ATZEKOZ AURRERA

Ehuntzen jarraituko dute

'100 urte, bakarrik ezin da!' dinamikak egun osoko festa egin du Gasteizen, bost egitasmo autogestionaturen urtemuga ospatzeko: «Lanean jarraitzeko asmoa dugu».

Gasteizko gaztetxetik abiatuta egin zuten atzo mendeurrena ospatzeko manifestazioa. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
H ala Bedi irrati librearen egoitzatik metro gutxira, Alde Zaharreko Kai plazan, hiriaren historia gorderik duten harrizko hormen artean, musika jamaikarraren doinuak entzun daitezke Gasteizko kolektiboen eta artisauen azokan. Irratiaren logoa duten elastikoak tolesten ari da Idoia Ibarrola Hala Bediko kidea, materiala erostera joandakoekin solastatzen ari den bitartean. Irribarre handi bat du aurpegian: «Oso pozik gaude. Ilusio izugarria dugu». Ospatzeko motiboak baditu. Eta harro egotekoak ere bai: «Erakutsi nahi dugu herri mugimenduoi esker piztuta dagoela Gasteiz».

100 urte, bakarrik ezin da! dinamika agurtu dute Gasteizen, egun osoko jai batekin. Herri mugimenduetatik jaiotako bost proiektu autogestionaturen urtemugak ospatzeko festa izan da. «Autogestioaren, asanblearen eta okupazioaren gainean ehundu den hiri bat badela erakutsi nahi dugu», nabarmendu du Erlantz Anda dinamikako kideak.

Ibilbide luzeko kolektiboak dira. Erroak hiriari lotuta dituztenak. 40 urte bete ditu Hala Bedi irratiak, 35 Gasteizko gaztetxeak, 15 Auzolana pilotalekuak, 10 Errekaleor auzo autogestionatuak eta 7 Sumendi guneak. 107 urte denera. Mendeurren bat. «Oraindik ere hemen gaudela ospatu nahi dugu. Indartsu gaudela erakutsi nahi diogu hiriari, eta lanean jarraitzeko asmoa dugula ere bai».

Jostunen modura harilkatu dituzte herri mugimenduetako gune esanguratsuenak hirian zehar: artisau azoka paratu dute Hala Bedi irratiaren parean; umeentzako txokoa Gasteizko gaztetxean; joareak eta konpartsak atera dituzte Alde Zaharrean, eta herri bazkaria eta kontzertuakegin dituzte Errekaleorren. Jendetzak hartu du parte ekitaldi guztietan.

Gaztetxearen kanpoaldean guraso ugari elkartu da goiz partean. Ateak parez pare daude zabalik, baina nekez sar daiteke inor gehiago barrura.Umetxoen aulkitxo ugari pilatuta daude sarreran, eta guraso eta haur mordoa barruan. Kontzerturik ez da gaur gaztetxean. Bai, ordea, magia ikuskizunik. Txan Magoaren emanaldiaz gozatzera joandako haurrek lepo bete dute gaztetxea. «Magia egitera goaz!», oihukatu die Txanek umeei. Eta haurrak aho zabalik utzi ditu paper zati bat eskuetan dantzan jarri duenean.

Abestiak eta zapiak

Umeen algarak gaztetxearen barruan entzuten diren bitartean, kanpoaldean manifestaziorako prestaketak egiten hasiak dira. 100 urte, bakarrik ezin da! leloa duten zapi laranjak lepoan lotu dituzte Gasteiz Kantuz abesbatzako kideek, ospakizunarekin bat eginez. «Eta elkartuko gara berriro, gure betiko lekuetan. Zabalduko ditugu besoak...». Zurekin batera abestia kantatzen ari direla agertu dira buruhandi eta erraldoiak, eta egitasmo autogestionatuen logoak dituzten banderatxoak astintzen hasi dira bertaratutakoak. Joaldunen tulun-tulunak zabaldu dio bidea Errekaleor auzora doan manifestazio koloretsuari. Han jarraitu dute mendeurrena ospatzen, eta, bidenabar, hiria ehuntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.