«Giroa ez zegoen jaietarako, denok doluan geunden eta». Juan Ignacio Arze ari da hizketan, duela 50 urte Gasteizko Blusen Batzordeko kide izandakoa. Ongi gogoan du 1976ko abuztuaren 4ko arratsalde hartan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazak ez zuela aurreko urteetako itxura bera: Zeledonen panpina San Migel elizako kanpandorretik jaisten hasi zenean, txupinazoak ez zuen poza leherrarazi, txaloak baino gehiago entzun ziren txistuak, eta isiltasuna, tentsioa eta amorrua nagusi ziren jendetzaren artean. Bost hilabete lehenago, Espainiako Polizia Armatuak bost langile hil zituen Zaramagako San Frantzisko elizan, eta hiriak ez zuen dolua erabat gainditua. Jaiak hastear ziren, baina inor gutxik zuen ezer ospatzeko gogorik.
Ikusi gehiago
Martxoaren 3ko sarraskiak goitik behera aldatu zuen Gasteiz. Bi hilabetez luzatutako greba mugimenduaren amaiera odoltsuak langile auzoak ez ezik hiriko bizimodu guztia ere astindu zuen. Hileta jendetsuak, atxiloketak, kartzelatuak eta etengabeko mobilizazioak izan ziren udaberrian etengabe, baita udan ere. Horregatik, Andre Maria Zuriaren jaiak hurbiltzen hasi zirenean, galdera bakarra zebilen kalean: posible al zen festa egitea oraindik odol arrastoak gordetzen zituzten kale haietan?
Blusen kuadrillek lehen erantzuna eman zuten. Uztailaren amaieran, Blusen Eguna bertan behera utzi zuten, eta handik gutxira iragarri zuten ez zutela jaietan parte hartuko. Erabakia ez zen egun bateko haserrearen ondorioa izan. «Aurretik koordinatutako erabaki bat izan zen. Martxoaren 3an gertatutakoa gogoan, errespetuz erabaki genuen ez ateratzea», azaldu du Arzek.

Blusen erabakiak balio sinboliko handia zuen. Haiekin batera, 1957tik hezur-haragizko Zeledon izan zen Jose Luis Isasik ere uko egin zion Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatzeari. Haren absentziak adierazi zuen hiriko ikurrik ezagunenetako batek ere ezin zuela normaltasunaren irudia irudikatu. Baina instituzioek ez zuten jaiak bertan behera uzteko asmorik. Jose Casanova alkate frankistak eta Jose Lejarreta Arabako Foru Aldundiko presidenteak eutsi egin zioten egitarauari, eta, Isasiren hutsunea betetzeko —Zeledon izateko—, Enrique Oribe nobillero ohia aukeratu zuen.
Erabaki hura ez zen izan denen gustukoa. «Batzuei gustatu zitzaien, baina beste askori ez», gogoratu du Arzek. «Martxoaren 3a oso presente zegoen oraindik, eta udalari esan genion Isasik ez zuela gehiago jarraituko. Handik aurrera, blusen batzordeak erabaki zuen Iñaki Landa izango zela Zeledon».
Zeledonen jaitsiera izan zenean, plazak ezohiko itxura hartu zuen. Aurreko urteetan baino jende gutxiago bildu zen, eta giroa urrun zegoen jaien hasierako ohiko algaretatik. Hezur-haragizko Zeledon agertu orduko, txistuak eta protesta oihuak entzun ziren. Handik gutxira, ehunka gazte ikurrinak eta amnistiaren aldeko pankartak astintzen hasi ziren. Ikurrina, artean legez kanpokoa, Gasteizko Batailaren monumentuaren gainera igo zuten. «Amnistia denontzat», «Presoak kalera», «Langileak, anaiak, ez zaituztegu ahazten» eta halako oihuak nagusitu ziren. Jaiaren lehen irudia ez zen festa batena izan; mobilizazio batena baizik.
Ongietorria presoei
Are, plazatik bertatik inprobisatutako kalejiran abiatu ziren hainbat lagun. Dato kalean Espainiako bandera ikusi zuten zintzilik: ez zegoen aurrez prestatutako ekintzarik, baina aukera ikusi eta bandera kendu, su eman eta haren ordez ikurrina jarri zuten. Gertakari hark eztanda egin zuen biharamuneko egunkarietako azaletan. Ordurako, etengabea zen Espainiako Polizia armatuaren eta manifestarien arteko tentsioa, kaleko jantzitako agenteak nonahi zebiltzan, eta hainbat lagun atxilo eraman zituzten.
