Egurrezko jostailuen eskulangilea

Isabel Fernandez: «Irudimena lantzeko eta askatzeko balio dute egurrezko jostailuek»

Artisautzarekiko grinak eta lotura komunitarioak bat egiten dute Fernandez eskulangilearen lanean. 90eko hamarkadan hasi zen egurrezko jostailuen magia Euskal Herriko hainbat merkatutara eramaten, baina iritsi zaio erretiroa hartzeko ordua.

Isabel Fernandez egurrezko jostailu egilea
Isabel Fernandez, bere Gasteizko tailerrean jostailuz inguratuta, aurten, urtarril amaieran. BERRIA
unai etxenausia
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Kalitatezko artisautza eta benetakotasuna gero eta bitxikeria preziatuagoak bihurtzen ari dira. Badaude, ordea, ohiko merkatuaren presioei men egin gabe bestelako ikuspegi bat aukeratzen dutenak; euren produktuak zuzenean herrietara eta tokiko merkatuetara eramatea erabakitzen duten eskulangileak. Euren sorkuntzek bizia hartzen dute, kalitatea baloratzen dutenen irudimenak harrapatuz.

Jostailu gehienak enpresa erraldoiek ekoizten dituzten garai honetan, badira oraindik ere Euskal Herrian egiten direnak. Beste balio batzuk transmititzeko edo jostailu eredu berri bat sustatzeko egiten dituzte jostailu horiek. Zurezko jostailuen tradizioari eta xarmari eustea aukeratzen dutenak daude. Hori izan da azken hiru hamarkada baino gehiagoan Isabel Fernandez (Gasteiz, 1956) artisauaren funtsa: «Merkatuz merkatu pozik ibili naiz urteotan egurrezko jostailuak saltzen, baina iritsi zait erretiratzeko ordua».

Zurea ez da lanik ohikoena.

Ez da, ez. Delineatzaile industriala izan nintzen lehenik, eta diseinu eskolak ematen aritu nintzen hainbat urtez. Dena amaitu zen 90eko hamarkadan langabezian geratu nintzenean, eta nire bizitzarekin zer egin nahi nuen erabakitzeko denbora hartzea erabaki nuen, gustuko nuen zerbait aurkitu ahal izateko. Alacanten [Herrialde Katalanak] bizi ginen senarra eta biok, eta udalekoek artisautzarekin lotura zeukan zerbait egitea eskaini zidaten. «Zergatik ez naiz zurezko jostailuak egiten hasiko?», okurritu zitzaidan. Mundu zoragarri horretan sartu nintzen, eta gaur arte...

Eskuak, begiak, gustu ona... Zer behar da egurrezko jostailuen eskulangile on bat izateko?

Pasioa eta gogoa jartzea da garrantzitsuena. Hala ere, beti izan naiz oso ona eskulanetan, egurrezko jostailuak egiten hasi aurretik ere bai. Horrez gain, beharrezkoa da geldi ez egotea eta gauza berriak asmatzeko gogoa izatea. Niri azokak bisitatzea gustatzen zitzaidan, nire hurrengo asmakizunetarako ideia berriak hartzeko.

Nola antolatzen duzu lana? Senarrak laguntzen dizula esan izan duzu.

Lan asko daukadanean laguntzen dit senarrak; batez ere, margotzen, hori izaten baita nekezena. Halere, ni bakarrik ere moldatzen naiz askotan.

Askori zaila egingo zaie eskulangileen bizimodua nolakoa den imajinatzea. Erabaki ausarta izan zen zuretzat?

Ez da erraza eskulangilearen bizimodua, egurrezko jostailuaren sortze prozesu guztia gure esku eta begien paretik igarotzen baita. Ni ohitu naiz bizitza honetara. Izan ere, hiru hamarkada baino gehiago igaro dira lehenbizikoz Denian [Herrialde Katalanak] saltokia jarri nuenetik, eta orduz geroztik azokaz azoka nabil egurrezko jostailuak saltzen.

Nola aukeratzen dira azokarik onenak?

