Iker Markinezek Nafarroako pikillo piperrak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
24 pikillo piper, erreak edo kontserbakoak Zapo txiki bat Bexamela egiteko: Tipula bat Oliba olio birjina Gurina Porru bat Lau koilarakada irin Baserriko esnea, hiru laurden Piper krema egiteko: Porrua Tipula eta pikillo piper hautsiak edo freskoak Esne gaina, basokada bat Arrain salda Piper hauts beltza Gatza
Gaurko plater goxoa bi egunetan prestatuko dugu, errazago egiteko. Bexamela prestatzen hasiko gara lehenengo egunean. Horretarako, tipula eta porrua zuritu, zati txikietan moztu, eta lapiko batean berotzen jarri, oliba-olio txorrotada batekin eta gurin koilarakada batekin. Bertan erregosi barazkiak, 30 bat minutuz, gatz pixka batekin. Lau koilarakada irin gehitu, nahastu, eta, pixka bat egosten eduki ondoren, esnea gehituz joan, poliki-poliki, guztia bukatu arte —esnea aurrez berotuta badago, hobe—. Ondo nahastu, eta bexamel krematsua lortuko dugu.
Zapoari haragi xolomoak kendu. Zapo xolomotxoak eskuz ongi xehatu, eta zartagin batean oliba-olio txorrotada batekin su oso motelean eduki, bost–zazpi minutuz, taparekin estalita. Gatz pixka bat gehitu. Ondoren, bexamelaren lapikora bota, eta ondo nahastu. Beste bost minutuz sutan eduki, eta bexamela hurrengo egunera arte hozkailuan gorde. Hotz egotea komeni da.
Zapoaren azala, burua eta hezurra lapiko batean ura irakiten ari dela egosi, hamar bat minutuz. Salda hori ere gorde.
Bigarren egunean, pikillo piperrekin hasiko gara. Guk erabiliko ditugun pikillo piperrak freskoak eta aurrez etxean erretakoak izango dira. Dena den, kontserbakoak ere erabil ditzakegu. Piperrak hartu, eta, banan-banan, aurreko egunean prestatua dugun zapo bexamelaz bete, koilara txiki baten laguntzaz. Labeko erretiluan jarri, bata bestearen ondoan, eta oliba-olio txorrotada fin bat bota gainetik.
Ondoren, piper gorri krema prestatuko dugu. Horretarako, barazkiak laukitxoetan moztu. Oliba txorrotada txiki bat bota lapiko batera, bertan pikillo piperrak jarri, eta bost bat minutuz erregosi. Ondoren, aurreko egunean egina dugun arrain saldatik kazokada bat gehitu, eta esne gain basokada bat ere bai, piper hauts eta gatz pitin batekin. Guztia su motelean eduki hamar minutuz, erregosi, eta guztia turmisetik edo txinotik pasatu.
Azkenik, labea berotu eta piperren erretilua labean sartu. Barruan bost bat minutuz eduki; gehiago ez. Azkenik, piper beteak plateretan banatu, eta gainetik piper kremarekin ondo busti.
On egin!