Ekaitzaren hondarrak

Ika-mika sortu da hainbat hondartzatan bota duten hondarraren harira. Jaizkibeldik ekarria da hondarra, Pasaiako kanpoko portua eraiki behar zuten Asabaratzako hondartzatik. Aztiren ustez, Zurriolan soilik zen beharrezko.

Jaizkibelgo Asabaratzako bankuko hondarra punpatzen itsasontzitik Zarauzko hondartzara. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaizkibelgo itsaslabarrean bada hondar biltegi handi bat, Asabaratzako hondartzaren azpian. Duela 25 bat urte hasi ziren aztertzen, eta haren hondarrarekin Zurriolako hondartza sortu zuten 1995ean. Geroztik, Jaizkibelgo kanpoko portuaren proiektuak egin zuen ezagun, azpiegitura erraldoiaren porlanezko egitura hondar banku horren gainean eraiki nahi zutelako. Ekologistek, zientzialariek, Aztik eta beste hainbatek ohartarazi zuten horren arriskuaz, bankuak Gipuzkoako hondartzetan eduki zezakeen erabileraren garrantziagatik. Portuaren proiektua lozorroan dago —ofizialki baztertuta ez badago ere—, krisi ekonomikoak azpiegitura handietan eragindako moteltzearen ondorioz. Aurten berriz irten da hedabideetara Asabaratzako bankua, horko hondarra bota baitute Bizkai-Gipuzkoetako hainbat hondartzatan, neguko itsas denboraleek eragindako hondar galerari aurre egiteko. Zenbaitetan, ika-mika dezente sortu du operazio horrek.

Harrituta erreparatu diote Jaizkibel Bizirik elkartekoek egunotako ika-mikari, eta ez dute zuzenean parte hartu nahi izan, baina ez kezka eta zalantza falta dituztelako. Javier Belza ingurumen ekonomialari eta elkarte horretako kideak oroitarazi du Jaizkibelgo itsaslabarrean superportua egiteko mehatxua zegoenean etengabe ohartarazi zutela Asabaratzako hondar bankuaren garrantziaz. «Esan genuen hura porlanez estaltzeak kalte handia ekarriko zuela hondartzetara, eta orain argi geratu da hala zela».

Edonola ere, Belza ez dago lasai aurten gertatu denarekin. Espainiako Kosta eta Ingurumen Ministerioak zuzenduta, eta Cedexek (Herri Lanetako Ikerketa Zentroa) gainbegiratuta, 670.000 metro kubo hondar bota dituzte Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat hondartzatan. Hain zuzen ere, 330.000 m3 Zurriolan (Donostia), 100.000 Zarautzen, 80.000na Mutrikun eta Getarian, 30.000 Hondarribian eta 50.000 Bakion.

Bizkaian egin dituzte bestelako mugimendu batzuk ere, hondartza batzuetatik atera eta besteetara hondarra botata. Esate baterako, Plentziatik 20.000 metro kubo eraman dituzte Astondo hondartzara.

«Beharrezko eta legezko tramite guztiak beteta» egin ditu hondar mugimenduak Espainiak, Gipuzkoako Gobernu Ordezkariordetzak adierazi duenez. «18,41 milioi euro gastatu dira kostaldea lehengoratzen, ahalegin ekonomiko itzela eginda denbora labur batean, eta erabat bermatuta dago egindako lanek ez dietela kalterik egingo ingurumenari eta natur zikloei».

Jaizkibelgo hondar bankua 1992an hasi ziren aztertzen, eta orduan egin ziren lehen bolumetria eta ezaugarri azterketak. Aztik egin zituen Iberinsa ingeniaritza enpresarentzat: 31,7 milioi metro kuboko bolumena zuen hondar bankuak. Handik gutxira sortu zuten, Aztik gidatuta, Zurriolako hondartza artifiziala. Jaizkibelgo hondar bankua erabili zuten horretarako: 1,1 milioi m3 hondar behar izan zituzten. 2008an Ekos ingeniaritza enpresak emandako datuen arabera, 30 milioi metro kubokoa zen hondar bankuaren bolumena. Arazoa da handik ateratzen den hondarra ez dela berreskuratzen. Hots, Asabaratzakoa biltegi bat da, eta kendu ahala, bukatu egiten da.

Zurriolan bakarrik behar zen

Azti-Tecnaliak soilik Donostiako hondartzetan lan egin du modu zuzenean, bertako udalarekin hitzarmena baitu. Adolfo Uriarte Aztiko Itsas Ikerketako Unitateko zuzendariak garbi dauka bere iritzia: Donostiako kasuan, Zurriolan bakarrik da egokia Jaizkibelgo hondarra botatzea. «Kontxa eta Ondarretako hondartzetan ez da batere egokia hondar hori ekartzea, granometria ezberdina duelako, eta hondartzetako morfologia aldatuko lukeelako. Ikusi da antzeko ezaugarriak dituzten beste hondartza batzuetan hondar hori botatzea ez dela erabakirik egokiena izan. Orain, arazotxo batzuk sortuko dira, baina hor guk ez dugu esku hartu».

Uriarteren ustez, presaka aritu dira. «Premiazko prozedura hauetan mundu guztia urduri jartzen da; dirua dago, eta erabili egin behar da, eta batzuetan ez dago denbora nahikorik erabakiak hartzeko. Guri galdetu izan baligute, esate baterako Zarautzen ez zen hondarrik botako».

