Bertsolaria eta matematikaria

Jone Uria: «EHUren ereserkiak zentzuz irauten badu, ona izango litzateke»

EHUren marka berritzeko unea baliatu dute hari ereserki bat egiteko. Jone Uriak jarri dizkio hitzak: «Nahiko unibertsala edo atenporala da, eta unibertsitate honi nahiko lotua».

Jone Uria, asteon, EHUren Leioako campusean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jone Uria, asteon, EHUren Leioako campusean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak marka berria du, eta, horrekin batera, ereserki bat ere bai. Luca Fanellik egin du melodia, eta bera bezala Matematika irakaslea —eta bertsolaria— den Jone Uriak (Getxo, Bizkaia, 1990) jarri dizkio hitzak.

Inork esan izan balizu inoiz ereserki bat idatziko zenuela, sinistuko al zenion?

Eskaera bitxi eta berezi asko heltzen zaizkigu, eta badaezpada ezetz ez nioke esango, baina, eszeptizismo puntu batekin, bai.

Nola jaso zenuen EHUren ereserkia egiteko enkargua?

Harriduraz. Egia da niri enkargua bera, proposamena, Luca Fanellik berak egin zidala, eta ez nuen batere espero, niretzat Luca departamentuko kide bat delako. Nire bulegora etorri eta istorio dena esplikatu zidanean, harritu ninduen: ez nuen espero.

Luca Fanellik doinua egin eta gero jarri dizkiozu hitzak zuk?

Hori da. Berak ja buruan bazeukan, eta kuriosoa da: bera italiarra da, baina melodia konposatzeko enkargua egin ziotenean, zortziko bat izan behar zuela erabaki zuen, hemengo doinu eta neurri tipikoa dena. Orduan, zortziko bat da. Niretzat errazago ezin zuen jarri.

Erraztasun horretatik harago, doinu horrek zuri zer esan zizun?

Oso ereserki doinua iruditu zitzaidan, baina, aldi berean, bertso doinu bat ere bai. Ez dut baztertzen momenturen batean plazarako erabili ahal izatea. Nahiko erraz sartu zitzaidan, eta erraza egin zitzaidan hitzak jartzea.

ehu-ren ereserkia

Ezagutzaren adaburua 

sendo behar bada egun 

ezinbesteko dira zenbaki 

letra, sare eta EHUn.

 

Gizarterako gizartearen 

euskaldun ehuneko ehun 

mundu hobe bat amestu eta 

gauzatzen da EHUn.

 

Eman ta zabal zazu jakintza 

zergatik izan gordeta 

denon eskura irakaskuntza 

ikerkuntza gogoeta 

ezagutzaren adaburua 

sendo behar bada egun 

ezinbesteko dira zenbaki 

letra, sare eta EHUn.

 

Gizarterako gizartearen 

euskaldun ehuneko EHUn 

mundu hobe bat amestu eta 

eman ta zabal zazu jakintza.

Eta nola jartzen zaizkio hitzak ereserki bati? Nondik hasi?

Banekien laburra izan behar zuela. Ondo, gehiegi esan behar duzunean kezka izaten delako zer eta noraino esan, baina esaten den gutxiak indar handiagoa hartzen du, eta ardura puntu bat ematen zidan horrek. Esan zidan asmoa zela EHU sigletan zentratzea, eta, orduan, hortik hasi nintzen. EHUn horrek iradokitzen zidan bazeudela beste bi ehun behintzat: batek ehun zenbakia esan nahi du, eta besteak sarea-edo. Beste bat falta zen, eta egun izan zitekeen. Horiekin saiatu naiz esaten, nire ustez, gure unibertsitatea ondo definitzen duten gauzak. Beste baldintza bat zen Eman ta zabalzazu leloa ere agertzea, eta erabaki nuen hori koplan joango zela. Hor emanda zetorren, bai hasiera, bai mezua zer izan behar zen: zer nahi dugun eman eta zabaldu.

«Ezagutzaren adaburua/ sendo behar bada egun/ ezinbesteko dira zenbaki/ letra, sare eta EHUn». Horrela hasi duzu ereserkia. Zenbakiak eta letrak irakasteaz gain, zer da unibertsitateko komunitatea saretu eta ehuntzearen garrantzia?

Nik hori aspalditik aldarrikatzen dut. Letrak eta zientziak beharbada orain oso bananduta ikusten ditugu, eta zer esanik ez arlo bakoitzaren barruko mundutxoa. Baina ez, ez dago hor marra zurrunik, eta, gainera, ez da egon behar. Aberasgarria da ez egotea, eta uste dut zentzu horretan polita dela ereserki hau bi matematikarik sortu izana.

«Gizarterako gizartearen/ euskaldun ehuneko ehun», segitzen du. Errealitate bat edo helburu bat adierazi nahi izan duzu?

Biak, nire ustez. Unibertsitate orok izan behar du gizarterako eta gizartearena izateko anbizioa, eta, tamalez, euskalduna ehuneko ehun izatea ez da errealitate bat oraintxe. Gure Matematika gradua da adibide bat; ikasleek ezin dute euskaraz amaitu. Badaude beste gradu batzuk egoera horretan. Euskaldun ehuneko ehun, amets bat bezala: izan nahi duguna adierazten duen esaldi bat ereserki horretan nahi nuen, eta uste dut horregatik sartu nuela.

«Mundu hobe bat amestu eta/ gauzatzen da EHUn».

Nik esango nuke badela leku bat edo izan beharko litzatekeela esparru bat independentea enpresa munduari, negozio munduari, administrazioari, politikari... Azkenean, hemen ikertzen dugunok badauzkagu gure ideologiak eta gure interesak, noski, baina guk objektiboago edo zintzoago izan behar dugu egiten dugun lanarekin, eta, zerbait ondo ez badago, zuzendu eta geure burua zuzentzeko prest egon. Orduan, zintzotasun horrek ematen dio mundu hobe bat amesteko aukera.

«Eman ta zabal zazu jakintza/ zergatik izan gordeta/ denon eskura irakaskuntza/ ikerkuntza gogoeta». 

Tristea da, baina ezagutzara ere iritsi da merkatua, eta publikatzen ditugun artikulu batzuk, aldizkarien arabera, ordainpekoak dira. Interesak eta merkatua ezagutzarengana ere iritsi dira, eta hor badago zer aldatu handia. Nire ustez, denon eskura egon behar dira ezagutza, gogoeta, irakaskuntza eta ikerkuntza. Uste dut unibertsitateak horretan lan handia egin dezakeela.

Horixe da ereserkia, horixe da mezua, eta betirako geratuko da.

Bertigo pixka bat ematen du, baina, aldi berean, hori nahi nuen: uste dut ereserkia nahiko unibertsala edo atenporala dela, eta unibertsitate honi nahiko lotua. Orduan, bertigo pixka bat ematen dit, baina gustatuko litzaidake ereserkiak irautea; zentzuz irauten badu, ona izango litzateke.

lotsabako

Ereserki gogokoena?
Euskaldunok ez daukagu ereserkirik, ezta? Beraz, nik gogokoenik ere ez.

Euskal Herrirako, zein?
Sortu behar genuke bat; letra ez enkargatu niri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.