Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Behiala Arabako herrialdean mintzo zen euskara ezagutzearen kariaz, hainbat iturritara jo daiteke. Toponimiaren azterketa lanek egundoko garrantzia izan dute azken hamarkadotan, ikertzaileak buru-belarri aritu baitira leku izenetan harrien antzera lugartuta gelditu diren arrastoen bila. Bazterrik bazter, hiztegien arrantza lanean aditu frankok jardun dute: Lopez de Gereñuk, Gonzalez de Salazarrek, Elena Martinez de Madinak eta Henrike Knorrek, besteak beste.

Halere, beste helduleku nagusi batzuk ere badira Arabako euskara zehaztasunez arakatu nahi izatekotan. Esaterako, Nicolao Landuchio italiarrak 1562 aldera osatuta zuen hiztegia, edota Betolatzaren doktrina bera (1596). Udako serie honetan aurkeztutako Joan Bautista Gamiz sabandoarraren bertsoak (XVIII. mendea) ere ezinbestekoak dira denboran barrena bidaiatzeko, eta, besteak beste, orriotan aztergai dagoen Julian Garcia de Albeniz araiarraren izkribu zaharra, zeina 1778 inguruan idatzi zuen.
Idazle araiarra
Julian Garcia de Albeniz Arabako ekialdeko muturrean dagoen Araia herrian jaio zen 1744an edo 1745ean, Aizkorri-Aratz mendigunearen oinaldean. Gurasoak eta aitona-amona guztiak araiarrak zituen. Dokumentatuta dagoenez, Arabako ekialdeko lautadan euskaraz mintzo zen XVIII. mendean eta, ziur aski, Garcia de Albenizek txikitatik euskaraz bizitzeko eta euskara gogo biziz ontzeko abagunea izan zuen.
Abade izateko ikasketak egin zituen, eta Aguraindik gertu dagoen Erdoña herriko abadea izan zen 1780. urtera arte. Herri xumea eta guztiz txikia zen Erdoña garai horretan, biztanle gutxikoa. Zilegia da pentsatzea, hortaz, euskara inon baino biziago egon zela han. Abadea bertan zela eta, euskarazko testu labur bat idazteari ekin zion. Heriotzara gerturatzen zelarik, gaixorik edo eriak esan behar zuen otoitza dakarren eskuizkribua da Acto contriciocoa eriotzaco orduracò izenekoa. Donostiako Julio Urkixo ondarean 1995. urtean aurkitu zuten.
Idazleak denbora tarte luze bat Erdoñan eman arren, Araiako bazterrak primeran ezagutu zituen, familia bertakoa zuen eta. Proposaturiko ibilbide honetan, beraz, Donemiliagako eta Asparrengo ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du ibiltariak. Izan ere, abioa Egilatz herrian jarriko du. Herritik irten eta zuhaitzen artetik sugetzen dabilen xendari segika, Aizkomendi trikuharri jaukalaren aurrean jarriko da berehala. Araban aurkitutako lehen monumentu megalitikoa da, aiurri berezia dariolarik. Barandiaranek jaso zuenez, trikuharria altxatzen den lekua ezaguna zen aspaldi. Nonbait, nekazari batek ezustean deskubritu zuen 1830. urte inguruan. Hasierako tumulua ez omen zen nolanahikoa, 30 metro inguruko diametroa erakusten baitzuen. Monumentuaren handitasunak aho bete hortz utziko du ibiltaria. Izan ere, bertako hamar harlauzek ganbara poligonal ederra osatzen dute.

