BCBL ikerketa zentroko zuzendari zientifikoa

Manuel Carreiras: «Dislexian huts egiten duten mekanismoak identifikatu nahi ditugu, eta horiek sakonki ikertu»

Ikuspuntu neurozientifikotik ikertu du Carreirasek dislexia, baina kontzientziazio lanaren garrantzia ere azpimarratu du. Entrenamendu berriak garatu nahi ditu: «Dislexia ezin da sendatu, baina arindu egin daiteke».

Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoa. BCBL
Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoa. BCBL
itsaso jauregi 2
2025eko urriaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garuneko konexioak eta gordelekuak ikertzen ditu Manuel Carreiras BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroko zuzendari zientifikoak (Lugo, Galizia, 1959). Bere ibilbide luzean, batez ere hizkuntzak ikasteko prozesua ikertu du, baita ikasketa prozesu horretan egon daitezkeen arazoak eta oztopoak ere; dislexikoei dagozkienak, esate baterako. Dislexia dutenek zailtasunak dituzte irakurtzeko eta idazteko, eta Carreirasek ikuspuntu neurozientifikotik aztertu nahi izan du hori. Egindako ekarpena aitortzeko, zientzialariari Espainiako aurtengo Dislexia saria eman zioten larunbatean, Zientzia eta Ikerketa kategorian.

Zergatik erabaki zenuen dislexia ikertzea?

Irakurketarekin zerikusia zuten gauzetan lan egin dut beti; beraz, esan dezakegu trantsizio naturala izan dela, orain aztertzen baitut zer gertatzen den irakurketa zirkuituan zerbaitek huts egiten duenean. Zerbaitek huts egiten duenean, dislexia dugu, zaila baita letrak soinuekin lotzea.

Nolakoa da garun dislexiko bat?

Hori ulertzen saiatzen gara. Hau da, zerk huts egiten du? Neurobiologian jasotako datu batzuk ditugu, eta gero aztertu egin behar dira. Dislexian huts egiten duten mekanismoak identifikatu nahi ditugu, eta horiek sakonki ikertu. Oraingoz, aparatu batzuk erabiliz garunaren seinaleak deskriba ditzakegu.

Baina garun dislexiko guztiak ez dira berdinak, ezta?

Dislexia maila desberdinak daude, mundu guztia ez baita berdina. Hori da entrenamenduak eta terapiak diseinatzeko orduan ditugun beste zailtasunetako bat; alor indibidual asko daudela. Nolanahi ere, desberdintasun indibidual horietaz gain, bada fenotipoen artean ohikoa den zerbait, burmuinaren irakurketa sisteman huts egiten duena deszifratzeko gai garela pentsarazten diguna.

Dislexiaren jatorria ikertu nahi duzu, beraz?

Bai. Badakigu zerk huts egiten duen pertsona dislexiko baten adimenean; hainbat seinale kognitibo eta biologiko ditugu. Erronka interesgarria da mekanismo horiek ulertu ahal izatea, ezagutzen baititugu horietako batzuk. Baina oso-osorik ezagutzea zaila da, hori jakiteko neurotransmisoreei, garuneko oszilazioei, adierazpen kognitiboei eta abarri buruz hitz egin behar baitugu. Eta geruzen muntaketa hori guztia ulertzea zaila da oraindik.

«Dislexia maila desberdinak daude, eta mundu guztia ez da berdina. Hori da entrenamenduak eta terapiak diseinatzeko orduan ditugun beste zailtasunetako bat; alor indibidual asko daudela»

Zer teknika erabiltzen dituzu garuna ikertzeko?

Erregistratzeko eta estimulatzeko aparatuak dira. Erabiltzen ditugun teknikak ez dira inbaditzaileak, informazioa pasiboki erregistratzeko ekipoak baizik. Eta, horretarako, erreakzio denborak eta begi mugimenduak behatzen ditugu; erresonante magnetiko funtzionala dugu, eta horri esker ikusten dugu zirkuituko zer eremu aktibatzen diren edo ez. Orduan, hainbat galdera egiten ditugu hainbat angelutatik, aparatu jakin horietako manipulazioetatik jasotzen ditugun seinaleak ulertu eta agerian uzteko, zer argi pizten diren ulertu ahal izateko.

Zure ikerlan batean lau hilabeteko haurrak monitorizatu zenituen. Zer aurkitu zenuen esperimentu horretan?

