ATZEKOZ AURRERA. Jose Javier Intxusta. Pintura saltzailea

«Denok dugu atera nahi duen artista bat barruan»

Artista izatearen inguruan hitz egin du Intxustak, baita CG Arte dendaren bilakaeraz ere: «Arreta handia eskaini behar zaio egunerokoari, eboluzioan ez galtzeko; beti adi egon behar duzu».

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Txikia zenean, etxeko egongelan esertzen zen Jose Javier Intxusta (Iruñea, 1973), eta argizariekin kartulina handi bat apaintzen zuen. Orain, argizariez gain, akuarelak, errotuladoreak, olio pinturak eta espraiak saltzen ditu, besteak beste,CG Arte dendan. Amarekin batera ireki zuen Iruñeko Arrosadia auzoko saltokia, eta, aurten, dendaren 25. urteurrena ospatu du; beti etorkizunari begira.

1998an, denda ireki zenuenean, zer saltzen zenuen?

Eskulanak egiteko tresneria soilik saltzen genuen. Denda oso txikia zen.

Orain, arte ederretako materiala ere saltzen duzu, ezta?

Bai. Nire zaletasuna pintura izan da betidanik; beraz, arte ederretako materiala saltzea planteatu genuen duela urte batzuk. Orain, olio pintura, akuarelak eta errotuladoreak saltzen ditugu, besteak beste. Egin dugun azkeneko berrikuntza grafitiak egiteko esprai erakustoki erraldoi bat eraikitzea izan da.

Zure zaletasuna lanbide bihurtu zen, beraz?

Bai. Amak proposatu zidan unibertsitatean nengoenean, eta ez nuen zalantzarik izan. Haurra nintzenetik, hainbat arte akademiatan egon naiz, baina eskolaz kanpoko ekintza bat zen. Orduan, amak proposatu zidanean, baietz esan nuen, ideia polita iruditzen baitzitzaidan.

Zergatik da garrantzitsua saltokia familiarena izatea?

Amarekin batera hasi nintzen, eta haren inizialak dira izenean agertzen direnak [CG: Cristina Gonzalez]. Egia da familia dendek hurbiltasuna transmititzen diotela bezeroari, eta guk asko baloratzen dugu hori. Lehentasuna ematen diogu bezero arretari, eta aholkuak ematea gustatzen zaigu.

Bezeroak nortzuk dira?

Denetarik dago. Pinturan hasi nahi duten pertsonak etortzen dira, aholkuen bila. «Margotzea gustatzen zait. Zer egingo dut?», galdetzen didate. Gero, ikasleak daude; arte eskolakoak eta akademietakoak. Eta, azkenik, profesionalak. Hemen arte ederrei buruz dugun aukera oso zabala denez, hasiberriak zein profesionalak etortzen dira.

«Margotu nahi dut. Zer egingo dut?» galdetzen dutenei, zer esan?

Lehenik eta behin, bezeroak zer gustatzen zaion bilatu behar du. Hainbat aukera ematen saiatzen naiz, eta teknika bakoitzaren abantailak eta desabantailak azaltzen dizkiot. Orain, adibidez, akuarela asko saltzen da. Akuarelaren zailtasuna da ezin dela ezabatu, baina oso erosoa da, edozein lekutan margotu baitezakezu.

Hazterakoan, askok margotzeari uzten diote, zergatik?

Nire ustez, artea derrigorrez irakatsi beharreko diziplina da, eta, hortik aurrera, margotzen eroso sentitzen denak gehiago margotuko du. Bakoitzak komunikatzeko bere diziplina aukeratuko du: irakurtzea, margotzea, argazkiak ateratzea...

Edonor izan daiteke artista?

Artea komunikatzeko modu bat da. Mundu guztiak du bere burua idazle izendatzeko eskubidea? Artista hitza altxor bat bezala gorde nahi baduzu, diziplina horretan oso ongi aritzen den norbaiten inguruan hitz egiteko, hori egiteko aukera daukazu, baina ez da aukera bakarra. Denok dugu atera nahi duen artista bat barruan.

Auzoan artista asko daude?

Arrosadian oso artista onak daude; izendatzen hasiko banintz, ez nuke amaituko. Nik uste dut artistak orokorrean ez direla ongi baloratzen. Dendara datozen artista guztiek bigarren lanbide gisa dute artea edo pintura.

Garai berrietara egokitzeko zailtasunak izan dituzu?

Bai, zaila izan da. Arreta handia eskaini behar zaio egunerokoari, eboluzioan ez galtzeko. Gauza berriekin hasteak beti ematen du beldur pixka bat; beti adi egon behar duzu.

Interneten dago zure hurrengo erronka?

Bai. Dendara ekarri nahi ditudan material asko daude, baina hurrengo pausoa online denda bat sortzea izango litzateke, dendan ditugun prezioei eutsita.

Zein da 25 urtez zabalik egoteko sekretua?

Ardura, lana, ilusio handia eta ahalegina, batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.