Pentsio duinen alde bota dute suziria piratek

Belaunaldien arteko elkartasuna defendatu dute Donostiako Piratek, eta Pentsiodunen Mugimendua omendu: hartako kideek jaurti dute suziria.

Matti eta Ezkila kapitaina, gaur, Donostiako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
Matti eta Ezkila kapitaina, gaur, Donostiako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko abuztuaren 9a
21:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zabaldu dituzte belak, batu dituzte indarrak, askatu dituzte amarrak, eta ekin diote mundu berri baten mapa marrazteari. Belaunaldien arteko elkartasuna izan dute lema Donostiako Piratek, eta Palestinaren aldeko aldarriak iparrorratz izanda jaurti dute gaur suziria: txupinazoarekin hasi dute Aste Nagusi Pirata.

Hori baino lehenago, itsasotik etorri dira portura Matti eta Ezkila kapitaina, eta koloretako jakaz eta zapi beltzez atondutako piratek harrera beroa egin dieten. Hain zuzen ere, aurten Pentsiodunen Mugimendua izan da Matti, eta haren ordezkariak arduratu dira piraten festei hasiera emateaz. Ezkila kapitaina pirata bihurrien kofradiakoa izan da, berriz; haurren kofradiakoa. 

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean Maria Serranok hartu du hitza, eta esker ona adierazi dio piraten mugimenduari, pentsiodunen borroka aitortzeagatik: «Txupinazoa botatzea ohore bat da, jai herrikoiak eta euskaldunak sinbolizatzen ditu eta. Baita belaunaldien arteko elkartasuna eta gazteek gure aldarrikapenekin duten atxikimendua ere. Hainbat eremutan, adinekoek eta gazteek gure eskubideen alde borroka egiten dugu: pentsio publiko duinak, etxebizitza eta enplegu duina, turismoaren kontrola, patriarkatuaren aurkako borroka, euskararen biziberritzea… Justizia sozialaren aldeko borrokek ematen digute indarra eta energia».

Txalo artean esan ditu Serranok hitz horiek. Ondoan izan du, hain zuzen ere, Ezkila kapitaina: «Beste urte batez Donostia abordatzera goaz. Guk ere, txikiak izan arren, handiak garela erakutsiko dugu. Denon artean, euskara eta feminismoa ardatz izanik, egitarau koloretsua eta oparoa antolatu dugu, eta guztiak zaudete gonbidatuta!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.