Neurobiologiari begiratzen diogu bizitzako garai desberdinetan. Garunaren erritmoa ulertu nahi dugu: esperimentu bat egiten ari denean eta pertsona hori garunaren aktibazioaren edo garuneko oszilazioen erregistroa egiten ari denean sortzen diren garuneko oszilazioak, alegia. Azkenean ikusiko dugu zenbait oszilazio ez direla kanonikoen antzekoak: desberdintasun batzuk daude haurtxoetan gertatzen diren oszilazioetan. Aurkitu dugu oszilazioak sortzen dituztela atal atipiko batzuetan, eta hori zergatik gertatzen den ulertzen saiatzen ari gara.

Nola tratatzen du informazioa lau hilabeteko haurtxo batek?

Prozesu hori garuneko hainbat geruzatan banatuta dauden neuronekin egiten dute, eta geruza horietako aktibazio desberdin horiek dislexiaren eta halako nahasmenduen erakusgarri izan daitezke.

«Interesgarria izango litzateke ikastetxean ulertzea dislexia zer den. Horri esker, haurrek hobekuntza bat nabarituko lukete ikaskuntzan, eta guztiz baztertuko litzateke 'alferrak' eta 'zalapartatsuak' diren ideia oker hori»

Iragar daiteke haur batek dislexia izango duen edo ez?

Hori egiten saiatzen ari gara. Etorkizuna iragartzen saiatzen ari gara, baina ez da erraza: ez dugu kristalezko bolarik. Ulertu nahi dugu ea posible den jakitea haur batek dislexia izateko aukerak dituen ala ez. Azkenean, jakin nahi dugu haur horrek zailtasunak izango dituen ala ez; eta, galdera horren erantzunaren arabera, adin horietan egiteko moduko terapiak edo ariketak diseina ditzakegu.

Ume horiek izandako eboluzioari gertutik erreparatuko diozu?

Bai. Haur horien garun jarduera ikertzen hasi gara, baina 7 edo 8 urte izan arte jarraituko dugu, orduan hasten baitira irakurtzen eta akats edo zailtasun horiek izaten.

Dislexia berandu diagnostikatzen dela esan izan duzu noizbait. Hori ere oztopo bat da?

Hala da, bai. Pauso garrantzitsua da 8 edo 9 urterekin detektatzea, orduan hasten direlako irakurtzen. Hor agertzen da, eta berandu da, haurrak sufritu egiten baitu. Nire ustez, dislexiaren inguruan kontuan hartu beharreko hainbat faktore daude.

Faktore horietako bat da ikasgeletan dislexia duen ikasleak jasotzen duen tratua?

Bai. Interesgarria izango litzateke ikastetxean ulertzea dislexia zer den. Horrekin, haurrek hobekuntza nabarituko lukete ikaskuntzan, eta guztiz baztertuko litzateke «alferrak» eta «zalapartatsuak» diren ideia oker hori. Ikaskuntza apur bat desberdina behar dute. Aldi berean, prozesu horretan guztian lagunduko duten ikaskuntza elementuak diseinatu beharko lirateke, hezkuntzaren bi zutabe nagusiak matematika eta hizkuntza baitira. Zutabe batek huts egiten badigu, arazo bat izango dugu.

Oraindik sentsibilizazio lan handia egin behar dela uste duzu?

Nire ustez, funtsezkoa da. Lurralde batzuetan, zenbait jarraibide araututa daude haur dislexiko horiek arreta berezia jaso dezaten. Dislexia duten haurren egoera eremu jakin batera mugatzen da bakarrik, eta, lan eginez gero, beste arazo batzuk ekartzea eragotzi daiteke, hala nola autoestimu baxua. Jarrera bortitza dute batzuek oraindik: «Gazte horiek esnatu egin behar dute», esaten dute batzuek. Uste dut aurrera egin dugula, baina oraindik asko dago egiteko.

Dislexiaz hitz egitean, alde batera utzi behar da sendatu hitza?

Bai. Dislexia ezin da sendatu, baina arindu egin daiteke. Dislexia hor egongo da, baina, entrenamendu intentsibo bat badago, arindu egiten dira dislexiko batek izan ditzakeen efektu asko. Baina oso prozesu indibiduala da: dislexiarekin lotutako arazo guztiak neurri handi batean arintzeko gai den jendea dago, kontzientziatuta dagoen jende-sare garrantzitsu bat dagoelako.

Nola jaso duzu Espainiako aurtengo Dislexia saria?

Bada, oso pozik eta harrituta. Sariak jasotzea beti da interesgarria, eta, gainera, zure ikerketak aitortzeko ematen badizute, are gehiago. Uste dut sari hori modu bat dela ia ikusten ez den zerbait, dislexia, ikusarazteko. Hau talde lana da: jendea esperimentuak diseinatzen ari da, eta ordu asko eskatzen ditu lanak. Baina ikertzen jarraitzeko gogoa ematen dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.