Kontrolgunerik gabeko oasi bat Durangaldean

Zisjordaniatik etorritako zortzi gaztetxo astea igarotzen ari dira Durangaldean, Israelen erasoetatik salbu. Eskualdeko ekintzaileek hainbat jarduera prestatu dituzte haientzat, betiere haien ongizatea lehenetsita.

Palestinatik etorritako haurrak Durangaldeko zenbait ekintzailerekin batera, asteartean, Iurretan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Palestinatik etorritako haurrak Durangaldeko zenbait ekintzailerekin batera, asteartean, Iurretan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Durango
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo Estatuak ezarritako kontrolguneetatik eta kanpalekuko kale estuetako berotik Durangoko (Bizkaia) Landako gunera eta Andra Mari elizako arkupeetako freskotasunera etorri dira, astebetez, Palestinako zortzi gaztetxo. Zazpi egunez egongo dira Durangaldean, Euskal Herriko kultura eta aisialdia ezagutzen. Zisjordaniako (Palestina) Center for Childhood and Tolerance erakundearen eta Durangaldea Palestina koordinakundearen elkarlanari esker eraman dute aurrera ekimena.

Haurrak Balatatik datoz, Nablusen (Zisjordania, Palestina) kokatutako errefuxiatu esparru batetik. Bertan, Durangon baino 3.000 lagun gehiago bizi dira, baina Durango kanpaleku hori baino 43 aldiz handiagoa da: 0,25 kilometro koadroko azalera du Balatak, zehazki. Eta dentsitatea gutxi balitz bezala, bestelako bizi baldintzak ere gogorrak dira oso. Kimetz Munitza Durangoko ekintzaileak azaldu duenez, erasoak pairatzen dituzte ia egunero: «Otsailean hasi ginen hitz egiten, eta hartu-eman hori hasi genuenetik beti izan dituzte arazoak bertan. Israelgo kolonoak bertara joan dira, eta eraso egin izan diete behin baino gehiagotan, besteak beste».

Haurrak badira ere, ez daude erasoetatik salbu. NBE Nazio Batuen Erakundeko batzorde independente batek asteon adierazi duenaren arabera, Israelgo armadak Gazan umeen aurka egindako erasoak «genozidio» baten froga dira: «Berariaz egiten diete eraso umeei».

Horiek horrela, Durangaldeko ekimena «umeentzako oasi bat» izan dadin nahi dute Durangaldea Palestinako kideek. «Espero dut oso maitatuak sentitzea. Badakigu mundua ez dugula aldatuko, baina gutxienez astea amaitutakoan hamar pertsona horiek eta haien familiek maitasun hori sumatzen badute, pozik egongo gara gu», azaldu du Ane Ormaetxeak. Astelehenean heldu ziren haurrak Durangora, eta bihar arte egongo dira Euskal Herrian. Zortzi dira guztira: lau mutil eta lau neska.

Durangoko komunitate palestinarrak izan zuen ideia. Nablusen egonda daude bizilagun horietako zenbait, eta ezagutzen dute haurrak Euskal Herrira ekarri dituen erakundea. Egonaldia Durangaldea Palestina koordinakundeak antolatu duen arren, palestinar jatorriko durangar horiek berebiziko garrantzia izaten ari dira. Izan ere, antolatzaileek monitoreekin ingelesez hitz egiten duten arren, haurrekin zailtasun handiagoak dituzte euskal herritarrek. Hortaz, palestinarrek haiekin hitz egiten dute, haien ama hizkuntzan. Munitzak esan duenez, umeek «erreferentziazko pertsona bat» dute, haien hizkuntzan komunikatzeko gai dena.

Zisjordaniako umeen etorrera antolatu duten ekintzaileetako sei, Durangon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zisjordaniako umeen etorrera antolatu duten ekintzaileetako sei, asteartean, Durangon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Eneko Abasolo Iurretakoa da (Bizkaia), eta palestinarren egonaldia antolatzen aritu da hura ere. Hamaika jarduera antolatu dituzte gaztetxoen egonaldia ahalik eta onena izan dadin. Astearte arratsaldea, esaterako, Abasoloren herrian eman zuten. San Joan bezperan hainbat ekitaldi izan ziren han, eta Zisjordaniako zortzi haurrek haietan parte hartu zuten: dantza erakusketa, herri afaria eta sua, besteak beste.

Dantzarena ez da zorizko erabaki bat izan; Palestinako elkarteak espresuki egindako eskari bati erantzunez antolatutako ekintza bat izan da. «Musika eta dantza eskola bateko kideak dira. Eta, hori aitzakia hartuta, hango giro zantarretik ateratzen dituzte. Beste mundu bat dagoela ikusteko balio die», adierazi du Munitzak. Balatako kanpalekuan lan egiten duen erakundea, hala ere, ez da soilik dantzara mugatzen. Center for Childhood and Tolerancek zenbait ildo jorratzen ditu: klaseak ematen dituzte, emakumeen ahalduntzearen alde egiten dute lan eta haurrei begirako hamaika jarduera antolatzen dituzte, adibidez.