Ez Zarautzen, ez Getarian, ez Mutrikun, ez Hondarribian, ezta Bakion ere. «Hondartza horiek hondar galera handia izan zuten itsas denboraleetan, baina oso epe laburrean berreskuratzen dute. Guk ikusi dugu Zarautzen sekulako galera gertatu zela otsailaren 2ko denboralean, baina handik gutxira hondar asko berreskuratu zuela. Kontua da natur zikloak errespetatzea, ulertzea eta kuantifikatzea». Beste kontu bat da Zurriolakoa, Aztiren ustez. «Hondartza artifiziala da, eta hondar galera handia izan du sortu zenetik hona. Gainera, besteek ez bezala, ez du hondarra berreskuratzen eta beharrezkoa zen berria ekartzea».

Noiz eta non bota behar da hondarra? Tamaina, forma eta kolorea bat datozenean. «Hondarra aldatzen badiozu hondartza bati erabat aldatzen dituzu bere profila eta morfologia; eta, gainera, ez du luze iraungo».

Jaizkibelgo hondar bankuan geofisika azterketak egin ditu Aztik, eta aurten hondar asko kendu bazaio ere, uste du oraindik ere luzerako materiala baduela. «Eragina ere ez da oso handia, Asabaratzako hondartza dagoelako bakarrik, eta oso gutxitan ateratzen denez azalera, oso erabilera txikia daukalako». Garbi ohartarazi du hau, ordea: «Hondar hori ez da berreskuratzen. Ez da baliabide berriztagarri bat. Hango hondarra hartu eta botatzen baduzu hondartza batera, itsasoak jaso eta banatuko du hark erabakitzen duen moduan, baina Asabaratzara ez da inoiz itzuliko».

Edonola ere, hondarra ateratzen dutenean, ingurumen eragineko azterketak egin ohi dituzte, eta neurtu ohi dute zenbatekoa den ateratzeko kopuruaren muga, hango animalia komunitateek berriz okupatu ahal izateko. Araudiak dio gutxienez metro bateko oinarri biguna egon behar dela hondarra atera ahal izateko.

6.000 metro kuboko edukierako ontzi batek 110 bat bidaia egin ditu Jaizkibelen eta hondartzen artean. 700 metroko tutu batekin egin du hondarra hartu eta botatzeko operazioa, punpatze sistema baten bidez. Belzak gogoratu du Jaizkibelgo itsaslabarra ekosistema oso kaltebera dela eta Ozeana bezalako erakundeek eskatu dutela itsas korridore batean sartu eta babesteko haren balio ekologiko handia. «Ez dago informaziorik bankuaren egoeraz, hondarra ateratzeko mugaz, haren garapenaz. Eta, gainera, kezkatzen gaitu, oraindik ere, kanpoko portua egiteko mehatxuak hor jarraitzen duela». Gaur-gaurkoz Jaizkibelgo itsaslabarrak Europako Interes Komunitarioko Toki dira (LIC), baina babes legerik ez daukate oraingoz.

Ika-mika Zarautzen

Hondarra bota izanak (edo ez izanak) ika-mika sortu du zenbait herritan. Esate baterako, Zarautzen. Arkamurka Natur Taldeak desegokitzat jo du Zarauzko hondartzan Jaizkibelgo hondarra bota izana. «Zarauzko hondartza berezia da bere osaeragatik, ehuneko zati handi bat bizidunen oskolez osaturikoa da, eta horrek ez du zerikusirik bota berri duten mineral zatiz osaturiko beste hondar aleekin. Forma ere ezberdina dute, hondar berria borobila baita». Neurrian ere ez dira erabat berdinak, ale handiago eta txikiago asko baitaude, eta kolorez ere ezberdinak dira, Jaizkibelgo hondarra grisa baita. Arkamurkaren ustez, «kalteak neurtzea zaila bada ere, asko dira premiarik gabe arriskuan jarri diren hondartzaren ezaugarriak: haren malda alda daiteke, paseatzeko hain erosoa zen gunea moldatuz; hondar-guneak eta tontorrak formaz alda daitezke eta ikusteko dago hainbat erabilerari nola eragingo dien: surfari, futbolari... Gainera, ekarritako hondarraren tamaina txikiko zatiek ura zikintzen dute eta hautsa sortzen hondar lehorrean».

Arkamurka kexu azaldu da erabakia hartzeko moduaz. Salatu du herritarrei galdetu gabe eta «kontrastatutako iritzi teknikorik gabe» hartu dela erabakia. Arkamurka taldea biologoz osatutako elkarte bat izanik, harridura azaldu du inork ez dielako galderarik egin gaiari buruz. Aitziber Sarobe taldeko kideak adierazi du bi aldiz saiatu direla udalean informazio lortzen eta harremanetan jartzen gaiaz hitz egiteko, eta oraingoz ez dutela lortu.

Zarauzko Udalak ohar baten bidez jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin aztertu zuela hondarra botatzearen eragin ekologikoa: «Aldundiak udalari jakinarazi zion ez zuela inolako kalte ekologikorik, eta Kosta Ministerioak, berriz, kalitate, osasun eta ingurumen aldetik bermeak eman zituen». Horregatik baimendu zuen hondartzara Jaizkibelgo hondarra botatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ukatu du gai honetan esku hartu izana. Gai honetan eskumenik ez duela gogoratu du diputazioak, eta Ingurumen Ministeriotik informazioa jaso duela aitortu badu ere, ukatu du bazekiela hondartzetan bota behar zuten hondar berria Jaizkibelgoa zela. «Hondarra Asabaratzakoa zelako jakinarazpen ofizialik ez dugu jaso ministeriotik». Bestetik, diputazioaren iturriek adierazi dute erakunde horrek ez duela inolako baimenik eman halako operazioak egiteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA