Lehen zibilizazioetan kalamua, mandragora eta erabelarra erabiltzen ziren, besteak beste, erritu erlijiosoetarako eta mundu espiritualarekin komunikatzeko. Neolitoan, kalamu landarea olioa eta ehunetarako eta soketarako zuntzak egiteko landatzen zen, adibidez. Gizakiak mendeetan izan ditu drogak inguruan, baina zer-nolako eragina dute garunean? Galdera horiei erantzuteko asmoz, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak Drogak: garuna eta gizartea erakusketa aurkeztu zuen irailaren 26an. Erakusketa azaroaren 28ra arte egongo da ikusgai, Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Eraikinean. Drogen gaia hainbat alorretatik landu dute, betiere ikuspegi zientifikoa ardatz izanik.
Drogen eta garunaren arteko harremana ezagutaraztea da helburua: drogek nola jokatzen duten eta zer eragin duten eguneroko bizitzan. Gainera, erakusketan arreta berezia jartzen zaie drogek arlo sozialean, historikoan eta ingurumenean dituzten ondorioei. Erakusketaren aurkezpenean, Ignacio Lopez Goñi Zientzia Museoko zuzendariak drogen inguruan zituen zalantzak azaleratu zituen, baina, horren harira, hau gaineratu zuen: «Ditugun zalantza asko zientziari esker argitu ditzakegu. Zientziak datuak eta erantzunak ematen dizkigu». Ikuspuntu zientifikoa hartu dute oinarri nagusitzat, «normalean lantzen ez den gai bati buruz aritzeko», zuzendariaren esanetan.
Erakusketa labirinto formakoa da, eta koloretan banatutako mihise multzo batez egina dago. Sartu bezain pronto, alor berdea dago, naturarena. Marta Revuelta proiektuaren komisarioaren arabera, hasierako partean kimika da ardatza: «Azaldu nahi dugu kimika ez dela gai abstraktu bat, eta inguratzen gaituen material guztia molekulaz egina dagoela». Horrekin lotuta, eremu naturalean jatorria duten droga zenbait aipatzen dira, baita animalia batzuek horiekin duten harremana ere. Izurdearen adibidea aipatu dute; izan ere, izurdeek globo arrainak jo ohi dituzte likido bat kanporatzen duten arte. Substantziaren ondorioz izurdea pixka bat intoxikatzen da, drogekin gerta daitekeen bezala.

Hurrengo atala urdinez margotuta dago: garunaren eremua. Hartan, garunak nola funtzionatzen duen azaltzen da, baita droga bakoitzak garunean zer eragin duen ere. Elena Puerta farmakologiako katedradunak erakusketan parte hartu du, eta, hain zuzen, ez du nahi proiektua drogei buruzko informazio panfleto bat izatea; Puertak uste du erakusketak modua eman behar duela informazioa zabaltzeko eta bisitarien artean elkarrizketa bat sortzeko.
Eremu urdinean, drogak bi taldetan banatzen dira, garunean duten eraginaren arabera: estimulatzaileak (anfetaminak, kokaina eta nikotina) eta inhibitzaileak (opioideak, kalamua eta alkohola). Lehenengoek garuna aktibatzen dute, eta bigarrenek, aldiz, lasaitu. «Droga bakoitzak mekanismo desberdina du, eta denek ez dituzte ondorio berak garunean. Substantziak neuronekin harremanetan jartzen dira, eta desberdin funtzionarazten dute garuna», azaldu du Puertak.
Neuronei begira
Droga bakoitzak bere mekanismoa du, baina, katedradunaren arabera, denek eragiten dute garuna saritzeko moduan. Dopamina neurotransmisore bat da, hau da, mezuak eramaten ditu neuronetatik beste zelula batzuetara. Horregatik, prozesu askotan parte hartzen du, hala nola mugimenduaren kontrolean, memorian, garuneko saritze sisteman —garuneko mekanismo horrek ekintza batzuk errepikatzera bultzatzen du norbanakoa— eta ikaskuntzan.
«Garuneko dopamina handitzea lotuta dago plazera handitzearekin; beraz, gorputzak atsegin gisa interpretatzen du dopamina areagotzen duen oro, eta horregatik ekintza errepikatuko du», katedradunaren esanetan. Hain zuzen, dopaminaren gorakada hori garrantzitsua da, Puertak azaldu duenez, lotuta baitago espezieen iraupenarekin berarekin: «Beharrezkoa da jatean, edatean, ugaltzean eta halako ekintzetan plazera sentitzea, gorputzak ekintza horiek beharrezkotzat hartzeko eboluzioan».
«Droga bakoitzak mekanismo desberdina du, eta denek ez dituzte ondorio berak garunean»
ELENA PUERTAFarmakologiako katedraduna
Esate baterako, haurrek negar egiten dute gose direnean, ikasi baitute horrela jaten ematen dietela: mekanismo biologiko bat da. Kontua da drogak kontsumituta dopamina gehiago sortzen dela beste bide batzuetatik baino. «Sagu batek uraren edo alkoholaren artean aukeratu behar badu, nahiago izango du alkohola, dopaminaren arabera erabakiko baitu», azaldu du katedradunak.
Baina gizakiek ez dute soilik dopaminak bultzatuta jokatzen. Garunaren aurrealdea, kortex prefrontal delakoa, lagungarria da zentzuz jokatzeko eta erabakiak hartzeko orduan: arrazoitzeko erabiltzen da. Hala ere, garunaren atal hori ez da guztiz garatzen 25 urte bete arte. «Nerabezaroan, dopaminaren sistemak plazera ematen digu etengabe, baina aurrealdeko eskualdea, zentzuz jokatu behar duena, oraindik ez dago erabat garatuta», gaineratu du katedradunak. Horregatik, nerabezaroa garuna zaintzeko aldi «oso garrantzitsua» da: «Garuna eratzen ari da, eta neuronak ukituko dituen edozer gauzak eragina izango du, eta garapenaren erritmoa aldatu».
Dopaminaz bestelakoak
Baina kimikaz eta biologiaz gain, pertsona bakoitzaren ingurune soziala ere kontuan izan behar da; ezin da burmuinak drogekin duen portaera bakarrik aztertu, eta aintzat hartu behar da egoera batzuetan errazagoa dela mendekotasuna garatzea beste batzuetan baino. «Ez gara dopamina eta kortex prefrontala bakarrik; testuingurua oso garrantzitsua da. Errealitatea bere osotasunean ulertu behar da, inguruak ere eragiten baitu», gaineratu du zientzialariak. Horretaz hitz egiten da erakusketako gune horian.
«Ez dugu transmititu nahi drogak txarrak direla eta utzi egin behar dituztela. Horrela ez da deus lortzen. Elkarrizketa edo gogoeta piztu nahi ditugu gazteen artean. Hori lortzea arrakasta handia izango litzateke», esan du Revueltak. Eremu horiek guztiak bilduz, drogen ibilbide historikoa errepasatzen duen ohol bat ere badago, eta hor ikusten da substantzia askok zer bilakaera izan duten. Bestalde, Zientzia Museoak Burmuina: afekzioak, babesa eta bilakaera hitzaldi zikloa prestatu du, eta Nafarroako Unibertsitateko hainbat adituk parte hartuko dute: erakusketan jorratutako gai batzuetan sakontzea da asmoa.