Udaletara deitu behar da, eta aukeratu egin behar izaten da. Getxo (Bizkaia), Errenteria (Gipuzkoa), Gasteiz, Iruñea... Hainbat eta hainbat leku ezagutu ditugu Euskal Herrian eta hemendik kanpo. Azoka bakoitza abentura bat da.

«Hainbat eta hainbat leku ezagutu ditugu Euskal Herrian eta hemendik kanpo. Azoka bakoitza abentura bat da»

Abentura bat?

Lekura iritsi, autoa aparkatu, eman dizuten lekua aurkitu, saltokia muntatu... batzuetan euria ere egiten zuen; beraz, imajinatu kaosa. Jende asko ezagutzen duzu. Aitortu behar dut zorte handia izan dugula, baina ez da beti lan erraza.

Pandemiak guztiz eten al zuen zure jarduna?

Aitortu behar dut lasaitua hartu nuela hasieran. Ordutik, azoka gutxiagotara joateko erabakia hartu genuen, eta, egun, Gasteizko Gabonetakora eta besteren batera bakarrik joaten naiz. Adina ere igartzen da; nekatuago sentitzen naiz.

Jostailuak saltzeko beste bideren bat aurkitu behar izan duzue merkatuetatik aldentzearen ondorioz?

Dendei ere saldu izan dizkiegu, baina ez zaigu inoiz asko gustatu izan. Beraz, dena guk geuk saltzea erabaki genuen: nahi duenak ezagutzen gaitu, eta eskatu beharrekoa eskatzen digu. Nahi duguna saltzeko askatasuna ematen digu horrek, eta gustatzen zaizkigun jostailuak bakarrik saltzen ditugu, onenak.

Egurrezko trenak, animaliak, panpinak, puzzleak... Jostailuz betea duzu tailerreko mahaia. Aldiro asmatzen al duzu merkaturatzeko jostailu berriren bat?

Gustatzen zait aukera berriak eskaintzea. Urtero, agian, ezin da, baina saiatzen naiz katalogora gauza berriak gehitzen.

«Dena guk geuk saltzea erabaki genuen: nahi duenak ezagutzen gaitu, eta eskatu beharrekoa eskatzen digu»

Mahaiko jostailu bakoitza bakarra izango da, gainera. Errepikaezina?

Berdinak direla pentsa lezake jende askok, baina guztiak dira ezberdinak. Ezinezkoa da eskuz egurrezko bi jostailu berdin egitea: eskuz mozten dugu egurra, eskuz margotzen dugu... Badakit ni ez naizela egurrezko jostailuak egiten dituen eskulangile bakarra, asko daudela munduan. Ez dut jostailu berririk asmatu, egurrezko tren asko daude munduan, adibidez; Erdi Aroan ere egiten ziren egurrezko jostailuak, unibertsalak dira. Baina esan dezaket jostailu hauetako bakoitza bakarra dela munduan. Artisau bakoitzak bere ukitua ematen dio gauza bakoitzari.

Halere, gutxi gorabehera bada ere, zer prozesu egin ohi duzu?

Lehenik eta behin, egurra mozten dugu; gero, lixatu, margotu, berriro lixatu, margotu, bernizatu... Prozesu guztiak dira ezberdinak, eta bakoitzaren kalitatea bermatzea da garrantzitsuena.

Zer zur mota erabiltzen duzue?

Pinua, gehienetan. Batzuetan, Soriaraino [Espainia] joaten gara pinu berezi baten bila. Gainera, toxikoak ez diren pintura bereziekin margotzen ditugu.

Margolaria, arotza, saltzailea... Apur bat denetik egiten dakizula dirudi.

Hala da. Nahitaezkoa da denetik jakitea kalitatezko zerbait sortu nahi bada.

Zein duzue arrakasta handieneko produktua?

