Eduki sortzaileek bazkari bat egin zuten otsailean, eurek antolatuta, eta gaur, berriz, euren arteko lehenengo jardunaldia egin dute EITBren Bilboko egoitzan. Euskal Herriko edukien sorkuntza indartu eta komunitatea sendotzea izan da helburu nagusia. Horren harira, hainbat mahai inguru eta hitzaldi antolatu dituzte. Ane Urresti eta Eleder Iglesias sortzaileak izan dira aurkezleak, eta «eduki sortzaileen akademian» landu diren ikasgaiak aurkeztu dituzte: marka eta kolaborazioak, euskara, algoritmoa, jarraitutasuna, blokeoaren kudeaketa eta inprobisazioa. Gai horien inguruan hitz egiteko, hainbat sortzaile igaro dira oholtzatik, besteak beste Janire Atxurra, Ian Ruiz, Aitziber Grados eta Telmo Trenado. Egun osoko egitarau oparoa prestatu dute, 10:00etatik 20:00etara artekoa.
Ekitaldia ikasteko eta harremanak egiteko aukera izan da edukien sorkuntzaren munduan ari direnentzat edota horretan hasi nahi dutenentzat. Pantailaren atzean ageri diren aurpegiak bertatik bertara ikusteko parada izan da, baita elkar ezagutzeko ere. «Aprobetxatu zuen artean hitz egiteko eta harremanak egiteko. Hemendik hainbat kolaborazio ere sortu daitezke, ez marketina soilik. Eduki sortzaileen artean proiektu berriak sortzea ere gomendagarria da», azaldu die Iglesiasek bertaratu direnei.
Euskara eta euskal nortasuna komunikazio esparru berrietara eramateko sortu du EITBk Eduki Sortzaileen Eguna. Izan ere, sare sozialak dira belaunaldi berrien komunikazio tresna nagusia; bertan sortu eta helarazten dute edukia. Orain arte, zaila zen sareetan euskarazko edukia aurkitzea, baina, gaur egun, ohikoa da halako plataformetan euskarazko edukia sortzen dutenekin topo egitea. «Hasieran ez genekien zer gertatuko zen, baina askok bagenuen zerbait argi: edukia euskaraz egin nahi genuela. Euskaraz hitz egin nahi genuen, barre egin, eta gure bizipenak kontatu», adierazi du Urrestik. Hala, ikuspegi berak bultzatuta, hainbatek euskarari lekua egin diote sareetan.
«Ezin dut euskara nigandik banandu, eta neure burua gazteleraz hitz egiten ikusi nuenean konturatu nintzen ez nintzela ni»
JANIRE ATXURRA Eduki sortzailea
Gazteek adierazi dute bidea ez dela erraza izan, hasieran askok beldurra baitiote euskarazko edukia igotzeari. «Algoritmoak ulertuko nau?», galdetzen diote sortzaile ugarik euren buruari. Hala ere, askok euskaraz sortzeko hautua egiten dute, eta egunero euskararen alde egiten dutenetako batzuek bigarren mahai inguruan parte hartu dute: Ian Ruizek, Luma Otañok, Janire Atxurrak eta Paul Elizondok. Euskara: nortasuna vs irismena mahai inguruan, euskarazko edukia sortzeaz mintzatu dira.Â
Beste sortzaile askok, berriz, gazteleraz sortzen zuten edukia, baina konturatu ziren arraroa zela eurentzat. Atxurrak kontatu du bere lehen bi bideoak gazteleraz egin zituela baina ez zitzaizkiola gustatu: «Ezin dut euskara nigandik banandu, eta neure burua gazteleraz hitz egiten entzun nuenean konturatu nintzen ez nintzela ni». Hasieran gaztelerazko edukia egiteko arrazoi nagusia irismena zela argitu du: «Lehenengo zera pentsatu nuen: 'honetatik bizi nahi badut, erdaraz egin beharko dut'».
Ikasteko bide berria
Euskarazko edukia sortzea, besteak beste, euskara mundura zabaltzeko bide bat izan daiteke, bai eta euskaldun berriak trebatzeko ere. «Askok esaten didate euskara ikasten ari direla, eta nire bideoek ikasteko balio dietela», kontatu du Otañok. Azaldu duenez, euskaldunek soilik ez, euskara ulertzen ez dutenek ere haren bideoak ikusten dituzte: «Nik normalean ez ditut azpidatziak jartzen, eta jartzekotan euskaraz jartzen ditut. Baina, hala ere, jendeak edukia kontsumitzen du».
Bestalde, eduki sortzaileek iritzi diote euskara arlo akademikoarekin lotzen dutela herritar askok, baina, sare sozialetan eman dioten lekuari esker, estereotipoak alde batera uztea lortu dutela. «Betidanik pentsatu dut euskarak seriotasun mantu bat izan duela, eta askok pentsatzen dute euskara aspergarria dela», adierazi du Atxurrak, eta literatura aipatu du horren adibide gisa. Hala ere, azkenengo urteetan aurrerapausoak eman direla esan du: «Hainbat podcast eta telesail ikusi ahal dira euskaraz. Aisialdian dago, eta hori oso garrantzitsua da».
Sareetako euskarazko sortzaileak erreferente izan dira askorentzat plataformetan euskarazko edukia egiten hasteko. «Askok esaten didate euskaraz sortu nahi dutela baina lotsa ematen diela, eta oso tristea iruditzen zait», kontatu du Ruizek. Haren arabera, euskara mailagatik kritikak jasotzen dituzte sareetan, eta horrek asko baldintzatzen ditu. «Ikuspegia aldatu behar dugu, eta zera esan: 'behintzat saiatzen ari da', hori baita garrantzitsuena».