Ezohiko itxura du Bilboko Rekalde aretoak: afixek, elastikoek, komikiek, fanzineek eta enparauek hartu dute margolanetarako gordetako lekua, eta erakusmahaietan elkarrekin daude Batman eta Robin, faxismoa zanpatzera deitzen duten CNTren 1936ko kartelak, Valerie Solanasen Scum manifesto lanaren poltsikoko edizioa eta manga komikiak. Egunotan BALA Bilboko Arte Liburu Azoka egiten ari dira han, eta edizioa artea ere izan daitekeela sinesten duten egile askoren topagune bilakatu da aretoa.
«Gure asmoa da arte argitalpenak ikusgarri bilakatzea», azaldu du Pablo Salgado azokako antolatzaileak. «Mota askotako materialak daude hemen, baina espiritu sortzailea da denen ezaugarria». Ikusgai eta salgai dauden objektuak benetako artelanak dira, argitalpenak izateari utzi gabe: «Normalean, egile hauek nork bere lanak argitaratzen dituzte, eta haietako askok ez dute lan horiek banatzeko eta erakusteko gaitasunik. Horregatik, honen moduko azokak beharrezkoak dira».
Kike Infamek eta Alex Oviedok ondutako Fanzineak. Euskal autoedizioa izeneko lan mardula da azokan aurkezturiko nobedadeetako bat: laurehun orrialde baino gehiago dituen liburukotea da, Euskal Herriko fanzineen historia jasotzen duena: «Euskal Herrian, fanzineek garrantzi handia izan dute, eta deigarria da ikustea kultur esparruko egile esanguratsu askok fanzineak argitaratu dituztela euren ibilbidean: adibidez, Bernardo Atxagak Panpina Ustela, Pott eta Garziarena argitalpena, edo Alex de la Iglesia zinema zuzendariak Metacrilato eta No fanzineak», azaldu du Infamek.

RRV edo Euskal Rock Erradikalaren garaian, kontrakulturaren bozeramaile izan ziren fanzineak, eta 1990eko hamarraldian sekulako loraldia izan zuten. Baina Interneten garaian, fanzineek ba al dute etorkizunik?: «Oraingo egile gazteek arteari eta alde grafikoari ematen diote lehentasuna, baina betiko espirituari eusten diote, eta segitzen dute fanzineak argitaratzen. Azken finean, fanzineak sasien modukoak dira: edozein leku baliatzen dute sortu eta hedatzeko».
Liburua ispilu
Azokak dituen 50 erakusmahaietako batean dago Elisabeth Perez Fernandez ilustratzailea: Bonito argitaletxearen bidez, benetako artelanak diren liburuak plazaratzen ditu. Adibidez, Adriana Marineo ilustratzaile italiarraren Malos hĂ¡bitos izeneko liburuan ispiluak daude orrietan itsatsita, eta, ilustrazioak ez ezik, bere burua ere ikus dezake liburua hartzen duen irakurleak.Â
Bestelako egitasmoak ere baditu esku artean: «Inprimatze makina zaharrak erreskatatzen ari gara, eta horiekin lantegi bat zabaldu dugu Orozkon (Bizkaia), El Liron Gris izenekoa. Han serigrafiak, grabatuak eta bestelako artisau lanak egiten ditugu, oso maila txikian. Lanbide hori ia galduta dago, baina nik pentsatzen dut eskuz inprimatzeak baduela magikoa den zerbait, eta jendeari aukera hori jarri nahi diogu eskura».