Bada eszena bat telesailaren hasieran, itxuraz hutsala den une bat. Bikote bat zorion postalak ikusten ari da denda batean. Eguneroko eszena arrunta da. Elkarrizketa xume bat, keinu txiki batzuk, ezer berezirik ez. Printzipioz, ez dirudi kontatzeko moduko ezer dagoenik. Haien arteko harremanak sendoa eta osasuntsua dirudi, baina zerbait gertatzen ari da haien bizitzan. Ez da hitzen bidez adierazten. Ez dago azalpenik, ezta aldarrikapen dramatikorik ere. Ez da ezer gertatzen, itxuraz. Baina zerbait gertatzen ari da. Ikusleak sumatu egingo du. Sentitu.
Hori izango da Babies telesailaren lurraldea: sotiltasunarena, esaten ez denarena, isiltasunek eta keinuek hitzek adina —edo gehiago— esaten duten lurraldea.
Stefan Golaszewskik urteak daramatza lurralde horretan lanean. Bere aurreko serieetan, sortzaile britainiarrak pertsonaiei erreparatu die pertsonaia izateari utzi eta pertsona bihurtzen direnean. Babies telesailak obsesio hori lurralde askoz mingarriago batera eramango du.
Pertsonaiek jan egiten dute, ogi txigortuak prestatzen dituzte, lanaz hitz egiten dute, zer jaka jantzi erabakitzen dute hotza egiten duelako, janaria erosten dute, txantxa zentzugabeak egiten dituzte, gauza hutsalengatik eztabaidatzen dute. Munduak martxan jarraitzen du, baina egunerokotasun horren erdian ume bat falta da. Eta hutsune horrek gela bakoitza beteko du.
Hasierako eszenan ikusleak ikusiko duen bikotea Lisa eta Stephen dira, telesailaren protagonistak. 30 inguruko bikote horrek haur bat izan nahi du, baina bat-bateko abortuak izan ditu Lisak, eta, horren ondorioz, minari eta sufrimenduari aurre egin beharko diete. Baina tragediaren erdian ere, haien arteko loturak distira egiten jarraituko du. Tragediak ez die bizitza geldituko; bizitza arruntaren barruan txertatuko da.
Haien istorioarekin batera, Amanda eta Daveren egunerokoan ere murgilduko da ikuslea. Bikotekide horiek ere beren erronkei aurre egiten ari dira, eta haien presentziak beste dimentsio bat emango dio kontakizunari.
Golaszewskik argi aldarrikatzen du hasieratik bikoteek ez diotela bikote izateari uzten tragedia bat jasaten dutenean. Dolua ez da pertsonaiak beste izaki mota bat bihurtzen dituen egoera dramatikoa. Haien bizitzaren barruan gertatzen da. Eta horrek egiten du are mingarriagoa.
Horregatik da hain garrantzitsua Siobhan Cullen eta Paapa Essieduren lana. Telesailaren zati handi bat isiluneen, etenaldien eta keinu txikien gainean eraikitzen da, eta bi aktoreek maisutasunez transmititzen dute pertsonaiek esaten dutena eta ez dutena. Ez dute sufrimendua erakusteko negar egin edo oihu egin beharrik. Askotan, begirada batek edo erantzun baten aurreko segundo bateko isiluneak esaldi oso batek baino gehiago kontatzen du.
Babies ez da ikuslea negar egitera behartzen duen telesail bat. Ez du sufrimendua melodrama bihurtzen. Ikuslea isilik egotera behartzen du. Eta isiltasun horretan hasten da benetako mina agertzen.
2026ko drama hunkigarri eta berezietako bat.
'babies'
Sortzailea: Stefan Golaszewski.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2026.
Aktoreak: Paapa Essiedu, Siobhan Cullen, Charlotte Riley eta Jack Bannon.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 55 minutu.
Generoa: Drama.
Â