ATZEKOZ AURRERA

Dantza gehien, abanikoek

Euskal Jaia giro alaiarekin eta bero handiarekin ospatu dute Zarautzen. Alprojak taldeak 'Jainkoen laratza' antzezlana eskaini du: munduari aukera berri bat eman diote.

Alprojak taldeko aktoreetako batzuk oholtzara iristen, atzo, Jainkoen laratza lanari ekin aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Urtzi Urkizu.
Zarautz
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Iratzar taldea jotzen hasi da Munoan, eta gazte kuadrillak geldi daude. Dantzarik ez, Helena Atxutegik esandakoa berretsiz: «Nire denboratan dena zen dantza. Jende gazteak orain ez du dantzarik egiten Euskal Jaian; ez du bizi niri gustatzen zaidan moduan». Gazte kuadrilla ia gehienek gurdi bat daramate, supermerkatuko gurdi apaindua edo egurrez egindakoa, eta barruan jana eta edana daramate. Zarauzko (Gipuzkoa) Euskal Jaia ospatu dute, irailaren 9 guztietan bezala, eta jendetza batu da kaleetan. Abanikoak izan dira dantza gehien egin dutenak, bero sapa dela eta.

Bada gazteren bat dantza gustuko duela esaten duena, ordea. Markel Mozo, esaterako. «Aldameneko lagun hauek ez dakit, baina nik egiten dut dantza». Egurrez atondu dute gurdia. «Dena guk egin dugu. Jana eta edana daramatzagu bertan».

Beste gurdi batean, txupitoak saltzen dituztela iragartzen dute. Baina hori ez dela benetakoa azaldu du Ane Baglietok: «Txantxa bat baino ez da, jendea etortzeko, baina ez dugu ezer salgai». Dantza egin ala ez, Baglietok pozik bizi du Euskal Jaia: «Urteko egunik politena da guretzat».

Egun polita, baina Berpiz Agirreri iruditzen zaio jende gehiegi dagoela. Eta ez hori bakarrik. «Gaiztotzen ari da, mozkorkeria dago eta eguna zapuzten ari da».

Jokin Zendoia gazteak, berriz, aitortu du gaur egun gutxiago egiten dela dantza. «Musika aldatu egin da, eta diferentea da. Giroa aldatu egin da. Edonola ere, gure kuadrillan oso ondo pasatzen dugu».

Putin eta Musk

Dantzan ondo dakitenak Alprojak antzerki taldeko bederatzi galtzagorriak dira. Dantzan iritsi dira Munoan dagoen oholtzara, askotariko jainkoen laguntzaz. Jainkoen laratza antzezlana ikusteko, adin guztietako herritarrak elkartu dira; horietako asko abanikoen dantzaren beharrean. Afrikatik etorritako kale saltzaileak ari dira abaniko bat baino gehiago saltzen.

Tradizio luzea du Alprojak taldeko antzerki herrikoiak. Marije Aranburu duela 44 urte hasi zen taldearen sorreran, eta orain haren semea ari da aktore. «Alprojak sortu genuenean, dantza talde batetik gentozen, eta dantza aldera eramaten genuen antzezlana», aipatu du.

Jainkoen laratza antzezlan herrikoian, galtzagorriek orakuluari deitu diote. Ondotik, hiru proba gainditu behar izan dituzte, eta hiru pista lortu dituzte. Abentura horietan, Amazoneko kutxa batetik irten da Vladimir Putin. Eta pistetako bat Elon Musken eskutik lortu dute. Olinpora iritsi dira azkenean, eta Tiktoken koreografia bat egin ostean, jainkoak azaldu dira. Marik gizateriari bizitzeko aukera berri bat eman dio, azkenerako. Hartaz, nahi duenak dantza egin ahalko du datorren urteko Euskal Jaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.