Maratila. Xabier Etxaniz Rojo

Ekialdeko erregeei

2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Aurten oso txintxoa izan naizenez, hiru gauza eskatuko dizkizuet. Lehenengoa: lotsa sentitzeko gaitasun apur bat. Bigarrena: botila bat duintasun. Eta hirugarrena: ausardia tanta batzuk. Agian gauza gehiegi dira, baina zin egiten dizuet ezen eskatutakoak ez direla niretzat, ezpada aipatutako gauzetan oso eskas dabiltzan lagun batzuentzat. Hain zuzen ere, Urtezahar-gauan ETBn Badator dos-mil-once programatu zutenentzat.

Bai, badakit hamabi kanpaiak zuzenean ematea oso garestia dela. Haurra naiz baina ez naiz leloa. Eta badakit gure telebistatxoa ezin dela Espainiako telebista publiko zein pribatuen kontra borrokatu. Areago: badakit, audientziari dagokionez, gure txoritxoaren jabeek —oraingoek zein aurrekoek— galdutzat ematen dutela urtezahar gaua, eta horrexegatik eskaintzen digutela, urtero-urtero, bi aste lehenago grabatutako pantomima bat.

Eta nik nire buruari galdetzen diot: ezin badute lehiatu, garestia bada, dirurik ez badute, eta audientzia bost axola bazaie, zergatik eskaintzen digute kaka mokordo ikaragarri bat? Zer trauma mota dute Espainiako telebisten kopiarik kaskarrena izan nahi izateko?

Izan dezatela lotsa eta duintasun apur bat eta ausart daitezela ezer ez egiten, kate tematikoek egiten duten bezala. Ezer ez egitea ikuslea tontotzat hartzea baino hobea baita.

Badakit arraroa dela eskatutakoa, baina are arraroagoa zen mirra, eta azkar asko eskuratu zenuten...

Adeitasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.