EKOGRAFIAK. Inoren izenean

Asier Sarasola.
2007ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Iragan berri da gay eta lesbianen nazioarteko eguna. Madrilen, hiriburu espainiarrean. Gallardon alkate dela eta PPren gehiengo absolutua nabarmen oso izan den probintzian. Zapateroren gobernuak ezkontzari buruzko legediak egokitu ostean. Batak hala besteak erabili ahal izango dute beraz, dirudienez, gobernuburu izateko norgehiagoka izaten denean. Tarte berezia eskaini nahi izan zion Cuatro kateko erreportaje programak, Callejeros-ek, hiriburuko hitzordua zela eta. Kalekoaz bainoago jardutera, etxekoaz eta etxekoez, ordea.

Zer esan zuten gurasoek jakin zutenean, nola egin? Galdera horren pean atariz atari eta solasean. Bizioa izango da, baina, horrela, etxean ikusten genituela eta hain egiten zaidala urruna, interesaren arabera erabili nahi zaituen lagunaren tankerakoa, ikusten ez dugun ahotsa elkarrizketatuarekiko, beldur izatera iritsi nintzen ez ote ziren handik SOS, adolescentes bainoago Nerabeak, alerta gorria den saioko psikologoa irtengo. Kalean egin litekeen galderarik ez zitzaien bururatuko saioko gidoilariei, arduratzeko moduko zer edo zer.

Madrilera iritsitakoen artean ordezkari poloniarrak genituen mediatikoenak. Ez da gutxiagorako. Jakingo duzue bertako agintariak zer asmorekin dabiltzan azkenaldian. Elizak zer esanik izango du gobernuaren norabidean, Wojtila aurrerakoia oso genuela esaten zutenak ere badira. Bestalde, nondik hartuko zuen izena Krakoviak? Kraka hobitik esatea ez liteke zilegi, baina neurriok ez dira urruti ibiliko.

Zer den eliza, aizue. Wojtila egin nahi dute santu orain, milioka pertsonaren audientzia izan zuen Robert Kubicka Formula 1eko gidariaren istripuan, pilotua onik ateratzea hark obratu mirakulua ote den ikertzen hasi baita Vatikanoa. Tele5 katearen emankizunean eman den ikusgarriena, esatarien hitzetan. Suntsipenaren estetikazaleak inondik ere, espikerrak. Eta santu egin nahi dute, eta istripua dela kausa, nolabait errepidean hiltzen direnen zaindari bilaka dadin edo, bera, Papamobilaren Aita hain zuzen. Hain justu, udara, errepide kotxez betetakoz bihurtuko denean. Oportunismoa ezingo diogu ukatu Ratzinger atzerakoiari. Zalantza dut ez ote den Formula 1eko gidari izena ala Chueca auzoko taberna bati egoki letorkiokeena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.