Iker Markinezek urraburua oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Urraburu bat Lekak, 100 g Kalabazin erdia Piper gorri bat Piper berde bat Tipula erdia Baratxuriak, bi ale Ozpina Gatza Kaiena piperra
Arrandegian erditik moztuta erosiko dugu urraburua, bi xolomotan irekita, goitik behera. Bi xolomoak hiru zati egin, eta puska bakoitza erditik zatitu.
Barazki panaxea prestatzeko, kontuan hartu bi berezitasun dituela. Alde batetik, barazkiak multzoka prestatzen dira, bakoitzaren egosteko puntua errespetatuz, eta, bestetik, bukaerara arte ez dira barazki guztiak elkartu behar; bukaeran elkartu, eta, ahal bada, inolako saltsarik gabe. Sinplea da zergatia: jatean, gehiago nabarmenduko dugu egindako lana, eta barazki bakoitzaren zapore berezia eta freskotasuna.
Barazki guztiak garbitu eta denak juliana eran moztu; ahal dela, denak neurri berean. Moztu eta gero, barazki mota bakoitza erretilu batean gorde. Lapiko bat urez bete, gatza bota, eta, irakiten hastean, lekak egosiko ditugu, 5-6 minutuz, une oro ura irakiten ari dela. Lekak atera eta hoztu.
Ura irakiten ari dela, kalabazin puskatxoak bota. Hiru minutuz egosi, atera, eta hoztu. Ondoren, zartagin bat hartu eta oliba olio txorrotada txiki bat bota. Piper gorria bota, eta erregosi, 4-5 minutuz. Dena plater batetara atera. Gauza berbera egin piper berdearekin eta tipularekin.
Plantxa sutan jarri, oliorik gabe, eta, ondo berotuta dagoenean, urraburu pusketatxoak bota. Adi, azala plantxaren kontra jarri. Sua indar ertainera jaitsi, eta, pazientzia handiz, ez ukitu zortzi bat minutuz, gutxi gorabehera. Ez bota oliorik. Gatz pitin bat bakarrik bota. Ondoren, espatula baten laguntzaz, buelta eman, eta azala erabat txigortuta daukala ikusiko dugu. Plantxa itzali, eta oliba olio txorrotada fin bat bota urraburuaren gainean.
Zartagin zabal bat hartu, olio pixka bat jarri, eta baratxuri txikituak bertara bota, baita kaiena puska bat ere. Kolore pixka bat hartzen dutenean, barazki guztiak, denak batera, zartaginera bota, eta sua bizitu. Utzi hor bi minutuz, eta barazkiak nahastu.
Azkenik, ozpin pixka bat bota. Plateretan banatu barazkiak, eta plantxan ditugun urraburu puskak barazkien gainean edo bueltan-bueltan jarri, azala gora begira dutela.