EHEren topaketa internazionalistak, «herri zapalduak saretzeko»

Nafarroa Behereko Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatu ditu topaketak, ortziraleko eta ebiakoitzeko. Bretainiako, Kataluniako, Korsikako eta Okzitaniako mugimendu militanteetako jendea gomitatu dute.

Euskal Herrian Euskaraz-eko militanteak, buruilaren 27ko ekintzan. PATXI BELTZAIZ
Euskal Herrian Euskaraz-eko militanteak, buruilaren 27ko ekintzan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2026ko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ebiakoitzean Baionan antolatu mobilizazioari begira jarri da EHE Euskal Herrian Euskaraz taldea. Horren karietara, topaketa internazionalistak antolatu ditu ortziralerako eta ebiakoitzerako, Baionako Biltxoko elkartean. EHEko kide Gorka Torrek zehaztu duenez, Bretainiako, Kataluniako, Korsikako eta Okzitaniako jendea gomitatu dute jardunaldietan parte hartzera.

Kulturen erresistentzia eta erresistentziaren kultura lelopean, bihar hasiko da aste hondarreko programazioa. Herri zapalduen arteko trukaketa eginen dute, eta, horretarako, bertzeak bertze, Biltxokon ostatua emanen dute, Torreren erranetan. Hain zuzen, gomitatu herri minorizatu bakoitzeko kolektibo edota sindikatuetako kideak ekarraraziko dituzte. Bretainiatik Douar Ha Frankiz alderdi politikoko kide batzuk jinen dira, adibidez, eta Kataluniatik, Fem Catalunya Nord kolektiboko kide batzuk.

Biharamunean, berriz, 10:00etan, Frantziako konstituzio linguizida hitzaldia emanen dute, bezperan etorri militante guziekin. Torrek zehaztu duenez, herrialde zapaldu guzietako kideek beren hizkuntzaren egoera plazaratu ondoan, etorkizunera begirako estrategia komuna planteatuko dute. «Guk bezala konstituzio zapaltzaile horren ondorioak pairatzen dituzten gutiengo guziak gomitatu ditugu. Indarrak batuko ditugu, nahi baitugu trukaketa hau beste borroka batzuk eramateko abiapuntua izatea».

«Guk bezala konstituzio zapaltzaile horren ondorioak pairatzen dituzten gutiengo guziak gomitatu ditugu. Indarrak batuko ditugu, nahi baitugu trukaketa hau beste borroka batzuk eramateko abiapuntua izatea»

GORKA TORRE EHEko militantea

Hitzaldia EHEk antolatu mobilizazioaren egun berean eginen dute, Euskal Herri «osotik» jin jendeak parte har dezan. Iazko buruilaren 27an Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren paretan egin zuten tindaketaren «segida gisa» hartzen dituzte topaketa internazionalistak. Euskaraz bizi nahi dugu tindatzeagatik, erakundeko lau militante epaituko dituzte otsailaren 5ean. Topaketetan, «bertze herrialde zapalduekin saretzea eta hizkuntza eskubideen inguruko hausnarketa egitea» izanen dute xede, euskararen kontrako zapalkuntza salatzeaz gain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.