EKOGRAFIAK. Nazkaren okupazioa

Asier Sarasola.
2007ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Duela bi asteko Documentos TV-ek, egungo Irak asaldatuan oro ez dela bonba erakusten zigun, jatorri estatubatuarrekoa oro har den enpresen multzoak, okupazio militarraren babesean zer diru irabazten duen ikusten baikenuen. Nola irakiarren kapitala desbideratzen zen Texas aldera eta Texasko sozioen aldera, eta zenbateraino errentagarria egiten zitzaien herrialde arabiarrak bizi duen egoera kaotikoa.

Astelehenean, Cuatrokoek, Jon Sistiagak AEBetako tropekin egun batzuk Iraken egin zituela eskaini zuten prime-time-an. Sarjentu jauna, nora ari gara tiroka? zuen izena kazetariaren erreportajeak. Basamortuan galdutako orratza jotzeko gai diren misilak omen dituen ejerzitoko soldaduaren hitzak genituzke izenburukoak. AEBetako tanke baten tiroz Sistiagaren lankidea hiltzea gogoraraziz, eta haien ezjakintasunaz trufatzen bezala, baina tartean hiltzen direnetaz barre egiten. Eta tartean hiltzen diren horiek, soldaduak dira batzuetan (izenburuko galdera izuz beterik egin dezaketenak), baina gehienean, arestian seinalatutako enpresen espolioa pairatzen duen irakiar herritarra da. Sunia eta xiita.

Soldaduen kanpamenduetan falta ez ziren hanburgesa jatetxetako langile nepaldarrak eta tailandiarrak ezagutzen genituen halaber. Lanesku merkea inondik ere. Milaka langile zegoela soldaduen zerbitzura Iraken aipatzen zuen Sistiagak, armadunak baino gehiago zirela, gainera. Etxetik aldegin behar izan zuten irakiarren etxebizitzetan atseden hartzen ageri zitzaizkigun soldaduak, patruilatzera atera ziren batean, eta balen aurkako txalekoa soinean kontatzen zigun guztia kazetariak. Inoiz tirokatzen ez zuen Gaiztoari leihotik apuntatzen jartzen ziren halakoan soldaduak. Onak zirela eurak, Gaiztoak; besteak, Al Kaedako oro, hori aditzen genion instruktore bati. Noiztenka ematen ziren tiroketak itxaroten zituzten, adrenalina etengabe aipatuz. Baina docu-reality-en kontakizunarekin antzekoegia zen Sistiagaren lana. Hain zen informazio ez ziren iruzkin bortitzez betea.

Edonola, hauteskunde klabean uler daitekeen kasualitatea, PSOE inguruko telebista bietan gaiarekin tematze hau. Batak zein besteak, irakiarren biziezina, okupazioari begiratuz azaltzeagatik, eta PP begipuntuan hartuta. Nazka.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.