hark guri 'chaumontais'-arena»
KARINE BORDAÂ Barbier-Millox gozotegiko nagusia
Bordaren birrottoak —Jean Pierre Putzu— errezeta pixka bat aldatu zuen arren, chaumontais-a Barbier-Millox etxeko berezitasuna da egun. Konkretuki, amandazko bi merenge disko juntatzen dira gurinezko praline krema batekin. Krema bi diskoen ondotik eman, eta hur xehatuz hornitzen dira bazterrak. Errezetaren azken urratsa bixkotxa azukre hautsez dekoratzea da.

Guti goiti-beheiti ehun bat bixkotx inguru ekoizten dituzte astero. Urteekin, gozotegiko berezitasuna bilakatu da, eta erreferentziazko leku bat bihurtu da Bordaren saltokia, Ipar Euskal Herrian ez baita bertze leku batean ere horrelakorik fabrikatzen. «Bixkotx horiek familia bazkarien karietara saltzen ditugu gehienbat. Gainera, tokiko jendeak erosten dizkigu, baina baita turistek ere. Urte osoan aski errazki saltzen ditugu».
Espainiako karrikan sortu zen Barbier-Millox gozotegia. Ezkondu ondoan, Millox jaunak eta Barbier andereak altxatu zuten denda. Garai hartan, chaumontais-aren errezeta ez zen oraino Donibane Garazira heldu, eta nagusiki euskal bixkotxak eta orefin bixkotxak egiten zituzten. «Millox andereak piano bat zuen gozotegian, eta bixkotxak saltzeko tokia baino gehiago karrikari bizia ekartzen zion leku bat zen. Aperitifa han hartzen zuen jendeak garai hartan. Gozotegi bat baino gehiago zen: elkartzeko toki bat zen».
Barbier jauna fitexko hil zen, baina Millox andereak langileekin batean atxiki zuen denda Bordaren birrottoari pasatu aitzin. Jean Pierre Putzuk, ordea, Renaud etorbidean bertze lokal bat erosi zuen, eta han egonkortu zuen saltoki berria. Duela urte bat artio, bixkotxak fabrikatzeko lantegia harat lekualdatu zuten, eta hantxe segitzen dute gozo «sinple eta tradizionalak» egiten. «Chaumontais-a da gure berezitasuna, baina euskal bixkotxak ere egiten ditugu. Gehiengoak maite dituen bixkotxak egiten ditugu, sinpleki».
Antzekoak Okzitanian
Chaumontais-a Oloroen (Okzitania) ekoizten duten russe bixkotxaren biziki irudikoa da. Hainbat iturrik erakusten dutenez, inguru hartan agertu ziren russe eta succes bezalako bixkotxak, eta fenomeno horrekin batera uler daiteke chaumontais-aren arribatzea Donibane Garazira. Nolabait errateko, moda efektu bat plantan eman zen XX. mende hastapenean.
Russe-a Donibane Garazikoa baino anitzez finagoa da fisikoki. Leuna da, eta hostopil bat bezalakoxea: hiru estai ditu, bakoitza pralinez egin krema batekin bete ohi dute, eta haien artean genoise bixkotx guriak tartekatzen dituzte. Hori ere amandez, hurrez eta azukre hautsez egina da.

Bixkotx mota horien moda nondik datorren nehork ez daki xuxen, eta hainbat kondairak garraiatzen dute horien zabalpena. 1853an, Luis Napoleon Bonaparte eta Eugenie Montijo ezkondu zirelarik, Eugenie etxea eraikiarazi zuten udako sasoiak Miarritzen (Lapurdi) iragateko. Ondotik, Napoleon III.ak eta Alexandro III.ak aliantza itun bat sinatu zuten Frantziaren eta Errusiaren arteko harremana finkatzeko, eta horrek luxuzko turismoaren goititzea ekarri zuen, errusiarrak Miarritzeko biztanleriaren laurdena bihurtu artio. Hiriko bigarren hizkuntza errusiera zela erran ohi da.
Bertze batzuek kontatzen dute Oloroera elefante baten gainean arribatu zela iraultza boltxebiketik ihesi zebilen printzesa bat, eta hark ekarri zuela bixkotxaren errezeta. Zabalduena den bertsioak dio russe-aren gainean ematen den azukre hautsak Errusiako zelai elurtuak irudikatzen dituela, edo, bixkotxa egiteko Krimean erosten zituztenez amandak, hortik zetorkiola izena, amanden jatorri geografikoa aintzat harturik.
Dena den, Adrien Artigarredek ireki zuen gozotegiko berezitasuna bihurtu da denborarekin. Frantziako Estatu osoan ezaguna da Oloroen ekoizten den bixkotxa, Eliseoko menuetan ere egoteraino. Francois Mitterand lehendakari ohiak antolatu zituen bazkari diplomatikoetarik aitzina jan izan ohi dute munduko estatuburu anitzek. 2024an, berriz, Errusiak Ukrainan eginiko inbasioaren karietara, Frantziako presidente Emmanuel Macronek deserta menutik erretirarazi zuen ireki zituen negoziazioetan, Txinako Xi Jinping lehendakariarekin ukan bazkarian, negoziazioak ez trabatzearren.Â
'Succes' arrakastatsua
Chaumontais-aren eta russe-aren biziki irudia da succes-a. Hartan ere pralinez egin krema eta amandaz egin bixkotxa ageri dira. Gurin krema egin ordez, mousseline krema egiten dute hartan. Lekukotasun batzuek erakutsi dute bixkotx hori 1911n dagoeneko erosten zela eremu berean, igandean mezatik landa.
Evariste Feral izeneko gozogile batek errezeta atera ondotik, Gaston Lenotre gozogile eta enpresaburuak egin zuen ezagun. Succes-a ez ezik, opera eta fraisier marrubi bixkotxa ere lau haizeetara zabaldu zituen.