Ezarian. Artearen espoliazioa

Ebatsitako artearen gerra

II. Mundu Gerran lapurtutako 1.500 artelan baino gehiago aurkitu dituzte Munichen, adineko gizon baten etxean. Artea bidegabeki ebasteko erabili dira maiz gerrak, eta bake garaietan obra batzuk itzultzeko aukera dago.

Beckmannen Temptation  degeneratu gisa hartu zuten. TOPICAL PRESS AGENCY.
Iker Tubia.
2013ko azaroaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lazgarriak dira beti gerrak uzten dituen oinazeak. Oraindik ere, II. Mundu Gerrako gehiegikeriak agerian uzten dituzten datuak zabaltzen dira. Pertsonak ez ezik, ondarea ere biktima izaten da horrelako gertakarietan: kultura, historia... Arpilatzeak ohikoak izan dira gudetan, eta badira oraindik ere. Haiekin batera, artelanen espoliazioa. Berriki naziek ebatsitako 1.500 artelan aurkitu dituzte Munichen (Alemania). Aitzitik, zenbaezinak dira ostutako lan guziak.

Pablo Picasso, Henri Matisse, Marc Chagall, Emil Nolde, Franz Marc, Max Beckham, Paul Klee, Oskar Kokoschka, Ernst Ludwig Kirchner eta Max Liebermann. Margolari horien guztien lanak aurkitu dituzte, Alemaniako aldizkari batek esan duenez. II. Mundu Gerran naziek artelanak lapurtu egin zituzten, ondotik berriro saltzeko. Ihes egin zuten juduetariko askok, gainera, artelanak oso prezio baxuan saldu zituzten. Munichen aurkituriko obrak horrela lortu zituen Hildebrand Gurlitt galeristak 1930eko eta 40ko urteetan. Ondoren, haren seme Cornelius Gurlitten eskuetara igaro ziren. Etxean gorde ditu orain arte.

Munichen ziren artelanen artean Paul Rosenberg arte salerosleari lapurtutako koadro bat zegoen: Matissen Emakumea eserita. Rosenbergek 160 koadro gorde zituen naziengandik ihes egin aurretik. Marcen Paisaia eta zaldiak margolana ere gorderik zuen Gurlittek. Koadro hori Halle museoan zen naziak ailegatu aurretik. Bestelako aurkikuntzak ere egin dituzte. Katalogoetan ageri ez den Chagall bat eta Otto Dixek 1919an egindako autorretratu bat daude, besteak beste. Dixeren koadroa bere jabeak baizik ez zuen ezagutzen. Denak, baina, modu egokian gorderik zeudela esan du Meike Hoffman arte adituak.

«Berreskuratze komisioa»

Euskal Herrian ere izan zen arte espoliaziorik 36ko gerran, nahiz eta ez zen II. Mundu Gerraren parekoa izan. Ismael Manterola EHUko irakasleak azaldu duenez, arte bildumak zituztenetariko asko Francoren aldekoak ziren, horregatik ez dira kasu asko jaso. Aitzitik, EAJren inguruko familia batzuk artelanik gabe utzi zituzten. Horren adibide dira sotatarrak. Haien bilduma osoa ebatsi zieten, baita jabetzak ere.

Luis Gezala historialariak garai hartako egoera azaldu du: «Espoliazioa izan zen, baina halakoxea zen orduko egoera: indarkeria nagusitzen zitzaion zuzenbideari». Frankistek gisa guzietako ondasunak ebatsi zizkieten Francoren alde ez zirenei. Sotaren kasua paradigmatikoa dela uste du, baina beste familia askok ere ondasun guziak galdu zituzten, artelanak tarteko. «Egoera aurreikusita, Eusko Jaurlaritzak ondare artistikoaren salbamendua antolatu zuen». Espainiako gobernu errepublikanoak egin bezala, artelanak Euskal Herritik ateratzeari ekin zion Jaurlaritzak.

Bi arrazoik bultzatuta: alde batetik, ondare artistikoa borroketan suntsi ez zedin, eta, bestetik, ebatsi ez zezaten. Kultura sailak frankistek hartu gabeko euskal lurretan zeuden arte ondasunen inbentarioa egin zuen. Obra asko salbatzea lortu zela esan du Gezalak, eta atzerrira eraman zirela. Dena den, badira galdutako ondasun anitz.

Naziek hiriak arpilatu eta artelanak ebasteko taldeak antolatu zituzten. Beraz, gerra egoerak ahalbidetzen duen zigorgabetasunaz gainera, lapurretak egiteko antolaketa ere izan zen Europan. Frankistek, batik bat, ondasunak eta jabetzak espoliatu zituzten. Horren adibide, Frantzian antolatutako «berreskuratze komisioa». Gezalak azaldu duenez, hasieran erbesteratuei armak lapurtzeko sortu zen, baina ondasunak ebasteko erabili zuten gero. Haien artean, artelanak. Gerra bukatu eta Paris askatu arte funtzionatu zuen komisioak Espainiaren kontsulatuan.

