Ez dago bazter hutsik, ez dago zantzurik gabeko izkinarik, azokak herri osoa hartua balu bezala: autobus geltokiaren inguruan berehala antzematen da karparen bat, eta Merkurio plazara heldu bezain laster hasten da usain festa: taloaren txigorra, txorizoa, erroskillen anis bolada sarkorra. «Argi dago Gernikako azoka izen handikoa dela», nabarmendu du Gatikako (Bizkaia) Etxebarria upategiko David Torrek. Erakusmahaietan, ogiek ohi baino potoloagoak dirudite, gaztaren gantzak distiratsuagoa, opilek mardulagoak. Erraldoiak dirudite taloek haurren eskuetan —09:30erako hasi dira jaten, hamaiketakoari itxaron barik—, eta bereziki astunak bezeroen besoetan zintzilik dauden poltsek. 310 postuetako bakarra ere ez dago pandero eta trikiti doinuetatik libre. Eta ohi baino ozenagoak dira, halaber, aldarriak Gernika-Lumon (Bizkaia) urriko azken astelehenean: «Nahiz teorian danok nahi dugun/ baserri giroa jagon/ ez dago erraz sasoian sasoi/ horri oratzea inon», abestu du Onintza Enbeitak eguerdian egin duten bertso saioan.
Ikusi gehiago
Irribarretsu dago Torre. Gernikakoari azoka «ona» deritzo, jende asko joaten baita. «Egun-pasa etortzen dira asko, jai giroan», zehaztu du, eta iradoki aldarte horrek bere postura bultzatzen duela bisitari andana bat. «Edaria ondo saltzen da». Sagardoa eta txakolina eskaintzen ditu, eta askok «sistematikoki» sagardora jotzen badu ere halako ekitaldietan, badira txakolina begiz jota dutenak ere. Eskaria orekatua da; ez, ordea, eskaintza. «Aurten uzta ez da izan nahi bezain ona. Baina lurra halakoa da: batzuetan ematen du oparoa izango dela, eta gero okertu egiten da. Txakolina eskasagoa izan da, baina aurten sagarraren urtea da».

Antzera gertatu da Zornotzako (Bizkaia) Etxerriaga sagardotegian: sagar uzta «bikaina» izan da, eta mahatsena, berriz, «oso txarra», Koldobika Bilbaoren esanetan. Horrez gain, kakiak eta indipikuak ere saltzen dituzte. «Klima aldaketa dela-eta, proiektu bat egin dugu pikuok landatzeko, eta atera egin dira». Ez da klima larrialdiak ekarritako gauza bakarra, dena den: ekoizpena, oro har, asko moldatu da haren eraginez. «Batzuetan, asko aurreratzen da, eta beste batzuetan, asko atzeratu. Lehen, sasoien araberakoa zen, eta orain, ez: agian abuztuan sagarra biltzen ari gara, uztailean eta abuztuan bero handia egin duelako eta sagar mordoa jausi delako. Edo agian azaroan oraindik sagarra jasotzen ari gara».
Askotariko produktuak
Egunak ohi baino luzeagoa ere ematen du. Lemoizko (Bizkaiko) Txaramelakoak 07:30ean heldu dira Gernikara, eta badira are goizago joan diren ekoizleak ere, Ainara Baguerren hitzetan. Ia astebete ibili dira Gernikakoa prestatzen. «Egun oso garrantzitsua da, erakusleiho oso ona urte osoko lana erakusteko». Garaia ere aproposa da, sasoi aldaketa betea baita: postuetan badira udako uztaren arrastoak, baina agerikoa da udazkeneko fruituen presentzia ere. Txaramelakoek hamabigarrenez ipini dute postua urriko azken asteleheneko azokan: bakarra jarrita hasi ziren, eskuz egindako pasta saltzeko, eta, poliki-poliki, haziz joan dira, ortuko produktuak eta bestelako proiektuak ere erakusten; bi erakusmahai ipini dituzte aurten. Baguerren irudiko, plaza probaleku ona da egitasmo eta proposamen berri horiek aurkezteko. «Jende asko dator, askotariko leku eta edadetakoak».

Bigarren urtea du, aldiz, Pete Ezkerrak, eta «espektatiba onak» dauzka. Lea Ibarrekoa izaki, umetan sarri etortzen zen azokara, eta iaztik bere produktuak ere ekartzen ditu hona. Daonaz markaren pean, berakatz beltza ekoizten du batik bat, eta hura baratxuri zuriarekin uztartzen du formulazio batzuetan. Gizaburuagan (Bizkaia) dauka laborategi sinbiotikoa. Aurten, produktu berri bat ekarri du: Nafarroako iturburuko gatz ekologikoa berakatz beltzarekin nahastu du, «bi harribitxi» horien ezaugarriak elkartzeko.
Klasikoagoa da Labegur okindegi eta gozotegiaren eskaintza. Azalpen gutxi behar ditu: postua askotariko pastelez daukate beteta, eta, atzeko apaletan, ogi harresi bat. Euskal pastel klasikoa ekarri dute, baita haren hainbat aldaera ere: ahabiaduna, sagarduna, gazta duena eta txokolatezkoa, Olaia Malaxetxebarriak zerrendatu duenez. «Baina gehienek euskal pastel klasikoa aukeratzen dute», zehaztu du. Azokan egoten den «giro ederra» azpimarratu, eta onartu du salmentarako egun ona izaten dela.

Salmentak salmenta, azokak baditu bestelako pizgarriak ere, eta erakargarria da sektore mordo bateko profesionalentzat: nekazariak daude, abeltzainak, ezti ekoizleak, upategietako ordezkariak, makina saltzaileak, baita oihala lantzen duten artisauak ere, besteak beste. Bitxigilea da Enara Artesaniako Janire Butron; aurreneko aldiz etorri da Gernikara. «Niretzat oso aukera ona da ikusgaitasuna handitzeko eta artisautzaren balioa indartzeko». Hori dela-eta ditu gustuko azokak, oro har, bidea ematen diotelako beste publiko batzuetara heltzeko, azken bezeroarekin kontaktua izateko, eta beste artisau batzuk ezagutu eta harremanak estutzeko. Buztin polimerikoa darabil berak, zehazki. «Oso ondo moldatzen da», adierazi du. «Formei eta koloreei dagokienez, aukera infinituak ematen ditu. Eta material oso arina da. Pieza handiak egin arren, ez dute kalterik egiten, ez baitira pisutsuegiak belarrietan jartzeko».
Haren berbei erreparatuta, aurreikus daiteke datorren urtean ere Gernikan egongo dela. Eta Merkurio plazako oholtzan izango dira, urtero legez, Enbeita, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso ere, urriko azken astelehenaren laburpena egiten. «Ze poza egun honen parte izatea», agur egin du Enbeitak, esker onez.