Iaz Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azokan bigarren gaztarik onena izendatu zuten Eulateko (Nafarroa) Remiro gaztandegikoa, baina, aurrekari hori gorabehera, Ricardo Remirorentzat (Eulate, 1970) ezustea izan da aurten lehen postua eskuratzea. «Zoramena da hemen irabazi izana, hunkitu ere egin naiz», adierazi du, saria lortu berritan. Gernikako azokan izan diren hirugarren urtea da.
Ikusi gehiago
Ezagunak ditu gainerako gazta ekoizleak, eta, ezin izan duen arren besteen produkturik dastatu, uste du maila nahiko parekatua dela, oro har, eta batez besteko kalitatea oso altua dela. «Zortea» izan da gailentzea, Remiroren iritziz, baina, hala ere, dohain bat edo beste aitortu dizkio bere gaztari. «Zaporea du, baina gehiegizkoa izan gabe, eta gatz puntu zehatza dauka. Oso gazta ona da».
Sektorea, makal
Saria garrantzitsua da, batetik, aintzatetsi egiten delako hala ekoizlearen azken hilabeteetako lana, nola ibilbide baten sendotasuna. Baina, bestetik, sariak ondorio praktikoagoak ere baditu. «Saltzen laguntzen du», nabarmendu du Remirok. Gaztandegiak makina bat sari lortu du dagoeneko, eta hori bultzada bat da zailtasunei aurre egiteko. «Sektorearen egoera oso txarra da: otsoak, burokrazia...», kexatu da irabazlea.
Remiroren esanetan, gazta ekoizleak «babesik gabe» daude, «egurra» ematen diete, eta inor ez da haietaz akordatzen. «Akordatzen direnean, beranduegi izango da», iragarri du; izan ere, gaztagile askok ofizioa laga dute daborduko. «Askok gazta egiteari utzi diote, baita lurreko beste lan batzuk egiteari ere».
7.400 euroan saldu da gazta irabazlea sari banaketaren osteko enkantean. Gautegiz-Arteagako (Bizkaia) Kanala Beach jatetxeak eraman du zatia. Jasotako dirua herriko Calzada zehar etxeari laguntzeko erabiliko dute. Bestalde, Arabako bi gaztandegi ere nabarmendu dira lehiaketan: Legutioko Bostibaietak erdietsi du bigarren postua, eta Munaingo Zabaletak hirugarrena.