EITBren erreformarako lantaldea osatu dute

Alderdien ordezkariak izendatu dituzte talderako, baina ez dira lanean jarri. Erdibideko zuzenketa bat onartu dute, parekidetasunari buruz

Nerea Llanos (PP), Eukene Arana (Elkarrekin Podemos), Unai Urruzuno (EH Bildu —ordezkoa—), Ana Oregi (EAJ) eta Rafaela Romero (PSE-EE) EITBren erreforma integralerako lantaldean ariko dira, legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / ARP.
Urtzi Urkizu.
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
EITBren erreforma «integrala» egiteko lantalde bat sortzeko erdibideko zuzenketa onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 15ean, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin. Lantaldea atzo eratu zuten, baina oraindik ez dute egutegia finkatu. Presidentea nor izango den ere datozen egunetan zehaztuko dute. Talde bakoitzak ordezkari bana izango du lantaldean, eta honako hauek izango dira: Ana Oregi (EAJ), Jasone Agirre (EH Bildu), Eukene Arana (Elkarrekin Podemos), Rafaela Romero (PSE-EE) eta Nerea Llanos (PP). Seiak emakumeak, horrenbestez.

Ordezkoak, berriz, honako hauek izango dira: Juan Carlos Ramirez-Escudero (EAJ), Unai Urruzuno eta Josu Estarrona (EH Bildu), Lander Martinez (Elkarrekin Podemos), Gloria Sanchez (PSE-EE) eta Carmelo Barrio (PP).

EITBren Kontrolerako Batzordeko saioaren amaieran osatu zuten lantaldea. Aurretik, erdibideko zuzenketa bat onartu zuten parekidetasunaren inguruan, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek adostuta. Onartutako testuaren arabera, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio beharrezko neurriak hartzeko, EITBko kultur, gizarte eta politika saioetan emakumeen parte hartze parekidea bermatzeko. Bestalde, EITBri eskatu diote berdintasun planaren balorazio bat egiteko. Halaber, kultura, gizarte eta politika arloko eragileei eskatu diete parte hartze parekidearen helburuak aintzat hartzeko EITBko saioetan parte hartu behar dutenean.

Legebiltzarreko saioan, bestalde, EITBko LABeko ordezkari Andoni Basabek eta Arritxu Iribarrek agerraldia egin zuten, EH Bilduk gonbidatuta. Sindikatuko ordezkariek salatu zuten «beldurra» eta «kontrola» kontratazio prekarioan datzala: «Kontratu prekario batekin nekez egin diezaiokezu aurre zentsurari eta autozentsurari». Salatu zuten egun EITBn dagoen kudeatzaile sistema «bidegabea» dela, «legez kanpokoa, epaitegiek onartu duten bezala». LABeko kideek uste dute ardura postuak «etxeko langileekin» bete behar direla, «kanpotik inor ekarri gabe agintzera zein aginduak betetzera». Sindikatuaren arabera, legebiltzarreko talde denek azaldu zuten EITBn «zentsura» edo «kontrola» dagoela, EAJk izan ezik.

Administrazio kontseilua

Legebiltzarreko taldeek EITBko administrazio kontseiluan izan behar zituzten ordezkarien inguruan desadostasun batzuk gainditu ostean, joan den astean onartu zituzten datozen lau urteetarako hemeretzi kideak. Hilaren 28an egingo du lehen bilera administrazio kontseilu berriak, aurrekoaren azken ebazpena onartu eta gero. LABekoa izango da aurrerantzean ere sindikatuen ordezkaria, aurreko legealdian bezala: Edorta Aranaren ordez, Diego Gonzalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.