Egunean Behin

Egunean Behin: «Hurrengoa belodromoan»

Egunean Behin aplikazioaren lehen finala jokatu dute 102 lagunek Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Eneko Agirrezabal segurarrak irabazi du txapelketa arrakastatsua.

jakes goikoetxea
2019ko abenduaren 15a
10:09
Entzun

Ikusleen eta parte hartzaileen txaloak; finalistak, irabazlea eta babesleak oholtzaren gainean; eta Kike Amonarriz aurkezleak, erdi brometan, erdi serio, erronka jo die antolatzaileei, Eibarko (Gipuzkoa) Codesyntax enpresako arduradunei: «Hurrengoa belodromoan». Donostiako belodromoaz ari da, milaka lagun har ditzakeen kirol azpiegituraz.

102 parte hartzaileko finala ondo atera baita Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa). Egunean Behin aplikazioko azken hilabeteetako jokalaririk onenak bildu dituzte, final batean. Ez dira edozein. Astean 50.000 pertsonak baino gehiagok jokatu dute partidaren bat sakelakoetarako euskarazko aplikazioan. Berez joko indibiduala dena, norberak nahi duenean egitekoa, saio kolektibo bihurtu dute.

Parte hartzaile adina ikusle elkartu dira. Finalistak, izena eta zenbaki bat paparrean, mahai txikietan; ikusleak, horietako asko parte hartzaileen lagun eta senideak, mahaien atzean.

Jokalarien artean bi tribu mota daudela esan du Kike Amonarrizek: «segurolak», erantzuna seguru jakin arte sakatzen ez dutenak, eta «behatz arinak».

Txalo artean hasi da finala. Txaloak finalistei eta txaloak Codesyntaxekoei, Amonarrizek nabarmendu duen moduan, «hau ez baita normala, lorpen hau gutxitan izan baita Euskal Herrian euskarazko produktu batekin». Asteko 50.000 parte hartzaileez ari da.

Finalistek lau partida jokatu dituzte beren sakelakoetan. Ohi bezala, hamar galdera eta bakoitzean hiru erantzun aukeran, ahalik eta zuzenen eta azkarren erantzuteko. Ikusleek pantaila erraldoi batean ikusi dituzte galderak, banan-banan, Amonarrizek azalduta. Galderak azaldu ahala, ikusleen arteko erantzunak, ahapeka.

Finala ez da ondo hasi. Bost puntu lortu dituzte batez beste, eta ia minutu bat behar izan dute erantzuteko. «Nik uste nuen gaur onenak etorri direla», kargu hartu die Amonarrizek.

C bitamina eta krokodiloak

Partida bakoitzaren ostean, sailkapena. Eta mikrofonoa sailkapeneko buruentzat, Amonarrizen eztenak jasotzeko. Bildutakoek ikasi dute mahatsak limoiak baino C bitamina gehiago duela, euskal izena daukan historiaurreko krokodilo mota bat dagoela (Musturzabalsuchus)...

Lau partidaren ondoren, hamar lagun sailkatu dira oholtza gaineko azken partidara. Eneko Agirrezabal segurarrak irabazi du. Azken saioaren aurretik ere bera izan da onena. «Zortea izan da asko» esanez arindu nahi izan du emaitza. Erakutsi du Egunean Behin-en korrika egiten bezain ondo moldatzen dela (2.14.36ko marka egin berri du Valentziako maratoian, 1.02.18koa Behobia-Donostian).

Irailean hasi zen jokatzen, lehengusu batek gomendatuta. «Lehen astean hirugarren bukatu nuen, baina hurrengo asteak ez ziren hain onak izan». Euskal kulturari buruzko galderak kostatzen zaizkio gehien; geografiakoetan, berriz, ondo moldatzen da. Egunean Behin-eko jokalari askok bezala, hainbat taldetan parte hartzen du: herriko batean, unibertsitateko lagunenean, kuadrillakoan eta lanekoan.

Leire Alberdi eibartarra ere sartu da hamar onenen finalean. Finalean ez du nahi bezain emaitza ona lortu, ordea: «Oso urduri nengoen eta ez dut galderak behar bezala irakurtzeko denborarik hartu. Askotan lehen erantzuna zapaldu dut, bat zapaltzearren, eta emaitza halakoa izan da, hamarretik lau asmatu ditut».

Egunean Behin-en erakargarritasuna nabarmendu du, arrakastak zerbait esan nahi duela: «Euskararekin ondo pasatzeko aukerak ere badauzkagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.