Egurrezko zaldiko-maldikoak direla esango nuke. Hala ere, denetik dago, pertsonaren arabera asko aldatzen baitira gustuak. Horrez gain, egurrezko letrez idatzitako izenak eta altuera neurgailuak saltzen ditugu. Jostailu guztiak ondo aurkeztea ere oso garrantzitsua izan da niretzat; nik neuk egiten ditut horiek gordetzeko kartoizko kutxak.

«Ez da lehia zuzena, gurea ezberdina baita. Berezia da egurrezko jostailuak miresten dituenaren soslaia»

Plastikozko jostailuak dira iragarkietan ageri diren gehienak. Zaila da merkatu horretan lehiatzea?

Ez da lehia zuzena, gurea ezberdina baita. Berezia da egurrezko jostailuak miresten dituenaren soslaia. Izugarrizko lana dago jostailu bakoitzaren atzean. Nahi duenak eros ditzala plastikozko jostailuzko autoak, baina guk gauza landuak egiten ditugu. Azokaren batean gertatu izan zaigu artisau produktuak ez diren objektuak saltzen dituen norbait ondoan izatea, eta pena da. Baina, lehen esan dudan bezala: badakienak badaki.

Zurezko jostailuak beste kontu bat dira, beraz?

Duda barik. Jende askori izugarri gustatzen zaizkio.

Nagusiei?

Bai, bai. Haurtzaroarekin lotzen dituzte batzuek, eta jostailuen bildumak egiten dituzte beste askok. Jostailu horiek gehien eskatzen dituztenak ez dira beti haurrak izaten. Jostailu mota hori aitona-amonei edo gurasoei gustatzen zaie batik bat. Tradizionalak diren heinean, euren haurtzaroa gogorarazten die. Edozein modutan, haurrek ere gustukoak dituzte jostailu horiek. Are gehiago, belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira egurrezko jostailuak; ez dira botatzen.

Denboran iraungo al dute zurez eginiko jostailuek?

Zaila izango da. Gaur egun, haurrak makinekin jolasten dira batez ere, baina, egurrezkoak ikustean, euren arreta bereganatzen dute. Berritasun bat izaten da haientzat askotan. Halere, ez dira lehen beste saltzen; hori da errealitatea.

Jostailuak hezitzaileak direla uste al duzu?

Bai, noski.

Zerk bihurtzen ditu hezitzaile?

Irudimena lantzeko eta askatzeko balio dute egurrezko jostailuek. Haurrek bakarrik jolastu dezakete, edo gurasoekin bestela.

«Merkatuz merkatu pozik ibili naiz urteotan egurrezko jostailuak saltzen, baina iritsi zait erretiratzeko ordua»

Gasteiztarrentzat urteroko Gabonetako klasiko bat bilakatu da Lan Ta LanGabonetako artisautza azoka. Hor jarriko duzu azkenekoz saltokia.

30 urte baino gehiago daramatzat azoka horretara joaten. Erretiroa hartuko dut datorren urtekoaren ondoren, baina kostatuko zait geldi egotea. Agian, beti egingo ditut egurrezko jostailuak, baina askoz lasaiago egingo dut lan.

Urteak eta urteak lanean eta ikasten eman ondoren, gustatuko litzaizuke negozioarekin jarraitzeko norbait aurkitzea?

Noski. Beharrezkoa iruditzen zait tradizio hau sekula ez galtzeko, eta espero dugu norbaitek interesa izatea, baina, oraingoz, inor ez zaigu hurbildu galdetzera. Hala ere, badaude negozioa beste norbaiti uzteko aukerak; merkataritza ganberan galdetuko dugu laster. Norbaitek interesa balu, ikasle bat bezalakoa izango litzateke, eta dakidana erakutsiko nioke. Hori bai, tailerra nire gauzak egiten jarraitzeko mantenduko dut nik.

Zurezko jostailuak egiten dituen arabar bakarra zara.

Bai, ez dago beste inor. Merkatuz merkatu pozik ibili naiz urteotan egurrezko jostailuak saltzen, baina iritsi zait erretiratzeko ordua. Beraz, inork erreleboa hartu nahi ez badit, Araban ez da izango egurrezko jostailuen artisaurik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.