Bestalde, arte lapurretarekin lotutako kasuen artean bi euskal kontrabandista aipa litezke. Angel Saldista eta Martin Bilbao. Lehenbizikoak Donostiako Okendo kalean gordetzen zituen negoziorako erabiltzen zituen obrak, denda batean. 1944an ebatsitako objektuz beterik zuen lokala. Objektu horiek nazien espoliazioaren eta Dibisio Urdineko kideek Errusian zein Polonian egindako lapurreten fruitu ziren. Bilbaok, berriz, Dibisio Urdinak Smolenskeko (Errusia) katedralean lapurtutako triptikoekin trafikatu zuen.

Artearen babesleak

Artearen espoliazioa ez zen XX. mendean bukatu. Hala, 2003. urtean Irakeko Museo Nazionala arpilatu egin zuten AEBek herrialdea inbaditu ondoren. Gertakari haiek Robert M. Edsel idazle eta enpresari estatubatuarra asaldatu egin zuten, eta jendaurrean salatu zuen espoliazioa. Haren aburuz, AEBek ez zuten lapurreta saihesteko neurririk hartu, eta horrek Irakeko ondare aberatsa babesteko axolagabekeria agerian utzi zuen. Izan ere, II. Mundu Gerran artelanak babesteko talde bat izan zen Europan: Monuments Men. Bagdaden horien beharra zegoela uste du Edselek.

Idazle estatubatuarrak ongi ezagutzen du taldea, liburua ere kaleratu zuen: The Monuments Men: Allied Heroes, Nazi Thieves and The Greatest Treasure Hunt in History (Monumentuen gizonak: heroi aliatuak, nazien lapurretak eta historiako altxor bilaketarik onena), (Center Street, 2009). 350 lagunek osatutako taldea izan zen, Europan barrena ibili zena. Alfred Rosenbergen taldeak Paris arpilatu zuen bitartean, Monuments Men taldea artea gorde eta jabeei itzultzen saiatu zen. Hasiera batean, borrokek eragindako kalteak arindu nahi izan zituzten, baina, gerrak aurrera egin ahala, helburuak zabaldu egin ziren. Espoliaturiko artelanak bilatzen hasi ziren. 1953. urtean bukatu zuten lana, eta, Edselek esan duenez, ebatsitako bost milioi objektu baino gehiago itzuli zituzten: liburuak, tailuak, eskulturak eta margolanak, besteak beste.

Hala, Vermeerren Astronomoa, eta Rembrandten Gaueko zaintza obrak berreskuratu zituen. Berdin egin zuten Da Vinciren Erbinudea duen dama margolanarekin, baita Miguel Angelen Madonna eskulturarekin ere. Azkenengo hura, aliatuak Brujasen (Belgika) sartu aurretik katedraletik ebatsi zuten Gurutze Gorriaren kamioi batean ezkutaturik. Horiek 1945ean berreskuratu zituen Monuments Men taldeak. Naziek Austriako meatze batean zituzten gorderik, eta dinamitaz lehertzeko asmoa zuten. Istorio horiek film batean ikusteko parada izanen da heldu den urtean. Izan ere, George Clooneyk The Monuments Men filma aurkeztuko baitu pantaila handian.

Ezin ahantzi, baina, aliatuek ere gerra egoera probestu zutela artelanak ebasteko. Hala, 2010ean AEBek 11 margolan itzuli zizkioten Alemaniari. II. Mundu Gerran ebatsi zituzten, 1945ean, Pirmasens herriko pinakotekan. Lan gehienak XIX. mendeko margolari Heinrich Buerkelek eginak ziren. Geroz eta gehiago dira aurkitutako koadroak, baina oraindik lan handia dago denak bildu eta haien jabeei itzultzeko.

Lan horretan buru-belarri dabiltza Europako zenbait herrialdetan. Herbehereetan, adibidez, Museoen Elkarte Nazionalak II. Mundu Gerran ebatsitako 139 obra biltzen dituen zerrenda osatu du, haien jabeek edo familiek ezagutuz gero, berreskura ditzaten. Lau urtez luzatu den ikerketak ahalbidetu du lana. Zerrenda sarean jarri dute, eta 61 obraren eskaria egina dute. Artelanen artean koadroak, marrazkiak, eskulturak, artisautza objektuak eta pieza erlijiosoak daude, eta egileen artean Matisse, Kandinsky, Lissitzky, Hans Memling, Jan van Goyen, Isaac Israels eta Hendrik Breitner. Museoen elkarteak esan duenez, «betebehar morala» da ebatsitako obrak haien jabeei itzultzea.

Bestalde, juduen elkarte zenbaitek haiei ebatsitako 20.000 obra baino gehiago biltzen dituen zerrenda osatu zuen 2010. urtean. Zerrenda horretan, 1940tik 1945era Frantzian eta Belgikan lapurtutako artelanak biltzen dira. Haien artean dira Vermeer, Rembrandt eta Leonardoren piezak, edo Picasso, Goya, Miro eta Daliren hamaika margolan. Elkarte horiek diotenez, zerrendak lagin bat baino ez du biltzen, eta orotara 650.000 artelan ebatsi zizkietela juduei. Gerra garaietako espoliazioari aurre egiteko tenorea da bakea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA