DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Nor berean, tamarindoen itzalean

Alderdi Ederri zauri izugarria egin diote parking berriko lanek; hala ere, turisten erlauntzak hara eta hona dabiltza festa giroan sartu nahian.

xabier martin
Donostia
2010eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Garabi erraldoi itsusi batek ateratzen duen hotsa eta Pachelbelen Kanona re handian; dena batera. Nahasturik dabil erlauntza. Transilvaniako (Errumania) Stephanok mimoz igurzten ditu biolinaren sokak, baina aurrerabidea, garaje berrien lanak gehiago dira -nahiz eta planotik kendu argazki guztietan-. Turistak erdi galdurik dabiltza Alderdi Ederreko tamarindoen azpian. Kasik hesiaren kontra egiten dutetupust askok. «Baina zer da hau?».

Su festak ospea izan dezan badiara jaurti behar. Non kokatuko dituzte bestela? Alderdi Ederreko eremu polit bat hartu dute Italiako Bruscella Bartolomeo etxeko langileek. Ez zaie leku askorik geratzen kale artistei. Errumaniako beste musikari batzuek ere euren txokoa lortu dute udaletxearen aurrean, baita jendearen arreta ere; tinbaloa prestatzen ari dira hiruren artean, harizko musika tresna arraroa zinez.

Oraingoz lasai doa arratsa. Reala igo zeneko harreraren antzeko girorik ez da behintzat, baina festari darion usaina har dezake oinezkoak pixka bat saiatuz gero. Bulebarrean musikak ozen hartu du bertako erresuma; erraldoi eta buruhandiekin photo call bat egiten ari dira Bretxa aldean; hots, umeak haien ondoan grabatzeko aukera ematen dute. Udaletxetik atzera, berriz, kai aldera joanda, barrakak ikusten dira segituan.

Ez daude sanferminetan

Baina Alderdi Eder irla bitxia da. Atsedenean ikus daiteke jendea kaleko aulkietan, etzanda ere bai batzuk -ez bezperatik parrandan egon direlako sanferminetan baleude bezala-, eta, aldi berean, metro gutxira Miramar kaleko lanetan ari den harginak ez du etenik, nahiz eta ondoko termometro batek 28 gradu daudela esan. Aurrerabidearen gauzak.

Eguzkia apaltzen doa, baina erlauntza ez da erlaxatzen, alderantziz. Los Pasai txaranga pasatu da Kontxako pasealekutik halako batean, eta haien ekina ere Alderdi Ederreko txokora iritsi da. Ilunabarrean pil-pilean dago jadanik Tamarindolandia; hondartzatik jende andana igo da, baina suak jaurti ahal izateko eremua hustu behar da, segurtasun neurriak direla eta. Suak zerua kolorez pintatzen hasterako ia kale guztiek begiratzen diote inbidiaz Alderdi Ederri. Bere urrezko unean dago. Zezen-suzkoak ere distira gehiago eman dio gauerdian. Tamarindoak ere gaztetu egin direla dirudi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.