Ekainean itxiko dute Donostiako Eureka zientziaren museoa, behin betiko

Kutxa Fundazioak 2021ean iragarri zuen museoa itxiko zuela, eta orain zehaztu dute noiz. Sinadura bilketa bat jarri dute martxan, itxieraren aurka egiteko.

Eureka zientzia museoa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Eureka zientzia museoa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
2026ko martxoaren 25a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragarri zuten itxiera, eta iragarri dute eguna: 25 urteko ibilbidearen ondoren, ekainean itxiko dituzte Donostiako Eureka zientziaren museoko ateak. Museoaren jabea Kutxa fundazioa da, eta hala jakin ahal izan dute Eureka Bizirik mugimenduko kideek, bertako langileen bitartez.

Fundazioak 2021ean eman zuen aditzera museoa itxiko zuela, eta, horrekin batera, Tabakalerara «lekualdatuko» zutela, Eurekan sortutako dibulgazio eta hezkuntza jarduerak «berritzeko eta birformulatzeko» xedez. Fundazioak nabarmendu zuen gunea Tabakaleran kokatzeak nabarmen lagunduko zuela «Gipuzkoako gizartearen premiekin hobeto konektatzen».

Albisteak hautsak harrotu zituen, ordea, nola zientzia komunitatearen artean, hala herritarren artean, eta jende asko hasiera-hasieratik agertu zen Miramongo museoaren itxieraren kontra. Horixe erakusten du Change.org plataforman atzo abiatutako sinadura bilketak ere. Bertan salatu dute «lekualdatze» gisa iragarritako hori egiazki itxiera baino ez dela. Izan ere, zehaztu dutenez, Miramonen kokatutako eraikinak —8.000 metro koadro ditu— zientzia, planetarioa, behatokia eta hezkuntza eskaintza hartzen zituen, eta Tabakaleran egin asmo dutena 500 metro koadroko eremu bat da, eta eduki zientifikoko erakusketa bat hartuko du.

Hori dela eta, sinatzaileek iritzi diote itxierak «galera konponezina» ekarriko diola hezkuntza zientifikoari, eta dei egin dute orainerako zein etorkizunerako «funtsezko leku bat» defendatzeko. Elkarrizketa sortzen saiatu nahi dute, museoa desagertu ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!