Protestek ez zuten etenik izan hurrengo egunetan ere. Izan ere, amnistia bihurtu zen 1976ko Andre Maria Zuriaren jaien benetako aldarria, eta kalean etengabe entzun zen martxoaren 3ko greben ondorioz espetxean jarraitzen zuten langileak askatzeko eskaria.
Abuztuaren 6an iritsi zen albistea: Imanol Olabarria, Jesus Fernandez Naves eta Juan Jose Santisteban askatu zituzten, sedizioa egotzita hainbat hilabete kartzelan eman ondoren. Tren geltokian milaka lagunek egin zieten harrera. Handik Zaramagako San Frantzisko elizarantz abiatu zen manifestazioa. Baina, beste behin ere, Espainiako Poliziaren oldarraldiek hartu zuten kalea. Jende asko zauritu zuten, haietako batzuk larri. Gobernu Zibilak debekatu egin zuen hurrengo egunerako amnistiaren alde deituta zegoen manifestazioa. Guardia Zibilak hirirako sarrerak kontrolatu zituen, baina manifestariek Andre Maria Zuriaren plazan elkartzea lortu zuten. Dato kalean oldarraldiak hasi ziren berriro. Hirigunea borrokaleku bihurtu zen; zauritu egin ziren gazteak, adinekoak eta presoen senideak ere.

Jaiak amaitu arte ez zen baretu egoera. Zeledonen igoeran, berriro agertu ziren ikurrinak, berriro entzun ziren amnistiaren aldeko oihuak, eta berriro oldartu zen Polizia armatua. Suzirien kea eta ke potoena nahastu ziren Andre Maria Zuriaren plazan. Hiri osoan etengabea zen segurtasun indarren presentzia. Jose Miguel Ollora Txapela-k oso ondo gogoratzen du giro hura. «Poliziaren presentzia handia zegoen Gasteizen, eta baita haren aurkako erresistentzia indartsua ere. Errepresioak markatutako hiri bat zen gurea». Hark azpimarratu duenez, 1976ko jaietan gertatutakoak ondorio zuzena izan zuen hurrengo urtean: «Presioari eta bulegoetan egindako negoziazioei esker, 1977an ez zen Polizia armaturik egon jaietan, eta haien ordez miñoiak aritu ziren».
Agintariek, baina, normaltasun irudia eman nahi izan zuten, eta tokiko prentsaren parte batek ere dei egin zuen jaiak «despolitizatzeko». Kalean, ordea, beste errealitate bat zegoen: manifestazioek, atxiloketek, oldarraldiek eta amnistiaren aldeko aldarriek hartu zuten hiria.
Jai haiek amaitu zirenean, Casanova alkateak esaldi bat utzi zuen kroniketarako: «Hemendik aurrera, ezer ez da lehen bezalakoa izango». Aitortza bat izan zen. Izan ere, 1976ko uda hartan Gasteizek ez zuen jaiak bizitzeko modua bakarrik aldatu. Martxoaren 3ko sarraskiak hiria errotik eraldatu zuen, eta Andre Maria Zuriaren jaiak aldaketa haren ispilu bihurtu ziren.
duela 50 urteko gertaerak oroitu dituzte
Martxoak 3 elkarteak, Blusen eta Nesken Batzordeak eta Blusen Elkarteen Federazioak antolatuta, biktimei eta Poliziaren errepresioa pairatu zutenei omenaldia egin zieten atzo arratsaldean, Gasteizko katedral berriaren aurrean. Izan ere, 1976ko abuztuaren 6an iritsi ziren Gasteizera Martxoaren 3ko gertakarien ondorioz atxilotu eta Carabanchel (Espainia) espetxean preso izandako zenbait lagun. Herritarrek harrera egin zieten, baina Polizia gogor oldartu zitzaien. Ekitaldiaren bidez, antolatzaileek Martxoaren 3ko biktimak eta ondorengo errepresioa jasan zutenak gogorarazi zituzten, memoria historikoa Gasteizko jaien erdigunean kokatuta. Gertaerak gogoan, zapi beltzak jantzi zituzten parte hartzaileek.