Dastatzen lehenengoak

Zozketa batean parte hartu eta irabazi ondoren, Errenteriako Mugaritz jatetxean bazkaldu dute hamabi lagunek, denboraldi berria ireki baino egun bat lehenago.

Zeuk irekiko dituzu ateak zozketa irabazi zuten sei lagunek probatu zituzten, atzo, Mugaritzeko aurtengo menu berriak. A. CANELLADA / ARP.
Araitz Muguruza.
Errenteria
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irribarrea ahoan sartu dira Errenteriako Mugaritz jatetxean (Gipuzkoa) bazkaltzera joan diren hamabi lagunak. Irribarrez eta irrikan, beste inork baino lehenago baitzuten Andoni Luis Aduriz sukaldariak prestatutako plater berriak probatzeko aukera. Zerbitzari eta sukaldariak, berriz, urduri zebiltzan, hilabeteetan laborategian egindako lana lehenengoz aurkeztu behar baitzuten. Gaur ere izango dituzte kirioak dantzan, ofizialki irekiko baitute.

Zeuk irekiko dituzu ateak zozketaren bidez hautatu dituzte bazkaritarako sei lagunak —bi lagunentzako erreserba zen—. Mundu osoko berrogei herrialdetako 6.000 lagunek eman zuten izena. «Gehienak Euskal Herrikoak diren arren, badira oso urrundik izena eman dutenak: Iran eta Irakeko pare bat bazeuden, esaterako», zehaztu du Adurizek. Zorteko izan diren sei lagunetatik lau euskal herritarrak dira; beste biak, Espainia eta Bartzelonakoak.

Denboraldi berria iragartzeko betiko bideetatik aldendu nahi zutelako abiatu zuten zozketa: «Egunkari edo bestelako bideetatik jende asko konturatuko da, baina zozketak bestelako oihartzuna ematen dio denboraldi hasierari». Eta horren adibide garbia da egitasmoak izan duen arrakasta, sukaldariaren arabera. «Besteengandik desberdintzea nahi badugu, guk egin behar dugu zerbait».

Lehendik ere Mugaritzen izandakoak dira Antxon Aldaregia eta Arantxa Ruiz de Munain donostiarrak. «Pare bat ezkontza izan ditugu hemen; ospakizun berezirik gabe, berriz, behin baino ez naiz etorri ni, eta igaro dira urte batzuk ordutik», azaldu du Ruiz de Munainek. Biei gustatzen zaie jaki berriak probatzea, eta horregatik apuntatu zirela gehitu dute. Gainera, Adurizen lana gertutik ezagutzen dutela adierazi du Aldaregiak.

Mugaritzera joaten zen lehenengo aldia zuen Enara Lasartek. «Beti izan dugu sukaldaritza berria probatzeko gogoa, eta, zozketari esker, probatzeko aukera izan dugu». Bazkaldu ondoren egin ditu adierazpenak Lasartek: «Zapore benetan bereziak probatu ditugu; oso bazkari polita izan da, egia esan». Sorpresak ere izan dituzte bazkarian; izan ere, amaieran Adurizekin hitz egiteko aukera izan dute.

Bidaia historian zehar

Jatetxea irekitzen dutenean jokoan «izugarri» izaten dutela dio Adurizek. Atzo eman zituzten lehen hamabi bazkariak alde horretatik «proba» baten modukoak izan ziren. Laborategian egiten duten lana bidaiekin uztartzen du: «Birritan joan naiz Singapurrera, eta hango platerik onenak jaten eman ditut egunak; gustatzen bazait, hango sukaldera sartzen naiz ikastera».

«Jeniotasun handiko» menuak prestatu dituela adierazi du, eta, bat nabarmentzekotan, Dekadentzia izenekoa aipatu du Adurizek: «Erdi Aroko Venezian dago inspiratuta; hain ziren aberatsak han, azukrezko sardexkak egiten hasi baitziren, urrezkoak veneziar guztiek eskuratu zitzaketelako». Bezeroak ere halaxe jan beharko du, azukrezko sardaxkekin: «Ia janariak adinako garrantzia hartuko du irudikatzen duen historiako pasarteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.