4 pertsonarentzako osagaiak:
Kilo 1 onddo
Ahate gibel freskoa, 4 xerra(90 g bakoitza)
4 arrautza
Kopatxo 1 Porto ardo
2 baratxuri ale
Gatza
Piper beltz hautsa
Txorrotada 1 oliba olio
Ozpina
Onddoak labeanfoiearekin eta arrautza galdarraztatuekin
Garai honetako platerik preziatuenetako bat izango dugu gaurkoa. Komeni da onddo mardulak eta kalitatezkoak erabiltzea. Eta, nola ez, zortea izanez gero, norberak bildutakoak hobe!Labea 200 gradutan berotzen jarri. Onddoak garbitu eta xafla finetan moztu. Labeko erretilu batean ipini, gatz pitin bat bota, oliba olio txorrotada eta baratxuri aleak xehetuta gehitu. Labean sartu eta bost minutuz eduki onddoak gorritu arte.
Bitartean, lapiko batean ura eta txorrotada bat ozpin berotzen jarri irakin arte. Ondoren, arrautza bat hartu ireki eta zuzenean uretara bota, zartaginean frijituko bagenu bezala. Pare bat minutu pasa ondoren, arrautza zuritu dela ikusiko dugu. Orduan, ontzi batera aterako dugu. Lan berbera egin gainontzeko arrautzekin.
Zartagin bat sutan ipini, oliorik gabe. Beroa dagoenean, ahate gibel xerrak bertara bota, eta piper beltz hautsa eta gatz pitin bat gehitu. Minutu bat pasa ondoren, xerrei buelta eman eta alde hori ere gatz eta piper hautsez hornitu. Beste minutu bat eduki, eta atera sukaldeko paperez estalitako plater batera. Gibelaren koipea paperean geldituko da horrela. Sua moteldu, eta zartaginean gelditu den koipea kendu (urarekin garbitu gabe). Kopa bat Porto ardo bota zartaginera eta bertan saltsa iluna lortuko dugu.
Mahaira zerbitzatzeko, lau plater erabiliko ditugu. Plater bakoitzean, onddoak bueltan ipini, gibel xerra bana erdian eta galdarraztutako arrautzak gibelen gainean. Bukatzeko, koilara baten laguntzaz, Porto saltsa pixka batez bustiko ditugu osagai guztiak.On egin!