Ia astebete darama Ibrahim Jamalek (Nablus, Palestina, 1985) Euskal Herrian. Durangaldea Palestinarekin koordinakundeari esker, Zisjordaniako Balatako errefuxiatuen kanpalekuko zortzi haur eta Center for Childood and Tolerance-ko bi begirale astea igarotzen ari dira Durangaldean, Israelgo kolonoen erasoetatik urrun. Childood and Tolerance erakunde komunitarioko presidenteordea da Jamal, eta Nablus inguruko haurren eta emakumeen beharrak asetzeko eta haien ahalduntzean laguntzeko lan egiten du, besteak beste. Euskal Herritik Palestinaren alde egiten diren aldarriak txalotu ditu, eta, Balatan duten egoera «latza» dela medio, laguntzen jarraitzeko eskatu du.
Nolakoa izan da Durangaldeko ekintzaileen harrera?
Munduan auzirik justuenaren alde egiten dute gure Euskal Herriko senitartekoek eta lagunek. Elkartasun horren adierazle da Durangora etortzeko gonbidapena. Asko maite dut Euskal Herriko gizartea.
Zergatik da gaztetxoentzat garrantzitsua horrelako ekintzak egitea?
Ume hauek Balatako kanpalekuaren eta Palestinaren enbaxadoreak dira, eta han asko sufritzen dute. Sufrimendu hori euskal gizarteari jakinaraztea ezinbestekoa da. Egunerokoan pairatzen dituzten arriskuek eta ezartzen zaizkien presio psikologiko eta sozialak eragina dute haien buru osasunean. Okupatzailearen genozidioa eta krimenak pairatzen ditugu 1978tik. Horrelako ekinaldiek modua ematen diete handik alde egiteko.
«Etengabe urduri bizi gara Israelen une oroko erasoaldiak direla eta»
Nolakoa da zuen egunerokoa Balatan?
Arriskutsua eta osasunik gabea. Etengabe urduri bizi gara, Israelen une oroko erasoaldiak direla eta. Egoera ekonomikoa ere oso kezkagarria da: pobrezia tasa %75ekoa baino handiagoa da.
Gaixotasun kronikoak hedaturik daude. Nolabaiteko hezkuntza sistema bat izatea ere oso zaila da UNRWAren finantzaketa murrizketak direla eta. Gainera, erietxe bakarra dago, eta astean lau aldiz soilik dago irekita.
Eta haurrek nola bizi dute hori dena?
Zisjordaniako haurrek eta emakumeek ez dute aske adierazteko leku segururik, ezta Israelen erasoen ondorio psikologikoei aurre egiteko aukerarik ere. Haien errealitatea bereziki gogorra eta zaila da.
Euskal Herria ezagutzen zenuten? Hemendik egindako aldarriak Palestinara heldu dira?
Euskal Herria ezagutzen nuen, bai. Baita haren independentzia aldarria ere. Euskal herritarrak adeitsuak dira, eta jarrera heroikoa dute Palestinarekiko. Ia egunero antolatzen dituzte manifestazioak Palestinaren alde eta bidegabekerien aurka.
Nola lagundu daiteke Euskal Herritik era eraginkor batean?
Asko laguntzen dute abian dituzuen manifestazioek eta era askotariko boikotek, boikot akademikoak barne. Horrez gain, dirua behar dugu. Balata alboko lur eremu bat erosi behar dugu, 1 eta 6 urte arteko haurrentzako haurtzaindegi bat eta eskola bat eraikitzeko. Gainera, gure eraikina handitu behar dugu gure egitekoak areagotzeko: Balatako umeen eta emakumeen beharrei egoki erantzun ahal izateko.