Gero, urratsak egingo ditu Araia aldera, eta Marutegiko gaztelurantz abiatuko da astiro-astiro. Lehenengo esku hartze arkeologikoa 2020an egin zuen EHUko historialari eta arkeologo Jose Luis Solaunek. Haren txostena erabakigarria izan zen multzo historikoa Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko. Horri esker, ikerketa eta esku hartze arkeologikoko prozesu bati ekin zaio. Gaztelua XIII. mendeko lehen hamarkadetan eraiki zen, Nafarroako mugako defentsari eta San Adriango bide zaharrari lotuta.
Menditik jaistean, Ajuria-Urigoitia fabrikaren hezurdura eta ke hoditzar arrakalatua ikusiko ditu txangozaleak, Zirauntza errekaren ondoan. Euskal industria ondarearen zatiak dira aztarnok. Euskal Herri osoan geratzen den XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako burdingintzaren industria aztarrenetako bat da.
Egilatzen ibilian
Egilatz (Araba) herrian hasiko da ibilian. Andramari enparantzan aukera izango du Irantzu Lekuek gidatutako murala ikusteko. Latsarria estaltzen duen eraikinean ikusiko du artelan ezin dotoreagorik. Aizkomendiko trikuharrira laguntzen duen asfaltoari segituko dio gero. Monumentuaren ezkerretik doan xenda hartu eta gaztainondoak, ezkiak eta zumarrak lagun, trikuharriaren parkea zeharkatuko du.
Gero, eskuin-ezker egin ostean, trenbidearen gainetik igaro eta Mezkia herrira doan nekazari bideari muzin eginik, eskumatik antzematen den bidexka egokitutik jarraituko du. Bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea da. Aratz-Aizkorriko natur parkean goititzen diren tontor ugari bistaratuko zaizkio handik. Asparrondoko industria gunea inguratuta, makalen artean jarraitu, eta Ametzaga herrira helduko da.
Herrian, eskuinera hartu, eta, elizaren albotik igarota, errepidearen paraleloan doan pasealeku berdetik jarraituko du. Astigarrak, hurritzak, haritzak, lizarrak, intxaurrondoak eta gereziondoak ikusiko ditu ibilian-ibilian. Zalduondora doan errepidera helduta, asfaltoa gurutzatu eta zuzen ekingo du. Hariztian bizkor sartuko da. Iduia auzoan altxatzen diren lehen etxeak ikusiko ditu bizkor, eskuinaldeko zoko-moko ezkutuan. Uarte eta Apartegitik igaro ostean, Araiara helduko da.

Iturbero kaleari men eginda, Done Petri elizara helduko da. Ezkerrera hartu, eta behin udaletxeko plazan, Andra Mari kalean aurrera egingo du. Azken baserria atzean utzi eta metro gutxira, eskuinera hartuko du Marutegiko gaztelura doan bidea. Araiatik datorren errepidetxoarekin bat egitean, ezkerrera jo eta igerilekuetara helduko da bizkor-bizkor. Eskuinera hartuko du han, eta porlan gora doan bideari ekingo dio. Bidebanatze horretan, San Martin leku izena irakurriko du.
Hurrengo bidebanatzean ezkerrera egin eta berehala, eskuinetik maldan gora doan bidexkari men egingo dio. Hasieran ibiltariari ez dio bide horrek konfiantza handirik emango, baina, goratasuna hartu ahala, bidexka zabaldu eta erkamezti dotoreen artetik gidatuko du zalutasunez. Haritz sendoak amaituta, belardiak hartuko du lekukoa. Azkenik, goratasuna hartzeari eutsirik, erkameztian sartu eta alanbre bat igaro eta haren paraleloan jarraitu ostean, Marutegiko gazteluranzko bide zabalera iritsiko da. Marutegiko gaztelua bete-betean harrapatuko du behatoki horretatik. Izan ere, monumentu handientsua altxatzen da kareharrizko hormatzarraren gainean. Haren oinaldean jakingarriak dakartzan mural bat dago.
Gaztelura igo gabe, basabidean gora segituko du. Eskuinera hartuko du berehala, Zirauntza ibaiko iturburu aldera. Metro batzuk eginda, eskuinera joko du berriro. Gero, Aratz aldera doan basabidea laga eta Araiako parketxerantz abiatuko da. San Migel haitzaren lepora helduko da laster. Orduan, maldan behera abiatuko da. Zirauntzara eta parketxera doazen bideak banatzean, eskuinera hartu eta parketxerako urratsak egingo ditu. Marutegiko baserritik datorren bide zabalera irtendakoan, maldan behera abiatu eta bidezidorrari jaramon eginez, Araian sartuko da. Joanean egindako bide beretik egingo du itzulera.