ATZEKOZ AURRERA

Edan bai, bildu ere bai

BERRIAlagun batzuek mahats bilketa egin dute Lantziegoko El Mozo Wines upeltegian. BERRIAren 20. urteurrenaren harira antolatu dute ekitaldia, eta abenduan Hatsa ardo propioa ekoitziko dute.

Mahats bilketan parte hartu zuten BERRIAlagunak, atzo, El Mozo Wines upategiko mahastietan. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Lantziego
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Kapela jantzi, eguzkiko krema ugari eman, eta bidean gora doaz zenbait BERRIAlagun Lantziegoko (Araba) mahastietan barrena. «Hartu eskularruak eta guraizeak», gomendatu die Itxaso Compañon El Mozo Wines upeltegiko nagusiak. Garai hauek mugimendu askokoak izan ohi dira Arabako Errioxako herrietan: mahats bilketa bete-betean dabiltza. Edateko gogoaz gainera, baina, esperientzia hori bertatik bertara ezagutzeko gogoa izan dute zenbait BERRIAlagunek. Atzoko bero sapa ez zen aitzakia izan, eta goiz osoan aritu ziren jo eta su.

Gehienentzat atzokoa izan zen mahatsa biltzen zuten lehen aldia. «Teoria, berez, badakigu, baina ea praktikan nola moldatzen garen», esan zuen Jon Ugarte bilbotarrak lanari ekin aurretik. Adi-adi entzun zituzten Compañonen azalpenak, eta, zalantzaren bat edo beste argitu ondoren, lanean jarri ziren guztiak: «Aurrera!». Kide bakoitzak ilara bat aukeratu, eta hango fruituak biltzen aritu ziren zenbait orduz.

Ekaitz Goienetxea bermeotarrak iaz hartzitu zuen mahatsa aurreneko aldiz: «Espero baino hobeto irten zitzaigun, egia esan». Hala ere, aitortu zuen «dezenteko ezjakintasuna» duela gaiaren inguruan: «Mahatsa batu, hartzitu eta ardo bihurtu arteko prozesua ez dut ondo ulertzen; ez dakit zer gertatzen den berez denbora horretan». Janire Itsaso Bilbaorekin batera eman zuen izena atzoko mahats bilketan, eta «oso gustura» aritu zirela kontatu zuten: «Bermeoko Talako Kantina tabernaren jabeak gara, eta marka honetako ardoa saltzen dugu. Uste dugu interesgarria dela saltzen ditugun produktuak bertatik bertara ezagutzea».

Mahatsa bilduta, traktoreko atoian kargatu eta upeltegira eraman zuten jasotako uzta guztia. «Bihar bertan hasiko gara hartzidurarekin, eta hamar egunez-edo egongo da hor», azaldu zuen Compañonek. Hartzidura prozesua igaro ondoren, prentsatzea baino ez da faltako.

Abenduan, ardo propioa

Aurtengo uzta «oso ona» izan dela aitortu zuen Compañonek: «Euriak eragin handia izan du; oso ondo etorri zaigu: mahatsa loditu egin zen». Era berean, mahats biltzea ere atzeratu zuen horrek, baina onerako izan dela uste du upeltegiko jabeak: «Mahatsa biltzeko garai oso aproposa da hau».

BERRIAk 20. urteurreneko ekitaldien barruan antolatuko dituen «azkeneko ekitaldietako bat» izan zen atzoko mahats bilketa, Uxue Barrenetxea BERRIAko marketineko kideak aurreratu zuenez. Eta, hain zuzen, horixe izan zen jardueran izena emateko aitzakietako bat Inma Muñoarentzat: «Plan desberdina da; merezi zuen halako jarduera berezi bat egitea urteurrenaren harira».

Alabaina, atzoko jarduerak jarraipena izango du. «Nekazariei ikusgaitasuna emateko, bertako produktuak zaintzeko eta urteurrena ospatzeko, ardo propio bat ekoitziko dugu», iragarri zuen Barrenetxeak. Hatsa izena izango du, eta Herrigoia markako ardoa izango da: «Azaro amaieran edo abendu hasieran egingo dugu botilatzea eta ardo dastatzea, eta, haren ondotik, salgai jartzea da asmoa».

Era berean, BERRIAlagunen garrantzia ere nabarmendu zuen Barrenetxeak: «BERRIAlagunentzat antolatzen diren ekintzak eskertza moduko bat dira: BERRIAk komunitateari egiten dion aitortza edo opari moduko bat». Lanak bukatuta, bazkari batekin biribildu zuten eguna mahats bilketan parte hartu zuten kide guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.