Dantza ekitaldiak bertaratutakoen artean irribarreak marraztu eta txalo zaparradak eragin zituen arren, Iurretan igarotako arratsaldearen xedea ez zen dantza erakustaldi bat egitea, baizik eta haien adintsuko gaztetxoekin egoteko aukera izatea, Abasolok azaldu legez: «12 eta 13 urte dituzte, eta momentu oro 50 urteko helduekin egotea ez da egokiena. Haurrekin egon behar dute, jolastu egin behar dute».

«Dantza aitzakia hartuta, hango giro zantarretik ateratzen dituzte. Beste mundu bat dagoela ikusteko balio die»

KIMETZ MUNITZA Durangaldea Palestinako kidea

Lasaitasuna ere ziurtatu nahi diete haurrei. «Ez dugu nahi estresaturik egoterik. Haien familietatik eta ingurutik atera dituzten haurrak dira, azken finean. Jada hiru aste daramatzate Frantzian, momentu oro jendea ezagutzen», aipatu du Munitzak, haien beldurren inguruan mintzatzen hasitakoan. Argi utzi du haurren beharren arabera jokatu dutela.

Sanjoanak ospatzearekin batera, bestelako hainbat jarduera izan dituzte asteon. Asteazkenean, esaterako, Deban (Gipuzkoa) igaro zuten eguna. Deba-Palestinak harrera egin zien umeei, eta eguna hondartzan igaro zuten, lasai, jolasean. Haien adineko Euskal Herriko gazte batentzat egun normala dena luxua da haientzat. Munitzak esan duenez, Palestinatik atera aurretik itsasoa ikusi gabeak ziren. Balatatik Mediterraneora 50 kilometro eskas daude, baina igaro ezinezko hesi bat dute erdian: Israel.

Herriaren laguntza

Debakoa ez da izan antolatzaileek Euskal Herrian jaso duten laguntza bakarra. Durangaldeko ekintzaileek azpimarratu dutenaren arabera, «elkarte eta herritar askok» beren burua eskaini dute «edozertan laguntzeko». Eta ondo lagundu ere. Durangoko Mesoi Barriak, adibidez, egunero eman die gosaltzen eta bazkaltzen edo afaltzen, egitarauaren arabera.

Haur palestinarrak erdigunean jartzeko astea izan den arren, esperientziak hainbat ikasketa utzi ditu Durangaldean. Hori izan da, behintzat, Bizkaiko ekintzaileen nahia. «Izugarrizko aukera izan da haien esperientziak lehen eskutik entzuteko, eta jakiteko benetan nola lagundu daitekeen hemendik. Zer behar dituzten jakin dugu», azaldu du Pablo Larrinaga ekintzaileak.

Ildo horretatik, palestinarren egonaldia baliatu nahi izan dute jada existitzen diren laguntza sareak indartzeko eta berri batzuk sortzeko. «Aste hau baliagarria izan daiteke gure inguruan gogorarazteko Palestinan zer ari den gertatzen. Genozidio bat dago han abian», gaineratu du Munitzak.

«Palestina aske bat aldarrikatu behar dugu. Aske direnean hona etorri nahi badute, beso zabalik hartuko ditugu. Edo gu joango gara Palestinara, dantzatzera»

ENEKO ABASOLO Iurretako ekintzailea

Halere, azpimarratu dute munduko beste hainbat lekutan ez bezala Palestinako auziak nolabaiteko presentzia duela Euskal Herrian, etengabe. Horren erakusgarri da iazko abenduan Bilboko San Mames zelaian jokatu zuten Euskal Herria-Palestina futbol partida. Are gehiago, futbola izan da sareak egiteko arrazoietako bat, eta palestinarren eskarietan nabari dute hori ekintzaileek: Athletic ezagutzeko «irrikan» zeuden. Bilboko taldea prest agertu da laguntzeko, Munitzak esan duenez, eta bisitak antolatu zituzten Lezamara eta San Mamesera.

Egungo egoera tarteko horrelako ekintzak zeinen garrantzitsuak diren badakiten arren, Durangaldeko ekintzaileek argi dute palestinarrek bakean eta aske bizi behar dutela, baina Palestinan, ez kanpoan. «Hori jarri behar dugu erdigunean: Palestina aske bat aldarrikatu behar dugu. Eta gero, aske direnean, hona etorri nahi badute, beso zabalik hartuko ditugu. Edo gu joango gara bertara, dantzatzera», azpimarratu du Abasolok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA